Euskal Irratiak, biziraupenaren kronika

2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hogeita hamabi urte iragan dira Enbatako lagunek idatzi zutenetik euskara hutsezko irrati batek (Gure Irratiaz ari ziren) ez zuela tokirik Ipar Euskal Herrian, eta, gutxi gorabehera, erokeria bat zela horrelako tresna bat sortzeak. Garai hartako euskaltzale kaskagogorrek, alabaina, aitzinera egin zuten beren nahiarekin, eta 1981eko Eguberrietan sortu zen lehen irrati euskalduna. Ondotik helduko ziren Irulegiko Irratia, eta, hilabete batzuen ondoren, Xiberuko Botza.

Irrati bakarra izan behar zuenak, hiru bururekin hasi zuen bidea. Orduko testuinguru politikoak ez zuen batere lagundu proiektu bakar bat sor zedin, eta irrati bakoitzaren akuilatzaileetan ziren pertsonalitate azkarrek ere ez zuten sobera bidea erraztu.

Ipar Euskal Herriaren egituraketa (barnealdea-kostaldea) ez zen batere landua; kantonamenduen banaketek, Ipar Euskal Herri bakar bat baino erreferenteago ziren; eta Departamendua, Pauekoa, zen egitura instituzional bakarra.

Ingurumari horretan, nekezia azkarrekin eta haserre batzuk tarteko zirela sortu ziren lehen hiru euskal irratiak, bakoitza bere bizipenekin, eta elkarrekin elkarlan ttipi batzuk eginez.

Zenbat bilkura, negoziazio eta solas, irratien biziraupena segurtatzeko: herriko etxeei sos laguntzak galdetuz; entzuleen arteko diru biltze kanpainak antolatuz; Departamenduaren ezezko borobila borrokatuz urteetan; Estatuaren FSER diru funtsa deskubrituz; Hitzarmen Berezia; Europako lehen laguntzak... zenbat kontzertu, gaualdi eta miseria, euskarazko hedabideon errekonozimendua erdietsi arte. Izan ere, Euskal Irratien historia biziraupenaren kronika bat izan da, Ipar Euskal Herriak bizi izan duenaren metafora bilakatuz, erranen nuke.

Eta urte batzuen buruan, hiru irrati proiektuek elkarlanean sakontzeko garaia heldu zela erabaki genuen, garaiko testuinguru politikoaren baitan hori ere: Garapen eta Hautetsien Kontseiluaren sorreraren garaia zen; Hitzarmen Bereziak; euskararen eta euskal kulturaren aldeko lehen erakundeak... Eta euskarazko komunikabideek ere errespetu pixka bat galdegin genuen; aitorpen minimo bat, begirune pittin bat urteetan egindako lanarengatik.

1997ko maiatzean sortu zen Euskal Irratiak federazioa, barne eta kanpoko tirabiren artean. Barnean errezelo eta mesfidantzak baziren elkarlanean sakontzeko, eta kanpoan, hautetsi boteretsuak (egun ere hor direnak) uzkur zirelako: «les radios ne sont pas pluralistes» (…) «deféndont des idées qui ne sont pas les notres». Horra zer dioten garai hartako bilkuren aktek.

Baina, arrangurak arrangura, proiektua gauzatu zen. Dirua heldu zen teknologia minimoa erosteko, formakuntzak egiteko, programazio komuna osatzeko eta irratien arteko joste lana burutzeko langileak hartzeko.

Hamabi langile baziren hiru irratien artean garai hartan, eta orain ia 30era iragan gara. Bidaso eskualdean laugarren euskal irratia sortu dugu, Antxeta Irratia, eta gure proiektua gorpuztu dugu, programazio komun batekin eta tokian tokiko berezitasunekin.

Erronka gaitzak ditugu begien aitzinean. Euskaldun hiztunen apaltzeak ondorio latzak ditu gugan, baina irudimena baliatzeko prest gara belaunaldi berriak erakartzeko, orain arteko entzule fidelak galdu gabe. Euskarazko beste hedabideekin elkarlana beharrezkoa dugu, bizirik irautea dugulako berriro jokoan.

Gure proiektuari hats berri bat emateko nahikaria badugu, eta elkarte garen aldetik, administratzaile eta laguntzaile boluntarioen lana eskertuz bukatu nahiko nuke, oroitaraziz, gaur Hazparnen antolatu dugun bestara denak gomit zaretela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.