Nik, Asier Guridi Zaloña, Venezuelako Errepublika Bolibartarrean euskal iheslari politikoa, jakinarazten dut azaroaren 15ean Caracaseko SAIMEren egoitza nagusiaren aurrean, nire nortasun agiria eskatzeko asmoz mobilizazio eta borroka dinamika hasi dudala, Venezuelako Errefuxiatuen Komisio Nazionalak, herrialdeko Defentsa eta Atzerri Ministerioen bozkekin, erabakitakoari jarraikiz. Horrela, bada, nortasun agiriak ematen dituen SAIME instituzioa, Conare Errefutxiatuen Batzorde Nazionalak harturiko Estatu-erabakia desobeditzen eta bete gabe uzten ari da.
2021eko abenduaren 7an, arrazoi jakinengatik errefuxiatu izaera aitortzen zidan Conareren dokumentua eman zidatenean, amaitutzat eman nuen Caracasen Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean egiten ari nintzen gose greba. Aipatu dokumentuan, Venezuelako errefuxiatu eta asilodunen lege organikoaren araudiko 13. artikuluak dioenari jarraiki, SAIME instituziora joan eta oinezko gisa nortasun agiria egitea agintzen zitzaidan. Baina SAIME instituzioak behin da berriz erantzun gabe utzi ditu nik nortasun agiria eskatuz aurkeztu dizkiodan eskakizunak; era berean, aurkezturiko idatzizko eskakizunen kopiak egiaztagiri gisa sinatu eta zigilatzeari uko egin dio, haien aldetik behin da berriro gertatzen ari den isiltasun administratiboa babesteko. SAIME instituzioak ez ditu eskariak erantzuten, ez bai eta ez ez; jaramonik egin gabe eta indokumentatuta uzten ditu Venezuelan errefuxiatu izaera aitortua duten pertsonak. Hori ez da beti horrela izan; adibidez, Dante Rivas SAIMEko zuzendari zelarik, Conareko ordezkari batek errefuxiatua SAIMEko egoitzara laguntzen zuen, eta errefuxiatua nortasun agiri batekin ateratzen zen. Ez da Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoaren aurkako neurri bat; izan ere, ni neu bezalaxe, azken garaietan errefuxiatu izaera aitortu zaien pertsonei ere eragiten die SAIMEren azkenaldiko jarrerak edo erabakiak.
Venezuelako Errepublika Bolibartarreko Konstituzioari atxikita egingo den eta Caracaseko Baralt etorbideko SAIMEren egoitza nagusiaren aurrean aurrera eramango den protestaldi baketsu honek izango duen lehen faseari elkarretaratze iraunkorra deituko diogu. Lehen fase honen helburua, informazioa zabaldu eta elkartasuna bilatzearekin batera, SAIMEko zuzendaritza —Conarek agindu bezala— Venezuelan errefuxiatu izaera aitortu zaien pertsonei nortasun agiriak ematen has dadin lortzea da. Ondoren, nortasun agiria lortu arteko borrokaldiaren bigarren fase bat hasiko litzateke.
Hastera noan protesta hau errefuxiatu izaera aitortua didan Venezuelako Estatuaren kontra ez doala argiro azpimarratu nahi dut; aitzitik, Conareren agindua etengabe desobedituz errefuxiatuei nortasun-agiria emateari muzin egiten dion SAIME instituzioaren kontrako protestaldi zuzena dugu.
14 urteko semea dut, SAIMEk aitaren nortasun agiriaren eskakizunei jaramonik ez egitearen ondorioak jasaten ari dena. SAIMEk eragindako indokumentazio egoeran blokeatuta egotearen ondorioak dira urte askoz semearen dokumentuak zuzendu eta ordenan jarri ezinik egotea.
Euskal jendarteari agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu