Aspaldi-aspalditik, Madrildik —eta estatuko beste toki batzuetatik— dozenaka lagun joaten dira Bilbora urtero, parte hartu nahian euskal presoei gaur egun ukatzen zaizkien askatasunaren eta eskubideen alde egin ohi den mobilizazioan. Aurten, pandemia dela kausa, autobusa ezingo da abiatu, eta, beraz, ezingo da parte hartu Euskal Herriko berrehun herritan baino gehiagotan egingo diren mobilizazio deszentralizatuetan.
Madril estatuko hiriburua izateak eta estatuko erakunde nagusiak—judizialak eta segurtasun arlokoak barne— bertan egoteak kutsu negatiboa eman dio hiriari, euskal populuaren borrokan esan nahi duen guztiagatik. Eta Ebrotik hegoalderako komunikabideetan «iritzi argitaratuak» zabaltzen duen «pentsaera bakarrak» are gehiago indartzen du ikuspegi jakin hori: «Madrildik ez da etorriko ezer onik» dioen ikuspegia, hain zuzen.
Ebroren alde batean zein bestean dugu errealitatearen ikuspuntu desitxuratu hori; izan ere, hegoaldean gaudenoi iritzi jakin bat ematen digu gutaz, eta iritzi hori ez dator bat egiatan sentitzen eta pentsatzen dugunarekin.
Gutxienez hamarkada batzuk-batzuk baditu Madrilgo herriaren eta Euskal Herriaren arteko konplizitateak; antifrankismoan hainbat borroka batu ziren zapalkuntzaren kontra eta herrien eskubideen alde, eta halaxe gertatu zen funtsezko bolada eta gertakari batzuetan, hala nola Burgosko Prozesuan, Francok agindutako azken fusilamenduetan eta trantsizioaren minean.
Garaia aldatu zen, eta harekin batera inguruabarrak, baina elkartasuna, nahiz eta apalduz joan zen, hortxe egon zen beste hainbat kasutan, Estatuak euskal populuaren eskubideak zangopilatzen zituenean; esaterako, 18/98 sumarioan eta Egunkaria-ren auzian —ondo ezagutzen ditudalako aipatu ditut kasuok, badira askoz ere gehiago, jakina—.
Euskal Herriko indarkeria ekintzen jatorria politikoa zela onartuta, Elkarri/Lokarrik tailer bat izan zuen Madrilen ere, bakearen eta elkarrizketaren alde, eta tailer horrek dibulgazio lan handia egin zuen. Eta, seguru asko, ez da asko zabaldu manifestari gehienek bi lelo hauek oihukatu zituztela 2007ko urtarrilaren 13an Madrilen egindako manifestazioan, ETAk T4 aireportu terminalean atentatua egin eta gero: Zapatero, ez zaude bakarrik, gogoan baitzuten nolako erasoak egin zitzaizkion gobernuburuari ETArekin hitz egiteko prozesuari ekiteagatik; eta ETA, horrela ez, sinbolismo handiko leloa, bistan denez.Manifestazio hartan, 3.000 itsasgarri banatu zituzten «Bakearen eta elkarrizketaren alde, nire izenean, bai» ziotenak, eta jendeak eskuetatik kentzen zizkien banatzen ziharduten aktibistei.
Madrilen, estatuko beste toki batzuetan bezala, askok pentsatzen dugu Estatuak ez duela (ia) ezer egin distentsioaren eta bizikidetzaren alde, ETAk ekintzak baztertu, armak utzi eta bere burua desegin zuenetik, eta bederatzi urte pasatu dira. Are gehiago: Estatuak probokaziora jo du gehienbat, atentatua-erantzuna dinamikara itzuli nahian, etekin handiak eman baitzizkion. Eta askok uste dugu salbuespenezko espetxe politikak, bidegabea eta legearen kontrakoa izateaz gainera, mehatxua eta eskarmentua dituela helburu, presoen kontra ez ezik, baita haien familien eta ingurukoen kontra ere, haur motxiladunak barne. Batere zerikusirik ez, hortaz, beste herrialde batzuetan aspaldi ez dela izandako bake eta normalizazio prozesuekin! Hemen, kontua ez da Estatuak ez duela parte hartu nahi izan, baizik eta prozesua zartarazi nahi izan duela, eta denok ditugu gogoan kasu horiek.
Informazioaren blokeoagatik, herritarrek ez dakite zer-nolako solasaldiak izan dituzten alde bateko eta besteko biktimek normalizazioaren alde, eta solas horiek Madrilen ere egin direla. Eta Madrilen ez da jakinarazi erakundeek, halako batean, ekitaldi bat egin dutela Mikel Zabalzaren estatu hilketa gaitzesteko, torturaz eginiko estatu hilketa hura gaitzesteko —35 urte berandu, hainbeste berandutzeko zuribiderik gabe—.
Beldurra diete herritarrei eta haien sentimenduei, eta, halako gaien gaineko inkesta objektibo bat egingo balitz, ezustea hartuko lukete seguru asko. Tira: beharbada egingo dituzte halakoak aldian-aldian, baina nahiago dute halakorik ez argitaratu, monarkiaren gaiarekin gertatzen den bezala, ez baitira ausartzen galdetzen eta jasotako iritzia argitara ematen.
Ez dira garairik onenak, eta presioa handia da oso, baina ahal dugun guztia egiten segituko dugu beste herri batzuen eskubideen aldeko borroketan laguntzeko: euskaldunei, katalanei, palestinarrei, sahararrei... Aldi berean, gure eskubideen aldeko borrokan segituko dugu, ez baitira gutxi. Baldintzapen guztiak gorabehera, eta gure hanka sartze guztiak gorabehera, 2015ean argi geratu zen eskuina bidal zitekeela Madrilgo hiriko udaletik, eta horrek erakusten du beharbada ez garela pentsarazten diguten bezain itxiak eta eskuindarrak.
(Erredakzioan itzulia)
Euskal presoenganako elkartasuna Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu