Hartzaren larrua ehizatu aurretik saltzen denean horrelakoak gertatzeko arriskua dago. Eta tamalez, beste behin, gertatu zaigu. Mexikon, uztailaren 29an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren batzarrean gertatutakoari buruz ari natzaizue.
EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioak egindako eskaera aztertu eta bozkatzeko, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra antolatu zuen Mexikon pasa den 29rako. Gai zerrendan, bi puntu zeuden aurreikusita, lehena, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuen puntu baten aldaketa EEPFak egindako eskaera bozkatu ahal izateko, eta, bigarrena, eskaera hori onartzen zen ala ez jakiteko bazkideen artean bozketa egitea.
Baina denok dakigun bezala, Nazioarteko Federazioan zatiketa eragozteko eta pilotaren mundua batuta mantentzeko (hori zioen Xavier Cazaubon presidenteak), batzarrera etorri ziren hamabi herrialdeetako ordezkariek aho batez zuzendaritza kontseiluak aurkeztutako idatzi bat onartu zuten, eta, ondorioz, Nazioarteko Federazioaren batzarren ezin izan ziren aipatu bi puntu horiek bozkatu. Gaitz erdi!, zeren, dirudienez, bozkatu izan baziren orain beste egoera okerrago batean egongo gineteke.
Gauzak horrela, oraingoz, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa ez dago Nazioarteko Pilota Federazioaren barruan, alegia, ez da bazkide, eta, ondorioz, euskal pilota selekzioa ez da ofiziala izango nazioartean gutxienez beste batzar berri bat egin bitartean. Eta oraingoz ez da ezagutzen noiz izan daitekeen, zurrumurru batzuk 2024ko udazkena aipatzen badute ere.
Uztailaren 29ko batzarraren inguruan asko idatzi eta hitz egin da. Aurretik, euskal pilota selekzioa ofizialtasuna lortzeko aukera paregabe baten aurrean egon zitekeelako, besteak beste, orain arte egindako beste bi eskaerekin alderatuta, oraingoan Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak berak antolatutako batzarra zelako, horrek eduki zezakeen esanahi guztiarekin, besteak beste, (Argentina,Frantzia, Mexiko...) federazioen babesarekin antolatzen zelako. Eta batzarraren ondoren, aukera hori ezin izan zelako aprobetxatu, eta beste behin ofizialtasun horrek amets izaten jarraitu beharko duelako. Eta nork daki noiz arte, gainera.
Horregatik, orain, gertatutakotik ikasi eta aurrera nola egin da gelditzen zaigun erronka. Hasteko, badakigu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa oraingoz eta Cazaubon presidenteak hartutako azken erabakiaren ondorioz deseginda dagoela, soilik presidenteak eta beste hiru kidek jarraitzen dutelako. Ikusi egin behar aurrerantzean nola osatzen duen Cazaubon presidenteak batzorde zuzendaritza, eta gure eskaerak zein ibilbide egin behar ote duen bozketara iritsi ahal izateko.
Hala ere, argi eduki beharko litzatekeena da hemendik aurrera ezin dugula orain arte bezala dena beste batzuen eskuetan utzi, eta estrategia gisa plangintza eta herrigintza oinarri hartuta, euskal pilota munduari (euskal federazioei, klubei, pilotarien kolektiboei...), guztioi dagokigula zeregin horretan zintzo aritzea eta egoera hau ondo kudeatzea.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan azken egun hauetan ikusten ari garenak eta presidenteak dioenak itxaropentsu egoteko motiboak ematen ditu. Gainera, jakin berri dugu Espainiako presidenteak ere, Pedro Sanchezek, adierazi duela prest dagoela Kataluniari zein Euskadiri nazioartean ofizialki aritzeko aukerari ateak irekitzen laguntzeko. Baina, hala ere, zuhurtziaz hartu behar ditugu horrelako adierazpenak, are gehiago, hauteskunde ondoren eta gobernua osatzeko ari diren boto trukaketan oinarritzen direnean.
Beraz, lanean jarraitu beharra dago. Eta badakit errazena iritzia ematea dela, nire kasuan bezala, baina ikuspegi xume batetik eta ekarpen gisa, uste dut lokartzea ez zaigula komeni. Ikusi baino ez Espainiako Pilota Federazioko agintariek eta beraien «akolitoek» zer jarrera duten euskal pilota selekzioaren ofizialtasunarekiko. Eta Madrilen onartu berria den Espainiako kirol Legea ofizialtasun hori lortzeko lagungarri izan daitekeen arren, ezin ahaztu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa osatzen duten bazkideek dutela sarrerako giltza. Horregatik, nire ustetan, estrategia gisa, lehentasuna beraiekin harremanak sortzea eta sakontzea izan beharko luke, finean, gu bazkide izateak, etorkizunean, euskal pilotaren onura ekarriko lukeelako.
Eta orduan bai, ofizialtasuna lortu ondoren, nahi izanez gero hasi gintezke lorpenez gozatzen eta bakoitzak bere lepotik nahi ditugun medailak zintzilikatzen. Eta ez aurretik, batzuk egin zuten modura.
Bitartean, orain arte bezala, elkarlanean jarraitu beharrean gaude, hori delako, besteak beste, helburuak lortzeko biderik egokiena eta zuzenena.
Ea ba 1990ean Kuban Munduko eusko pilota txapelketan hasitako borrokak, behingoz, helburua lortzen duen.
Gora Euskal Herriko pilota selekzioa!
Euskal pilota selekzioa. Eta orain zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu