Kirol-aholkularia Aventon

Euskal kirola dominen ikuspegitik

Gorka Leunda Azurmendi
2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Pau Etxanizek, Gracia Alonso de Armiñok, Beñat Turrientesek, Jon Pachecok, Aimar Orozek, Kauldi Odriozolak, Imanol Garciandiak eta Sergey Hernandezek domina bana lortu dute amaitu berri den Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan, zorionak denei!

Zortzi domina berri hauek, aurreko edizioetan euskal ordezkariek eskuratutako 65 dominei gehitu behar zaizkie. Guztira, olinpismo modernoaren historian zehar 73 domina lortu dira —80, Iparraldeko kirolarien lorpenak kontuan hartuta—.

Paris 1900 Jokoetan, Jose de Amezola puntista arabarrak irabazitako lehen dominarekin eman zitzaion hasiera euskal kirolariek izerdiarekin lotutako kate luze honi. Historian zehar badira aipagarriak diren hainbat pasarte, esate baterako, hamalau euskal futbolariz osatutako taldeak 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetan zilarra lortu zuenekoa. Dena den, mugarri horri muzin egin gabe, euskal kirol olinpikoaren eklosioa Bartzelona 92ko Jokoetan gertatzen dela esan dezakegu. Bartzelonatik hasi eta Parisera bidean, euskal kirolariak behin eta berriz izan dira dominak lortzeko gai. Alegia, 1992tik 2024ra arte ospatutako Olinpiar Joko guztietan gutxienez domina bat eskuratu dute, eta epe honetan lortu dira historian zehar euskal kirolariek bildutako dominen %73. Bereziki esanguratsuak izan ziren gimnastika erritmikoko gimnastek eta hockeyko jokalariek Bartzelonako Joko haietan euskal kirolari egindako ekarpenak, eta historiako lehen euskal emakume txapeldun olinpikoak bilakatu ziren. Haien atzetik, zorionez, domina gehiago iritsi dira, hemezortzi guztira, eta euskal kirolak bildutako domina guztien %25 emakumeek lortutakoak izan dira.

Erredukzionismo-ariketa litzateke lurralde bateko kirolaren egoeraren diagnostikoa bertako kirolariek Olinpiar Jokoetan lortutako domina-kopuruaren bidez egin nahi izatea. Hala ere, ukaezina da lortutako dominen zerrenda historikoak datu-sekuentzia aski esanguratsua eskaintzen duela eztabaidarako hipotesi batzuk mahai gainean jartzeko.

Lehenik eta behin, dominen %73 Bartzelona 92tik aurrera pilatu izana, besteak beste, 80ko hamarkadan ematen den kirolaren jendarteratzeari eta hastapen adinean egituratutako kirol-eskaintza ezartzeari egotz dakieke. Hain zuzen ere, 1988. urtean, Eusko Legebiltzarrak, kirolean duen eskumen esklusiboaz baliatuta, Euskadiko kirolaren lehen legea onartu zuen. Lege honen xedea Euskadin kirola eta kultura fisikoa antolatzea zen eta, besteak beste, eskola-adinean kirol-aniztasunean oinarritutako hastapen eredu bat ezartzearen alde egiten zuen. Horrela, ikasle guztiek, ziklikoki, hainbat kirol modalitate ezagutzeko aukera zuten norbere gaitasun eta adinaren arabera. Kasu honetan, eskola adinean ezarri beharreko araudia izanik, Eusko Legebiltzarrak bultzatuko lege honen garapena aldundien esku geratu zen.

Ordura arte, inolako erregulaziorik gabe, futbola zen kirol-eskaintza hegemonikoa, eta, ondorioz, futbolerako abilezia erakusten zuten haur guztiak erakartzeko gaitasuna zuen, adina edozein zela ere. Gainera, goi-mailako futbolarien formakuntzan espezializazio goiztiarra ezinbesteko osagaitzat zela defendatzen zuten ardura hori zuten teknikariek. Beraz, lege honen ezarpenak futbolari mehatxu egiten ziola pentsatzen zuten.

Gatazka-testuinguru horretan, foru-aldundiek legea arau bidez garatu zuten. Horrek azaltzen du legearen lurralde-ezarpena homogeneoa ez izatea. Protestometroari erreparatuta, ondoriozta daiteke Gipuzkoa izan zela legearen arau-garapen zorrotzena egin zuen lurraldea. Honi esker, beste kirol-modalitate batzuei aukera berriak zabaltzen zaizkie eta hastapen adineko kirol-eskaintzaren egituran aldaketak egiten dira, era berean, eskola adina osteko kirol-ibilbideen garapenean eraginez.

Beharbada, horrek azal dezake hein batean, euskal kirolean lortutako domina guztien %55 Gipuzkoako kirolariek lortuak izana —%71, soilik EAEko datuak kontuan hartzen badira—; Bartzelonako Jokoetatik gipuzkoarrek ez dutela podiumarekin duten hitzorduan hutsik egin, aldi horretako edizio guztietan gutxienez domina bat lortuz; edo domina horiek zazpi kirol-modalitate ezberdinetan lortuak izan direla.

Dominaren beste aldean, aldiz, Bizkaia. Dominen %6rekin, euskal dominen zerrendari ekarpen txikiena egiten dion lurraldea da, lurralde gisa duen potentzialetik oso urrun, bai biztanleria-bolumenari dagokionez, bai baliabideei dagokienez.

Eta futbola, zer? Bartzelona 92tik, euskal futbolariek hamabi domina batu dituzte modalitate honetan: Gipuzkoako futbolariek bost domina, Nafarroako futbolariek beste bost domina, eta Arabako eta Bizkaiko futbolariek domina bana.

Datuen arabera, kirol anitzeko hastapen-eredua, beharbada, batzuek uste zuten baino bateragarriagoa da goi mailako futbolarien prestakuntzarekin. Are gehiago, agian, lurralde bateko kirol-politika modalitate jakin baten interesen arabera gehiegi baldintzatzea ez da ona ez kirolarentzat oro har, ez modalitate zehatz horrentzat.

Euskal kirolaren ahalmen guztiari etekina atera nahi bazaio, ez dirudi nahikoa denik ahaleginak soilik goi-mailako kirol programen finantzaketa handitzera bideratzea. Agian, horretaz gain, behingoz gure errealitateari aurrez aurre begiratu eta eskaintza aberasten eta haren kalitate-maila handitzen lagunduko duten egiturazko neurriak hartzeko unea da, bereziki arlo hauetan: kudeaketa mailan —kirol politika—, baliabideak —kirol instalazioak— eta teknikarien kualifikazioa —gaikuntza eta profesionalizazioa—.

Metalen distirak ez gaitzala autokonplazentziara eraman, asko baitago egiteke. Boteprontoan, Gipuzkoako oinarrizko txirrindularitzak lasterketak antolatzeko garaian dituzten arazoei irtenbidea aurkitzea; kirol talentuaren prestakuntzan funtsezkoak izan behar duten kirol instalazio batzuen egoera tamalgarria konpontzea; edo eskola kirolaren gabeziak zuzentzea, horiek ere badituelako, noski. Azken batean, hobetu ditzagun gaurko kirol eskaintzaren baldintzak etorkizunean euskal kirolariek 1900. urtean Jose de Amezolak hasitako kateari etengabeko segida eman diezaioten. Hala izan bedi!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.