Ez badugu modurik burugabekeria horri frenoa jartzeko, politika munduan diharduten hainbat agenteri euren lanaren lizunkeriak ez badie barrutik lotsa iratzartzen, denbora gutxi barru belaunaldien lana izan den euskal kutxen gertutasuneko finantza sistema osoaren deuseztaketaren eta xahuketaren lekukoak izango gara. Herritarrarena, erkidegoarena, den ondarea likidatzeko zereginean kasta politiko sindikalak ustekabean harrapatu gaitu herritarrok, eta itzulezineko prozesu baten sartu gaituzte, erantzun ezinik geratu garelarik, gure ondareaz gain, gure hitza ere lapurtu digutelako.
Ia egun batetik besterako kontua izan da, eta prozesu horrek denboran bat egin du gure inguruan, Espainian, Galizian, Katalunian, eman den zenbait kutxen likidatze prozesuarekin, espoliazio eta ustelkerien artean eman dena. Herrialde horietan erkidego, gertutasuneko, finantza sistema porrotera eraman da, eta hartatik geratu diren hondarrak banka pribatu sistemari oparitu zaizkio. Iruzurra handia izan da egin den kudeaketagatik, galdu den diruagatik, edo batzuk poltsikoratu dutenagatik, baina hori guztia baino larriagoa dena, betiko galdu den ondareagatik.
Gero eta agerikoagoa da euskal kutxen etorkizuna erabakitzen dihardutenek espainiar saltsa horretan sartu gura gaituztela, eta haien bide beretik eraman gura dutela gertutasuneko euskal finantza sistema, haiei eman zaien azkenera, «kutxen azken irtenbidera», eramateko geureak ere. Horrela egin dute Nafarroan, eta bide beretik daramatzate hegoaldeko beste kutxak. Gurean ere arazoa ez da zenbat ostu den, baizik eta, azkenean, dena ostu guran dabiltzala gertutasuneko finantza sistema egin duen, berea izan duen, erkidegoari. Ostu esatean esan gura dut erkidegoarena zena burtsa balioetara itzultzen dela eta merkatuaren legeen pean jartzen dela.
Saihets ugariko arazo honetan ez da pasatzen jare behar gure erkidego finantzaketa sistema banka pribatua bihurtu gura eta merkatuan sartu gura horretan, ez dela egon eskaerarik edo premiarik eurak sortu eta bultzatu dituzten herrialdeetan, ezta egoera ekonomikoak ezarritako baldintzarik. Tartean dagoena kasta politiko-sindikalak hartutako erabakia da.
Kasta politiko sindikala esatean, esan gura dut eskutik oratuta ikusi ahal ditugula espektro politiko osoko koloreak: PP, PSOE, UGT, CCOO sindikatu komunista ohia, eta baita IUko jendea ere, Espainia aldean, Euskal Herrian Alderdi Jeltzalea eta bere inguruko kasta politiko ekonomikoa eta UPN gehitu zaizkielarik, baita pixkanaka sindikatu korporatiboa ere, korporatiboa ez den sindikaturik baldin badago, eta GKEren baten laguntza ere izan dutela. Nabarmendu behar da kutxak deuseztatzeko jarraitu den bidean Espainiako alderdi sozialista egon dela ezinbesteko agente gisara. Deuseztaketa horrek denboran bat egin duPSOEren zortzi urteko agintaldiarekin, R. Zapatero buru zuela, eta UGT eta CCOO ezinbesteko bidelagunak izan direla garai horretako estrategia politiko eta ekonomikoan.
Ezkerreko tradizioari begiratuta, deigarria egiten da talde horiek hor egotea gertutasuneko finantzaketa sistemaren deuseztaketa prozesuan bultzatzaile nagusi modura. Ezkerrekoak diren alderdi horiek beti banka pribatuaren aurkariak izan ei dira, eta zeken, diruzale eta bihozbarikotzat jo dituzte bankariak euren adierazpenik gozoenetan. Bankuak esplotazioaren paradigmatzat jo dituzte, esplotazio sistemaren bermea den ezinbesteko tresnatzat. Emango luke, planteamendu kolektibista batetik eurek izan beharko luketela bereziki arduratsuak gertutasuneko finantza sistema zaindu edo kudeatzeko orduan, baina hor ibili dira, elkarrekin, isilik eta pixkanaka, osketa lan horretan.
Zerk azal dezake ezkerrekoa ei den jardunkerarekin talkan legokeen praktika hori? Motiboak egon behar dira, jakina, eta, nire ustez, ez da hain zaila aurkitzea euren nondik norakoak. Batzuk izango dira ideologikoak, eta, beste batzuk, kasta sindikal-politikoaren interes korporatiboei loturikoak. Ideologia estatu modernoaren sustapenerako eta hedapenerako baliabide diskurtsiboa da eta, alde horretatik, ideologiaren tresna diren alderdi eta sindikatu horien lehen helburua estatu botere egitura hori sendotzea eta kontrolperatzea da. Nabarmena da alderdi eta sindikatu horien konpromisoa espainiar estatuarekin eta beraren sendotze eta kontrolperatzearekin. Kutxak, komunitarioak diren neurrian, ez dira ez publikoak ez pribatuak, eta, estatuak publikoaren eta pribatuaren artean definitzen den espazioan daukanez bere eragin eremua, beti deserosoa egingo zaio neurri baten anomalia den finantza sistema horren existentzia. Agirikoa da talde horien espainiar estatuarekiko atxikimendu eta konpromisoa eta beti hobetsiko dute estatuak definitzen duen espazio publiko/pribatu horretan txertatua dagoen finantza sistema, burtsa baliorik ez duen banka komunitario sistema baino.
Bestetik kasta interesak ere badaude. CCOOren moduko sindikatu bati askoz ere indar handiagoa emango lioke Andaluzian edo Espainian zehar kokatuta legokeen bankuak. Horri gehitu behar zaio, operazio distiratsu baten ondorioz, Euskal Herriko bulegoetan Andaluzian sobran ei zegoen ehunka pertsona sartu dizkigutela. Operazio lizun horrek ekarri du gazte euskaldunendako ehunka lanposturen galera urteetarako gure kutxetako bulegoetan eta bezero euskaldunei euskaraz artatuak izateko aukeren murrizketa. Lehen edozeinek euskaraz hartzen zintuen, orain eskubidea daukazu euskaraz artatua izateko.
Lanpostu berriak ere sortuko dituzte, bankuko administrazio kontseiluan, jakina, oso aproposak PNV, PSOE, PPren inguruko jendea kolokatzeko, soldata ederrak jasoz. Espero dezagun ez dutela egingo baten batek Euskaltelekin egin duen kudeaketa aparta.
Euskal kutxen xahuketa ustelkeriaz harantzago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu