Erretiratua

Euskal pentsamenduaren sorrera

2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Euskal pentsamendua sortzeko aldarrikapena egin zuen Lorea Agirrek BERRIAn 2024ko urriaren 10ean emandako elkarrizketan. Benetan gai sakon eta mamitsua da Jakin-ekozuzendariak planteatzen diguna eta, horregatik, nik ere gaiaz hausnartu nahi dut, errealitate konplexu hau osotasunean ulertzeko.

Lehenik eta behin, euskal pentsamendua zer den adierazten saiatuko naiz. Definizio teoriko eta filosofikoetan sartu gabe, Euskal Herriari eta euskaldunen errealitateari lotutako atal desberdinek eta atal horiei buruzko ikuspegiek osatzen dute, nire ustez, euskal pentsamendua deritzon hori. Oso multzo zabala da, beraz, eta, gaia kokatzen laguntzeko, euskal pentsamenduaz ari garenean aintzat hartu beharreko zenbait gai aipatuko ditut orain: Euskal Herrian herri gisa dugun errealitatea eta errealitate horri buruzko ikuspegi desberdinak, euskararen egoera,  kulturgintza, bakegintza, borroka armatuak eta polizien torturek euskal gizartean utzitako arrasto sakona, langileen egoera eta justizia soziala, hizkuntza eta kultura desberdinen arteko harremanak, etorkinen gertakariak euskal kulturari eta, oro har,  gizarteari planteatzen dizkion erronkak, bizi izan dugun sekularizazio azkarra, euskal elizaren errealitatea… Dudarik gabe, gehiago izango dira baina esandakoarekin, ene ustez, nahiko da, zertaz ari garen jakiteko.

Bigarrenik, euskal pentsamenduaren gaia osatzen duten atalak identifikatu ondoren, Loreak botatzen digun erronkari ekingo diot. Printzipioz, guztiz bat nator egiten duen euskal pentsamenduaren aldarrikapenarekin; hots, herri eta komunitate gisa garena geuk, geure esperientzia bitaletik abiatuta, kontatu behar dugula, beste batzuek beren ikuspegiaren arabera egin ez dezaten. Erabat zuzena da planteamendua, baina zer gertatzen da geroago praktikan? Pentsalarien artean irakurketa bat baino gehiago dagoela gure errealitatearen alderdi desberdinak kontatzeko orduan. Irakurketa desberdin horiek osatzen dute, nire ustez, euskal pentsamendua eta askotan hau dugu: euskal errealitateari buruzko ikuspegi bat defenditzen dutenei, haien iritzia irakurketa zuzen bakarra iruditzen zaie, eta ez dituzte euskaldunen errealitateari buruzko gainontzeko ikuspegiak onartzen. Beste horrenbeste gertatzen zaie Euskal Herriaren errealitatea aztertzean, kontrako ikuspegia defenditzen dutenei. 

Adibide batzuk ipiniko ditut, adierazi dudana argitzeko. Pentsalari eta intelektual zorrotzak ditugu Euskal Herrian gaur egun, herri eta komunitate gisa ditugun arazoen alde desberdinak aztertzeko orduan eta, inor gutxiesteko asmorik gabe, batzuk aipatuko ditut. Joxe Azurmendiren obrak (Demokratak eta biolentoak, Oraingo gazte eroak, Euskal Herria krisian…) ezinbesteko erreferentzia dira, ez bakarra, bakegintzaren gaia aztertzeko. Euskararen egoeraren gaia lantzeko, berriz, ezin ditugu Joxe Manuel Odriozolaren lanak (Euskalgintzaren lekukoak, Nora goaz euskalduntasun honekin…) aipatu gabe utzi. Euskararen egoerari eta euskalduntze-prozesuari buruz oso ikuspegi kritikoa eskaintzen digute, ikuspegi ofizialei darien baikortasunari kontra egiten diona, eta irakurtzea eta esaten dutena kontuan hartzea guztiz beharrezkoa iruditzen zait. Halaber, eta euskaldunen sektore batek errealitate hori aitortu nahi ez duen arren, badira, gaur egun kontrako ikuspegia defenditzen badute ere, euskal pentsamendua sortzeko bidean lan handia egin duten beste pentsalari batzuk, eta haiek ere Euskal Herrikoak dira. Jon Juaristi da haien adibide argi bat. Ezker abertzalearen kontrolpeko sektore batzuek errealitate horri uko egiten dioten arren, Juaristiren lanak (El bucle melancólico, Sacra némesis…) euskal pentsamenduaren atal inportantea dira eta haiek irakurtzea beharrezkoa da, gure herriari buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutzeko. Xabier Letek, Joxe Arregik eta Setienek, besteak beste, ordezkatzen duten kristau humanismo euskalduna ere oso pentsamendu inportantea dugu gaurko Euskal Herrian.

Bukatzeko, bi anekdota kontatuko ditut, euskal pentsamenduaren sorreran gauden egoeraren adierazle izan daitezkeenak: Nik, eta euskaldun askok seguru asko, amets bat izan nuen, inoiz ere konplitu ez zena: Joxe Azurmendiren eta Jose Maria Setienen arteko aurrez aurreko bat izatea. Goi mailako pentsalariak ziren biak —Joxe Azurmendik izaten jarraitzen du—, eta, Euskal Herriari eragiten dioten gai desberdinetan (euskara, bakegintza, marxismoa, langileen eskubideak, kooperatibismoa, euskal humanismoa…) jakintsu handiak zirenez, bien arteko eztabaida-saio bat interes handikoa izango zen. Setienen mundualdia, zoritxarrez, bukatu zen, eta euskaldunok ezin izan genuen amets hori bete. Nik ez dakit zergatik, baina euskal hedabide eta kulturgileak —erdal hedabideak ere ez seguru asko— horretan ez zirela gehiegi saiatu uste dut. Oker egon naiteke, baina nire iritzia da. 

Bigarren anekdota Angel Zelaietak BERRIAn 2021eko otsailaren 28an emandako elkarrizketan esan zituen hitzak dira. Honako hau galdetu zion kazetariak: «Garai haietako euskal kulturatik zer gordetzen duzu?». Hona hemen Zelaietaren erantzuna: «Jon Juaristirekin harremana mantentzen dut. Gizon berezia da, Madrilen bizi da egun, baina hitz egiten dugu batzuekin». Jon Juaristiz norberak nahi duena pentsatuko du, baina ez dut uste Angel Zelaietak euskal pentsamenduaren arloan egindako lana inork zalantzan jarriko duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.