Euskal Literatura? izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen aurreko igandean Juanjo Olasagarrek; bertan euskal literaturari buruz hogei urteko gazte baten ezagutza eza komentatzen zuen. Harrigarria bada ere, lagun horrek, ezta bere lagunek ere, ez zuten Jon Mirande ezagutzen. Harrigarria izan beharko litzateke ere Irakasle ikasketak egiten dituzten ikasleek Atxagaren haur liburuak ez ezagutzea edo poesia irakurtzen ez jakitea... baina hala da.
Hilabete eskas da ikasturte honetako eskolak hasi zirenetik eta hilabete honetan hainbat ikasgai jaso ditut; batzuk arestian aipatutako kontuak, etsipenera eramaten gaituztenak. Gure ikasleek ez dute erreferentziazko literatura irakurri, ezagutu, nahiz eta ikasketa guztiak euskaraz egin. Ez dago literatura kanonik. Eta okerrena, duela gutxi Unibertsitatean eginiko ikerketa txiki batean ikusita, ez dagoela irakurtzen den horren gaineko kontrolik, ez jarraipenik. Iaz, Euskal Herriko hainbat ikastegitan 4. Mailako ikasleek irakurtzen dutena aztertuta, zera ikusi genuen, hainbat zentrotan ez dakitela beren ikasleek irakurtzen duten ala ez; beste askotan ikasleak direla beren irakurketak aukeratzen dituztenak, eta bakar batzuetan jarraitzen direla irakasleek ezarritako irizpideen araberako irakurketak. Azken horiek, gainera, ez zetozen bat hainbat adituri eskatutako erreferentziazko liburuen zerrendarekin.
Olasagarrek dio sutu egin zela ikasketa prozesua ikusita, sutu baina ez harritu. Izan ere, bat nator Olasagarrerekin Euskal Herrian (Hegoaldean, bederen) literatura hizkuntzaren menpe dagoela dioenean. Literatura testuak hizkuntza ikasteko erabiltzen dira, sinonimoak ikasteko, esamoldeak bilatzeko... baina ez literatura ikasteko, testuak ulertu eta gozatzeko.
Eta horrela nola lortu herri honetan irakurleak izatea? Atxagak, euskara batuaren inguruko ekitaldietan, aipatu zuen «hurrengo egunean hilda dauden liburuak argitaratzeak ez duela balio», eta baita ere euskarazko ekoizpena (literaturazkoa uste) hipertrofiatuta dagoela. Horren aurrean, ekoiztutakoa aztertu eta publikoarengana gerturatuko lukeen lantaldea proposatzen zuen.
Ez dakit argitaratu behar den ala ez erabaki behar den. Argi dut, ordea, argitaratutakoa gomendatu edo eskoletan kanon bat sortzeko lantaldea behar dela (Portugalen beren irakurketa planean egiten duten moduan). Egun, eta haur eta gazte literaturaz arituko naiz hemendik aurrera horretaz pixka bat dakidala uste dudalako, euskarazko ekoizpenetan erabat nahasiak daude kalitate eta ereduzko obrak eta behe mailakoak, literatura aldetik ekarpen interesgarriak egiten dituztenak eta arruntak, eta irizpide argirik gabe, formaziorik gabe, astirik gabe, oso zaila izango da kalitatezko obra horiek aurrera egitea, irakurlearengana iristea.
Hilabete honetan, baina, gauza onak ere ikasi ditugu; Poloniako irakasle batek, Ewelina Poniedzialek, erakutsitakoak, esaterako. Poniedzialek Adam Mickiewicz unibertsitatean ematen ditu eskolak, eskola bibliotekariak formatzeko graduan. Irakasleak irakurketa bultzatzeko eginiko hainbat esperientzia komentatu zizkigun, «Polonia osoak haurrei irakurtzen die» kanpaina, esaterako, telebista eta beste komunikabide batzuk erabiliz gurasoei (batez ere aitei) haurrei ipuinak kontatzeko mezua zabalduz; edo Gau bat bibliotekan, edo herrietan ekitaldi garrantzitsuak (musika, kirol... arlokoak) zeudenean nola jokatzen zuten biblioteketan.
Egia da gure egoera ez dela oso ona. Irakurleak (haur eta gazteei buruz ari naiz) gero eta gutxiago dira, eta gero eta testu sinple eta pobreagoak irakurtzen dituzte. Horren ondorioa nabaria da, eta ez bakarrik PISA edo horrelako azterketetan, baita goi ikasketetara iristen diren ikasleen adierazpen gaitasunean ere. Eta horren aurrean hartu beharreko neurriak ugari eta arlo askotakoak izan behar dira. Hor dago Portugaleko irakurketa plana, esaterako, bertatik hainbat ideia kopiatzeko. Hor dugu Poloniako esperientzia. Nafarroan EIBZ egiten ari den lana kanon bat osatze aldera... baina, eskola batean hartutako neurriez gain, instituzioen inplikazioa behar da euskal irakurleak sortzeko. Kultura eta Hezkuntza sailen elkarlana behar dugu proiektuak aurrera eramateko. Jendea inplikatu, irakasleak, familiak, auzo eta herrietako bibliotekak... eta eskoletako bibliotekak. Ziur nago pertsona asko prest gaudela lan egiteko norabide horretan, baina nire esperientziak erakutsi dit azken urteotan eskola bibliotekak bultzatu beharrean bibliotekaririk gabe geratzen ari direla, maisu-maistrek ez dutela argitaratutakoa ezagutzen, unibertsitatera iritsitako ikasleek ez dutela Bi letter ezagutzen... eta neurriak hartu ezean alferrik ibiliko gara nazioa eraiki nahian, pertsona kritikoak hezi nahian, euskara bultzatu nahian.
Euskal irakurleak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu