Martxel Toledo Garmendia.
ESAITeko kide ohia eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduko kidea

Euskal pilota selekzioa: atzerapausorik ez!

2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (NEPF) abenduaren 28an Iruñean egindako batzarrean erabaki zuen Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) bazkide izateko egindako eskaera onartzea. Eta ondorioz, erabaki horrek gure euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna onartzea dakar. Eta horrek sutan jarri ditu gure betiko etsaiak. Eta, gezurra eta manipulazioa erabiliz, beraiekiko prentsa eskuindarra lagun hartuta, ikusi baino ez dago noraino iritsi nahi duten; alegia, NEPFk batzarrean onartu zuen erabaki demokratiko bat bertan behera uzteraino. Eta horretarako, ahalegin guztiak egiten aritu dira azken hilabeteetan. Urtarrilaren hasieran, Espainiako Pilota Federazioak, Kubako Pilota Federazioarekin batera, Nazioarteko Kirol Auzitegi Gorenak (TAS) Suitzan duen egoitzan, Nazioarteko eta Euskadiko euskal pilota federazioak demandatu ditu salaketa baten bitartez. Eta jarrera horrek argi erakusten du ez daudela prest beraiek Madrilgo Kongresuan hartutako erabakiak errespetatzeko.   

Ofizialtasunaren bidean, euskal pilota selekzioaren aldarrikapenak, gurean, 30 urtetik gora daramatza. Kuban 1990ean jokatu zen Munduko Euskal Pilota Txapelketan eman zitzaion hasiera, eta orain arte, saiatu arren, ezin izan da lortu hainbat arrazoirengatik, baina batik bat borondate politiko faltagatik. Orain, zorionez, ametsaren zati bat lortu denean, betikoak hankaz gora jarri nahian dabiltza urrats txikienak ere oztopatuz. 

Lotsagarria eta penagarria da gertatzen ari dena. Pentsatu arren, ez nuen uste herri honi hainbeste gorroto ziotenik, are gutxiago kontuan izanda Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak hartutako erabakia pilota munduarentzat onuragarria baino ez dela, baita espainiarrak sentitzen direnentzat ere, eta, besteak beste, lehiakortasuna eta parte hartzearen aldetik euskal pilotarentzat aurrerapauso handia ekar dezakeela. 

Baina hori berdin zaie UPN eta PP alderdi eskuindarrei eta beraien jarraitzaileei, kirolaren gainetik helburua betikoa delako; alegia, Euskal Herriaren existentzia bera ukatzea. Horregatik ez dute onartzen euskal pilota selekzioak lortutako garaipen txiki hori, eta aurreko egoera berdinera itzuli nahi dute, alegia, ukazioan jarraitu nahi dute. Eta gero lotsarik gabe esango dute kirola eta politika ez direla nahasi behar. 

Berriro diot: Iruñean abenduaren 28an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bere batzarrean hartutako erabakia oso garrantzitsua da zentzu guztietatik begiratuta: kirol ikuspegik, euskal pilotarentzat oso ona delako, eta bestetik, nazio ikuspegitik begiratuta, gure herriarentzat aurrerapauso txiki bat ere badelako. 

Horregatik ezin dugu inondik inora atzerapausorik eman; alderantziz, aurrera eta denok batera eman behar ditugu. Alegia, Euskal Pilota Federazioaren gidaritzapean, klubek, pilotariek, pilotazaleek, hedabideek eta bestek aurrera egin behar dugu, besteak beste, orain arte lortutakoa guztion artean defendatzeko garaia delako. Behar dugulako eta merezi duelako. 

Alde horretatik, aipatu eta batik bat baloratu behar da azkenaldi honetan EEPFtik NEPFrekin batera egiten ari diren lan eskerga, maiatzean Markinan eta azaroan Bilbon jokatuko diren Nazioarteko Kopa txapelketei begira, eta, ondo bidean, zorionez, ezkerparetan lehengo aldiz, euskal pilota selekzio bat ikusteko aukera izango dugulako; alegia, beste nazio batzuen aurka ikurrinarekin lehiatzen. Bazen garaia!

Horregatik uste dut euskal pilotazaleok asko dugula jokoan eta ezin dugula atzerapausorik onartu, besteak beste, hainbeste urtetan aldarrikatu eta borrokatutako euskal pilota selekzio bat ikurrinarekin nazioarteko txapelketa ofizial batean lehian ikusiko dugulako laster, eta hori lorpen handia izango delako guztiontzat. 

Eta, agian horrek batzuei ezinegona eta tripako mina sortu arren, herri honek merezi duelako selekzio propio izatea, bai kirol mailan eta bai bereziki maite duen eta berea bezala sentitzen duen euskal pilotan. Ospa dezagun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.