Juan Gorostidi Berrondo.

Euskal kulturaren oraina: Baga, Biga, Higa

2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Badira pieza batzuk balio dezaketenak giro bat deskribatzeko, eta baita kultura ulertzeko moduaren bilakaera urteen eta belaunaldien pasaeran. Laboaren Baga, biga, higa da horietako bat. Egin dezagun atzera denboran.

BAGA. Espektakulua. «Eskerrik asko boluntarioei, eta barkamena eskatu behar hiritarrei, behar bezalako inaugurazio ekitaldia ez lortzeagatik» (Ernesto Gasco). «Hiritarrak kalera atera dira eta horrek egin du arrakastatsua astea» (Eneko Goia). «Ez da erraza jendeari azaltzea zein den guk egindako apustua. Inaugurazioa ondo joan den arren, normala da denen gustukoa ez izatea»(Pablo Berastegi).

Maria Cristinaren zubiko espektakulua telebistan erakusteko sortua zegoela jakitun, etxean ikusi nuen, baina ez zegoen ezta horretarako ere prestatua! 660.000 euro ez, hamar aldiz kopuru hori beharko litzateke egin zutena benetako espektakulu telebisibo bihurtzeko: aktore profesionalak, ondo prestatutako saioak eta ez dakit zenbat baliabide tekniko; baina «jendearen parte hartzea da garrantzizkoena»...

Elkarbizitzaren zubia zuen izena inaugurazioko ikuskizunak, hori bera delako egitasmoaren mamia, eta Baga biga higa abesten jarri ondoren, lelo bera errepikatu zuten: «Hau da elkarbizitzaren zubia. Gurutzatu ezazu. Zaindu ezazu, egunero eraikitzen dugulako elkarbizitza». Zer dela eta etengabeko insistentzia hori? Beti izan du espektakuluarekin zer ikusirik kulturak, baina urrats erabakigarri bat gertatu da azken hamarkadetan telebistaren presentzia masiboarekin eta, horren laguntzaz, egunerokotasunaren espektakularizazio erabatekoarekin. Zer ikusi dute Erdi Arotik, eta seguruen askoz aurreagotik ere, baloi bati ostikoka egiten genuen jolas hark eta telebistaz geroztiko futbolak? «Parte hartzea da garrantzizkoena» diote kirol propagandistek ere, baina zertan hartu parte? Baloiari ostikoka edo telebistari begira? McLuhan-ek erantzuna: «medioa da mezua».

Sakonago begiratuta, halere, arazoa ez da soilik kulturaren espektakulu bihurtze horretan harrapatuta daudela politikariak eta kultura-funtzionarioak. Debordek esplikatu zuen bezala, espektakulua da kapitalismoaren formarik garatuena. Baina espektakulua ez da ikuskizun soila; medioek erakusten digutena jendarte garaikidearen egituraren azaleko agertokia baino ez da. Espektakulua da denok pasibotasun erabatekora kondenatzen gaituena, bere mantra etengabe errepikatuz: «hau da dagoen guztia, hemendik at, kaosa eta txikizioa baino ez duzue izango». DSS2016EUko funtzionarioak konstatazio horren sakoneko egiari aurre egitera datozkigula lirudike, baina lortzen duten bakarra da haren egia azaleratzea: «etorri eta hartu parte, zuek gabe gu ez ginateke ezer eta; itzal-argi joko, hutsalkeria erabatekoa». Ahalegin hutsal bezain errebelatzaile horren erakusle erabatekoa izan den inaugurazio ekitaldian nahasten saiatu ziren atabikoena eta postmodernoena: soka-tira, harri jasotzaileak, txalaparta... batetik; soinu eta argi uholdea bestetik; eta momenturik gorenean, milaka ahotsek Baga, Biga, Higa, Laga, Boga, Sega kantatzen... Nola ez hunkitu gure zuntzik ezkutukoena Espektakuluaren pasibotasunetik askatuz?

BIGA. Esperpentoa. XX. mende hasieran Espainian piztutako fenomeno literario adierazgarria izan zen esperpentoa. Valle-Inclán, haren finkatzailearentzat «Espainia da europar zibilizazioaren deformazio groteskoa». Eta Europako erromantikoek elikaturiko Espainia tragiko-groteskoaren eraikuntzan euskaldunak ez ziren aparte geratzen. Baina joan den mendeko azken bi hamarkadetan suertatu aldaketen ostean, esperpentoaren irudiari kutsu tragikoa apaldu egin zaio, karikatura xaloago bat osatuz. Eta euskaldunak, berriz ere, irudi hori elikatzen. Álex de la Iglesia bilbotarraren 2013ko Las brujas de Zugarramurdi, adibidez. Bertan agertzen diren Madriletik etorritako gizon baboak azkenean heroi argiak dira, agertzen diren euskaldunekin alderatuta. Eta guztiak emakume histerikoen —espainiarrak— eta sorgin kanibalen —euskaldunak— atzamarren menpe. Karikatura esperpentiko hori txantxa patetikoa baino zerbait gehiago da: hondo misogino eta antieuskaldun nabaria agertzen du.

DSS2016EUren inaugurazio ekitaldian bezala, pelikularen une gorena Baga Biga Higa-ren bertsio orkestral-koralarekin dago hornitua: sorgin saldoa Zugarramurdiko leizean gizajo batzuk sutan erretzen eta Willendorf-eko Venus erraldoi bat umea irensten eta berriz erditzen.

HIGA. Adierazezintasuna. Ez zait kasualitatezkoa egiten Laboaren harribitxia erabili izana espektakulurako nahiz esperpentorako. Erabili izan da ere modu askoz duinago batean beste hainbatetan: 1976ko Nortasuna-n, edo 2003ko Euskal pilota-n, esaterako; baina, batez ere, inoiz Euskal Herria zeharkatu duen ikuskizunik arrakastatsuenean, Ez Dok Amairuk 1970-1972 urte artean izen bereko sentikarian, hain justu. Kontua da azken hori ez zela telebistarako ikuskizuna eta, harridura eta miresmenez gain, kezka eta ezinegona ere sortzen zuen ikustera hurbiltzen zen askoren artean. 1974ko Bat—Hiru diskoan jaso da garai hartako zortzi minutuko bertsioa, Laboaren gitarra eta ahots soilez interpretatua.

Adierazgarria egiten zait, oso, nola baztertu den bertsio hori, Laboaren lehen aro hura (1981ean amaitu zena) pasa ahala. 1994ko Hamalau diskokoa dezente geldoagoa da, eta minutu eta erdiko azken aldiko inprobisazio fonetikoa, berriz, kamutsa, aurrekoaren crescendo harrigarria galdurik. Halere, ez bata eta ez bestea, hirugarren bat gailenduko zen, denen artean, 1999an argitaraturiko Gernika zuzenean-ekoa. Orkestra eta koru handirako bertsio hura zuzenean grabatu zenerako Laboaren ahots-ahala gutxitua zen oso, eta orkestrazioak eta koroak, guztiz konbentzionalak, hori estaltzera zetozela ematen du. Emaitza arranditsua, baina lehen aroko piezarekin konparatuz, gainbehera eta handiuste hori nabarmentzea baino ez dute lortzen. Amaitu da harridura, amaitu talka, eta zabaldu espektakulurako eta esperpentorako ateak. Eta Laboaren ikonizazio prozesuan garbi egin da azken bertsioaren aldeko hautua: bertsio horrekin zabalduko zuten 2007an Lekeitioekin egingo zen konpilazio ofiziala, eta bertsio hori erabili zuten komentatu pelikuletan nahiz DSS2016EUko inaugurazioan. Horietarako, traba egiten dute Laboa ero haren garrasi biluziek; hobe koru eta orkestrekin, non Laboaren ahotsa oihartzun bitxi gisa han nonbait geratzen den.

Gerora urtuz joan da lehen Laboa basati eta jenial haren talka: haur jolasetan —ez inondik ere inongo akelarretan edo bestelako zentzu magikoekin— erabiltzen den hitz korapilo bat trantze batera heltzeko garabi bilakatua, oihu garratz batekin airean lehertzen dena. Hitzen kodigoetan nekez adierazi ahal dena, berez arrazoibideetatik eta kodigo estetiko normalizatuetatik at gelditzen denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.