Euskal Pirinioak: garapena eta kohesioa

Maite Iturre eta Daniel Olzomendi
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gaur egun, Euskal Herria da munduko lurralderik aberatsenetakoa, baina bere eremu zabal batek nekez ezagutzen du aberastasun horrek dakarren ongizaterik.

Adibidez, «landa eremua» deitzen dugun zati handi bateko erakundeek eta herritarrek zailtasun handiak dituzte eguneroko bizimodua eremu urbanoetan bezala egiteko: lana aurkitzeko, lantokira iristeko, edota eskola zein osasun zerbitzuak eskura izateko.

Udalbiltzak —Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak— Euskal Herria kohesionatzen, lurralde eta esparru batzuk biziberritzen eta gure Herri hau orekatuz joan nahi du.

Besteak beste, horretarako sortu zen, 1999an. Bilbon egindako batzarrean onartutako bost printzipioetatik bat, Euskal Herriaren eraikuntza bultzatzea izan zen.

Udalbiltzak 2002an Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu zuen. Haren egitekoen artean dago nazio garapena sustatu eta bazterketa instituzionala duten lurralde eremuetara elkartasuna bideratzea.

Instituzioaren hamar urteko etenaldi behartuaren ondoren, 2013ko martxoaren 2an egindako batzar nagusian Garapen eta Kohesio Fondoa berriro abian jartzea erabaki genuen udalbiltzakideok.

Fondoaren barruan ere, tokiko eta mugaz gaindiko politikak azpimarratuko ditugu. Izan ere, gabezia eta ahulezia nabarmenak daude, eta hor jarri nahi dugu indarra.

Esate baterako, Euskal Pirinioetan.

Garapena

Euskal Herriko lurralde eremuaren zati handi bat landa eremutzat har daiteke, eta, hain justu, Euskal Pirinioetako udalerriak dira bazterketa egoerarik larrienean bizi direnak.

Handiak baitira arazoak:

—Distantziak. Euskal Pirinioetako udalerriak euren hiriburu administratibotik urrun daude. Oro har, distantziak 60 kilometrotik gorakoak dira. Eta ikastetxera, ospitalera edo oinarrizko zerbitzuetara iristeko distantziak ere oso handiak dira. Egoera are larriagoa gertatzen da gaixo kronikoen kasuan. Euskaraz eskolatu nahi duten ume edo euskaltegira joan nahi duten helduen kasua ere latza da.

—Biztanleria. Ia udalerri guztiek biztanleria galdu dute. Gero eta jende gutxiago bizi da. Era berean, gero eta zaharragoa da Euskal Pirinioen eremua. Beraz, biztanleria txikia eta zahartze tasa altua aintzat hartuta, han dago gaur egun Euskal Herrian etorkizun demografiko iluneneko herrien kontzentraziorik handiena.

—Ekonomia. Alor ekonomikoan, lehen sektoreko jarduerek indarra dute —nekazaritzak, basogintzak eta abeltzaintzak—, batez bestekoaren gainetik daude nabarmen, eta Euskal Pirinioen ezaugarri ekonomiko nagusia osatzen dute. Halaber, indartsua da ostalaritza eta turismoa oinarri duen zerbitzuen sektorea. Aldiz, industria edota eraikuntza arloak txikiak dira. Azpimarratzekoa da langile autonomoen tasa handia ere, Euskal Herriko batez bestekoaren oso gainetik baitago. Autonomo asko egoteak agerian jartzen du enplegu ugarik duen babes maila txikia.

Ondorioz, larria da Euskal Pirinioen egoera. Administrazio nagusiek ez dute interes handirik bere garapena sustatzeko. Aplikatzen diren politikek eskualdeko komunitate iraupena eta euskal identitatea auzitan jartzen dituzte.

Bere gainbeherak, alderdi ekonomiko eta sozialak izateaz gain, baditu osagai politiko eta administratiboak ere.

Hala ere, Euskal Pirinioek bizirik jarraitzen dute, landa eremuko edo mendialdeko beste zona batzuek bezala, guztietan ere hango udal, kontzeju, batzar, elkarte edota herritarren grinari esker. Biharko eguna beltz dago, ordea.

Euskal Herrian lurralde bazterketarik handiena nozitzen duen eskualdea izateagatik abiatu du Udalbiltzak Fondoaren tokiko garapeneko lehen egitasmoa Euskal Pirinioetan, hango instituzio, eragile eta herritarrekin batera. Nafarroa Garaiko, Baxenabarreko eta Zuberoako 103 udalerri hautatu ditugu denon artean.

Etorkizun hobe bat izateko lan egitera goaz, eta funtsezkoa izango da bat eginda aritzea.

Kohesioa

Pirinioetako egitasmo honek, garapenaz gain, badu beste balio garrantzitsu bat: kohesioa.

Arestian aipatu bezala, mugaz gaindikoa da, Hego nahiz Ipar Euskal Herrikoa. Proiektuaren eremuko 103 udalerrietatik 34 Hegoaldekoak dira (Nafarroa Garaikoak), eta 69 Iparraldekoak (Baxenabarrekoak eta Zuberoakoak). «Euskal Herria nazio bat da, baina ez du estaturik, eta Herri desegituratu bat da. Indarrean dauden ordenamendu juridikoek gure lurraldea eta herritarrak bereizten dituzte. Horrek Euskal Herriaren desorekak eta nazio garapenerako trabak eragiten ditu» idatzi zuen orri hauetan duela hilabete batzuk Sabin Kortabitarte Udalbiltzaren Garapen eta Kohesio Fondoaren aditu sareko kideak. Lurralde kohesioa dugu xedeetako.

Instituzioak, eragileak eta herritarrak elkarrekin harremanean eta elkarlanean ipiniko ditu Pirinioetako egitasmoak. Jakinarazia dugun moduan, Udalbiltzak orain Eragin (jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa), Elgarrekin (saretze programa) eta Garapen soziala (egitasmo sozialak sustatzeko programa) deialdiak abian ditu, hogei programa laguntzeko —hurrengo hilabeteetan aterako ditugu Nazio auzolanerako deiadarra eta Pirinioak sendotzen—, eta horiekin guztiekin askotariko eragileen arteko uztartzea erdiesten joateko aukera ona izango dugu. Kohesio soziala ere badugulako xede.

Zeharkakoa edo transbertsala ere bada proiektu hau. Asteotan frogatu denez, askotariko eragileak batu dira, sozialki edo politikoki ideologia desberdinekoak. Euskal Herria aintzat hartzea da gakoa, kohesionatuta gure Herriaren onurarako lanean jardutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.