Euskal kooperatibismoaren protagonismoa

2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Badakit kooperatibismoa ez dela paradisua. Baina niretzat beste eredu batzuk baino hobea da eta, gainera, egingarria. Konbikzio horretatik uste dut kooperatibismoak Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozialean protagonismo askoz handiagoa hartzea (daukan presentziarekin ez konformatzea), herri txiki batentzako, eta kooperatibismoaren etorkizunerako ere bai, arras estrategikoa dela. Erronka ez da makala, eta urratsez urrats joan behar da.

Hipotesia da kooperatibismo interesgarria, hau da, egungo gizartearen kezkekin ondo konektatzen duen eta zentzua daukan kooperatibismo berritu, osasuntsu eta erakargarri bat eginda, badagoela, apurka-apurka, erreferentziazko eredu sozio-ekonomiko bihurtzeko aukerarik. Horretarako, helburu hori bere egin behar du kooperatibismoak, noski. Artikulu honetan kooperatibismo interesgarri horretarantz abiatzeko klabeak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko saiakera bat egiten da. Gainera, ez da ahaztu behar kooperatibismoan ibilbide esanguratsu bat egina dugula, gure kulturan daramagula; eta bestetik, arlo sozio-ekonomikoan formula ezohiko, baina errealen gosea dagoela, beraz, garai hau ona izan daiteke horrelako erronketarako.

Baina zedarritu dezagun zeintzuk izan daitezkeen kooperatibismo interesgarriago bat edukitzeko elementu nagusiak.

Hasteko —zerrendatik kanpo aipatuko dut—, euskal kooperatibismoak borondatea behar du Euskal Herriko sozio-ekonomia lideratzeko eta zabaltzeko. Erreferentzialtasun hori asumitzeko prest egon, alegia. Aipa ditzagunhurrenkeraz.

Bat. Utopia eta errealitatea ez daude kontrajarrita. Behin eta berriz, bata edo bestea aukeratu beharrean jartzen gara, eta ez; utopiak errealitatea behar du, eta errealitateak utopia. Ametsa duten erakunde efikazak behar ditugu. Gogora dezagun kooperatibismoaren ametsa dela pertsona eta komunitate autoeratuak lankidetzan sortzea.

Bi. Pertsona erdigunean eta protagonista. Zer esan nahi du, gaur, pertsona erdigunean egoteak? Eta protagonista izateak? Galdera horren erantzunerako orientazio nagusia kooperatibismoaren iturburuan dagoela esango nuke. Hala ere, gaurkotze zeregin hori kooperatibistekin egiteko ariketa litzateke.

Hiru. Lider kooperatiboak eta proiektuak. Ametsak transmititzen, kudeatzen, mailakatzen eta egokitzen dakiten liderrak behar ditugu. Ameslari eta ekintzaileak. Taldeari distira ateratzen dioten magoak. Urkoa zerbitzatzeko dauden liderrak, liderren liderrak.

Lau. Jarrera berritzaile eta sortzailea erakundeen eremu humano eta tekniko guztietan. Balio izugarria du irtenbide ezberdinak irudikatzeko eta praktikara eramateko gaitasuna eta ausardia edukitzeak. Berritzeak bizitza ematen du, eta motibazioak piztu. Sortzeak pertsona oso egiten gaitu eta hazi egiten gara. Gainera, bereizgarri horiek itzelezko balio konpetitiboa daukate, eta arazoei irtenbidea aurkitzeko errekurtso oso baliotsuak dira.

Bost. Komunikazioa. Kontzeptu hau oso errepikatua da, baina egiazki determinatzen ditu helburua eta estrategia. Bestalde, egin ez dugun komunikazio batetik hasi behar da: entzutetik. Horrez gain, demokrazia eta parte-hartzearen oinarri da. Eta azkenik, nolako erakundeak nahi ditugun jakiteko eta gizartean zer egin behar duten argitzeko tresna bakarra da.

Sei. Interkooperazioa. Kooperatiben artean aspaldiko mekanismo hori berritu eta gehiago garatu behar da. Eta beste eragile batzuekin arlo honetan nola jokatu seriotasunez pentsatu behar dugu; masa kritiko handia izateak interkooperazioaren potentziala biderkatu egiten du. Puntu honen estrategikotasuna handia da.

Zazpi. Euskal Herri eta herrigintza perspektiba. Ezin da eztabaidatu kooperatibak egiteko zenbait motibazio dagoela. Denen artean inportanteenetakoa den hau ez da behar den beste erdigunean, konplexu barik, jarri izan: Euskal Herria eta Herrigintza. Herritarren estima jasotzeko eta beraiekin lotura egiteko nahitaezkoa.

Zortzi. Elkartasun kontzeptua gaurkotzea. Kontua da uste dudala elkartasuna nola eta zertarako egiten dugun berriz aztertu behar dela. Elkartasuna egin, egiten da, hala ere, praktika horrek ez digu motibazio eta zentzu apartekorik ematen errituala den zerbait bihurtu delako, automatismo arautu bat. Elkartasunak berrikuntza, zentzua eta konpromisoa behar ditu.

Bederatzi. Beste faktore nagusi bat jasangarritasuna da. Gaur, gai honek zentzu handia eskain diezaioke kooperatibismoari. Kooperatibak, beste edozein eragileren aurretik, jarri behar dira gai hau lideratzen. Lideratu, kudeatu, ikertu, proposamenak landu, bidelagunak aurkitu eta konpromisoak hartu.

Hamar. Printzipio eta balio kooperatiboak berriz interpretatu behar direla uste dut. Printzipio eta balioak ekintzetara ez badoaz, ez dute zentzua emateko balio, eta ez dute motibatzen. Printzipioak proiektuekin gurutzatu behar ditugu.

Hamaika. Etengabeko gogoeta eta eztabaida kooperatiboa. Espazioak sortu behar ditugu kooperatibismoaz, pertsonaz, gizarteaz... gogoeta egiteko, eztabaidatzeko eta ikasteko. Autoeraketa eta lankidetza prozesuak, ezin da ahaztu, heldutasun eta kontzientzia-hartze prozesuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.