Euskadiko Liburutegi Digitala (aurrerantzean ELD) ez da euskal liburutegi nazionala izango, ez soilik Iparraldeko eta Nafarroako funts bibliografikoak jasoko ez dituztelako. Ez. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko (Euskadiko) liburutegi nazionala ere ez da izango; batez ere, liburutegi nazional batek eduki beharko lituzkeen xedeak ez dauzkalako.
Euskal Liburutegi Nazionala sortzeko itxaropena galdu dut. Une batzuetan eduki badut ere, irudipenean soilik izan da. Jaurlaritzak inoiz ez baitu borondaterik izan erakunde hori sortzeko, eta hori agerian geratu da 2019an ELD abian jartzean.
Une horiek, hurrenez hurren, hauek izan dira: lehena, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen onarpena; baina lege horretan, soilik katalogo kolektiboari eta irakurketa sare publikoa antolatzeari ekin zitzaion.
Bigarrena, Euskadiko Liburutegiei buruzko 11/2007 Legearen onarpena. Legeak Euskadiko Liburutegiaren jaiotza iragartzen zuen, eta horrekin batera, erakunde horrek edukiko zituen funtzioak zehaztu zituen, besteak beste: Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin eta euskal kulturarekin erlazionatutakoak biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea; liburu eremuaren erakundeen arteko koordinazioa sustatzea; liburutegi eta dokumentu-teknikei buruzko ikerketen aitzindaria izatea; arauak eta gainerako dokumentazio-tresnak sortzea eta nazioartekoak egokitzea; Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru Euskadiko Liburutegia izendatzea...
Aitzitik, Jaurlaritzak lege hori eta haren funtzioak inoiz ez ditu indarrean jarri. Hori horrela izan arren, Liburutegi Nazionalaren sorrera eta garapena behin eta berriro iragarri izan ditu, honako egitasmo hauek abian jartzearekin batera: Ondarenet (2008. urtean), Liburuklik (2011. urtean), eLiburutegia-Euskal Liburutegi digitala (2014. urtean).
Egitasmo hauek guztiakaurrekonturik eta baliabide finkorik gabe aurrera eramaten saiatu ziren, eta horretarako, kanpoko enpresak kontratatu ziren, lan-prekaritatean oinarrituta. Jaio orduko agortzeko.
Kasu hauetan, Jaurlaritzak sortutako erakunde hauek ez dira Euskal Liburutegi Nazionala izan. Eta akats historikoa izan da Liburutegi Nazionala irakurketa sare publikoarekin edota katalogo kolektiboarekin parekatzea. Lehenak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eginkizuna betetzen du, eta bigarrenak, Euskal Herriko Katalogo Kolektiboa izatearena.
Azkenean, Euskal Liburutegi Nazionalaren proiektua ELD izaten bihurtu da 2019an. Beste artikulu batzuetan aipatu dudan bezala, ELDren sorrera, kasu batzuetarako, aurrerapauso handia izan bada ere (langile finkoak, aurrekontu jakin bat, egoitza fisikoa…), ezbairik gabe ezin da Euskal Liburutegi Nazionalaren ordezkoa izan. Aspaldi Joan Mari Torrealdaik adierazi zuen moduan, eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak defenditu eta argudiatu duen moduan ere, ELD Euskal Liburutegi Nazionalaren menpe egon beharko litzateke. ELDk Euskal Liburutegi Nazionalaren bi funtzio soilik beteko lituzke. Izan ere, Euskadiko Liburutegiei buruzko 11/2007 Legean ezinbesteko hamabi eginkizun zehaztu ziren, eta ELDk horietatik soilik bi eginkizun beteko lituzke.
ELDren proiektua soilik ekoizpen digitala jasotzera, kontserbatzera eta zabaltzera mugatzen denez, Jaurlaritza zulo berean erortzen ari da beti. Ez dut inondik inora ikusten Euskal Herrirako liburutegien eremuko planifikaziorik. Halaber, faltan sumatzen dut Euskadirako borondate politikoa eta lidergo sendoa, eta baita ezinbestekoak diren egoitza apropos bat eta giza baliabide egokiak ere. Azken batean, edozein herritako Liburutegi Nazionalentzako ezinbestekoak diren funtzioak betetzeko ausardia da faltan botatzendudana.
Honi buruz gehiago jakiteko eta gaia hobeto ulertzeko, Agurtzane Juanenak Jakin aldizkariaren 140. zenbakian idatzitako Biblioteka Nazionalaren ametsa XXI. mendean izeneko artikulua kontsulta dezakezue. Honatx bertan jasotako paragrafo bat: «Biblioteka digitalak biblioteka nagusi edo nazionalen atalak izan ohi dira, hainbat erakunderen arteko elkarlanean sortuak kasu batzuetan, baina biblioteka Nagusi baten gidaritzapean. Digitalak izateak ez du horien egitekoa errazten; aitzitik, arazo tekniko konplexuak konpondu behar dituzte».
Liburutegi Nazionala Euskal Herrian ezinbestekoa da euskal nazioa indartzeko, munduko edozein estaturekin parekatzeko. Euskal Herriak Nazio arima izatekotan, euskal identitatea zaindu behar dugu, euskal kulturari bere dimentsioa emanez. Liburutegi Nazionala edozein herritan kontzientzia nazionala berpizteko eta bermatzeko zutabea da. Zer dela eta daukagu hain abandonatua Euskadin eta Euskal Herrian? Batez ere, kontuan izanda jauzi hau ematea gure esku dagoela... ez beste eremu batzuetan bezala, futboleko selekzioaren kasuan bezala. Profesionalen ahulezian eta agintarien borondate faltan datza euskal kultur erakunde garrantzitsu horren gabezia. Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ulertezina da.
Euskal Liburutegi Nazionalari adio betiko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu