Euskal langileon agenda erdigunean jartzeko

2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Estatu Espainiarrean uztaileko hauteskundeek mapa argia utzi zuten. Hainbat alorretan inboluzioa lekarkeen eskuinaren eta ultraeskuinaren gobernuari atea ixtea pozgarria da, inolako zalantzarik gabe. Egun hauetan, PSOESumar gobernuaren inbestidura eta legegintzaldirako negoziazio betean daude, eta aritmetikak argi uzten du Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako indar politikoak ezinbestekoak izango direla gobernu aukera horri eusteko. Bada, aukera hori Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eratzeko urratsak egiteko baliatu behar da.

Estatutik inposatutako lan eta pentsio erreformei greba orokorrekin erantzun izan diegu. Negoziazio kolektiboaren zentralizazioari aurre egiten diogu gure eguneroko ekintza sindikalean. Horixe izan da orain egun gutxi funtzio publikoko grebetan ere entzun den aldarri nagusia, bertan erabaki nahi dugula. Estatu plurinazionalaren aitortza eta lurralde egituraketaren eztabaida presente izan dira gobernuarekiko negoziazioetan; testuinguru horretan ezinbestez hartu behar da aintzat euskal langileen gehiengoaren aldarrikapena: gure soldatak, lan baldintzak inolako esku hartzerik gabe bertan negoziatzeko dugun eskubidea.

Munduko eta zehazkiago Europako egoerak ez digu itxaropenerako arrazoi askorik ematen. Krisi sistemikoaren testuinguruan, ondasuna eta boterea esku gutxiagotan pilatzen ari dira; estatuen arteko eta estatu bakoitzaren baitako norgehiagoka areagotzen; gatazka zaharrak gordintzen eta berriak pizten. Eskuin muturra hedatzen.

Alta, badira korronte autoritario eta atzerakoi horren aurkako joerak, hala nola olatu feminista berria edota nazio desberdinetan garatzen ari diren burujabetza prozesuak, dagokien testuinguru politikoan indarrean diren baino parametro aurrerakoiagoetan, oro har. Ipar Irlandako bake prozesuaren 25. urteurrenaren harira sindikatu subiranisten topaketak egin berri ditugu Belfasten, hirugarrenak Bilbon eta Valentzian egindakoen ondotik. Nabarmena da 25 urte hauetansubiranismoak hartu duen indarra Irlandan bertan, Eskozian, Groenlandian, Faroen, Korsikan edota Katalunian.

Gurera etorrita, ezker independentismoa eremu desberdinetan eragiteko gaitasuna irabazten ari da. Aukera bat daukagu zabalik, zalantzarik gabe. Aukera zertarako baliatuko dugun eta, bereziki, norabide horretan zer egingo dugun da gakoa. Sindikalismoaren ikuspegitik erantzuna argia da: Hego Euskal Herrian Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko baliatu nahi dugu.

Azken urteotan errepikatu dugun bezala, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian bultzatu nahi ditugu, horretan ari gara. Jakina, estatu mailan lor daitezkeen hobekuntza soziolaboralak ongi etorriak izango dira eta, kontrara, etor litekeen edozein murrizketari aurre egingo dio sindikalismo independentistak. Baina, nagusiki, Hego Euskal Herrian lan harremanetarako eta babes sozialerako eredu propioa garatzeko dauden galgak eta oztopoak altxatzea da gure erronka.

Euskal lan kodea dugu helburu. Bide horretan, lehenik eta epe motzean, lan harremanen estatalizazio prozesuari muga jarri behar diogu; alegia, bertako lan hitzarmenek estatukoen gainetik lehentasuna izan dezaten lortu behar dugu. Borroka sindikalari esker urratsak egiten ari gara: bertako hitzarmenei lehentasuna emateko lanbide arteko akordioa sinatu genuen EAEn; Nafarroan esku hartze sozialeko lehen hitzarmena lortu genuen eta eskura dugu adineko egoitzetakoa; Gasteizko Michelineko langileek negoziazio esparru propioa sortzea erabaki berri dute, besteak beste.

Jauzia egiteko, estatuko negoziazio kolektiboari lehentasuna emanez 2010ean onartu zuten aldaketa bertan behera uztea lortu behar dugu. Era berean, negoziazio kolektiborako eskubide teorikoa izan bai baina horretarako biderik ez duten eremuetan ere, hala nola etxeko langileei dagokienean, zabaldu beharra dago bertako hitzarmenen aterkia. Eremu pribatuan bezala publikoan ere bertan negoziatzeko eskubidea lortu behar dugu, 2008ko krisiaren ondotik ezarritako mugapenak bertan behera utzita.

Babes sozialari dagokionez, bi dira egin litezkeen urratsak. Batetik, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumena EAEren esku uztea, Estatutuan aurreikusi bezala, eta Nafarroarentzat ere aukera hori irekitzea. Bestetik, EAEn eta Nafarroan 1.080 eurorainoko pentsioa bermatuko duen sistema publiko osagarria sortzeko aukera blindatzea. Urrats horien bidez, etorkizunean Euskal Gizarte Segurantza sortu ahal izateko baldintza hobeagoak izango genituzke.

Aipatutako gogoeta eta eskakizun horiek guztiak EH Bilduri eta EAJri helarazi dizkiegu bilera banatan. EH Bilduk begi onez hartu du LABen planteamendua eta elkarlanean aritzeko prestasuna adierazi. EAJ, aldiz, uzkur azaldu da berak kudeatzen duen Jaurlaritza interpelatzen duten auziekin, hala nola zerbitzu publikoetako lan baldintzak bertan negoziatzeko edota 1.080 eurorainoko pentsio osagarria ahalbidetzeko eskakizunaren aurrean.

Gauzak horrela, eremu politiko-instituzionala interpelatzen eta borroka sindikalaren bidez baldintza berriak sortzen jarraituko du LABek datozen aste eta hilabeteetan, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioaren norabidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.