Ainhoa Larrañaga.

Euskal identitateaz

2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Euskal identitateari buruz, Zertarako goiburuarekin, Jule Goikoetxeak, BERRIAn idatzitako artikuluan (2015-11-4), egileak dio euskal identitatea ez dela gauza bat, erlazio sorta bat baizik. Identitateaz aritzean, egokiago iruditzen zaio praktika sozial, politiko eta ekonomikoa ahalbidetzen duten baldintzen inguruan jardutea. Eta ondoren, zer hori bizitzeko bakoitzak daukan moduen zerrenda luze bat egiten du; praktika linguistikoa ere barne hartuz. Bere euskal identitatearen zutabeak federalismoa eta feminismoa direla dio, CAF, polimiliak, ikastola, Atlantikoa, Lasarteko heroina eta Bilboko speeda.

Arazoak izaten ditut batzuetan Goikoetxea ulertzeko; oraingoan ere, ez ulertze horrek identitateari buruzko hausnarketan sakontzera eraman nau.

Marijose Azurmendik (2015) nazioak osatzeko ezinbestekoak diren hiru zutabe aipatzen ditu: hizkuntza, lurraldea eta populazioa. Gu, izan gara nazio normal bat, baina, oso era prekarioan bada ere, hiru zutabe horien arrastoak mantentzen ditugulako dakigu hori. Alabaina, gurean, munduko beste hainbat lekutan gertatu den bezala, bi estatu inperialistek eragindako genozidioak txikizioa, herritarren desagertzeak eta zatiketa eragin ditu: lurraldea zatitu eta apurtu digute; gure hizkuntza, zigor eta debekuen bitartez, ez maitatzera eta ez lehenestera iritsi gara, eta populazioarekin ere antzera gertatu da. Populazioa lekuz aldarazi dute: kanpotik erruz etorri dira, batetik, eta bertakoek alde egin beharra izan zuten, bestetik. Horra Eneko Bidegainek (2015) zer dioen, «Manex Goihenetxe historilariak (1987) ahoan bilorik gabe esplikatu zituen, XIX. mendeko aldaketa demografikoen datuekin (adibidez, Miarritzen, 1820an 1.088 biztanle, 1876an 5.507 lagun eta 1911n 18.260): 'Itxuren arabera, jendetzaren berrikuntza bat gertatu da Lapurdin, arrotzek osatu dute jendetzaren berritzea eta emendatzea. Beste herrietan izen berezi bat dauka horrelako gertakari batek: colonie de peuplement edo koloniar jendeketa. Alta, hori da hemen ere gertatu: jatorrizko jende euskaldunaz herriak hustu dira, kanpoko arrotzez ugaldu. Ez dezagun ahantz ber denboran Euskal Herriko gazteria Hego Amerikara joaten hasi zela, 1832tik goiti». Horren guztiaren ondorioz, garai batean nazio normala izan zenak, ez du orduko sendotasunik.

Estatu asko nazioen konkista eta zapalkuntza prozesuetatik sortu dira. Espainiak eta Frantziak ere hori egin dute; ibilbide luzea dute inperialismoa praktikatuz, herri txikiak desegiten eta berenganatzen. Batzuetan oso modu erasokorrean, beste batzuetan, berriz, leunago eta disimulatuago jokatu izan dute.

Gurea da herri-nazio anormala, Azurmendiren esanetan, eta ni guztiz bat nator harekin. Etorkizunera begira hiru aukera ditugu: bata da herri-nazio normal bat bihurtzeko lan egin eta estatua lortzea; bigarrena, anormaltasun horretan segi, desagertu arte, eta, hirugarrena, nazio maila bat mantentzea estatu bat lortu gabe (Quebec…). Prozesu horretan, beraz, nazio desberdinez osatutako estatuen nahia estatu-nazio bakarrak sortzea da, eta hor kokatzen da gure egungo egoera ere. Gutako askoren nahia edo bulkada alderantzizkoa da: nazio izanik, estatu izatera pasatzea. Bide horretan, euskara, katalana, galegoa, bretoia… nazioen hizkuntzak nahi dituzte desagerrarazi, eurentzat errazago gertatuko delako hizkuntza bakarra, lurralde bakarra eta populazio bakarra dituen estatu-nazio bat mantentzea. Norman Fairclough-k, Language and power (1989) liburuan, oso garbi azaltzen du hizkuntzaren eta boterearen arteko harremana. Hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek. Hizkuntzak duen estatusak definitzen du erabiltzailearen estatusa ere, eta hizkuntza bati balioa kenduz eta hegemonikoa goragoko posizioan jarriz, eraiki eta deseraikitzen dira hizkuntza eta identitateekiko atxikimenduak.

Ildo horretan, Azurmendik nortasuna eta identitatea bereizten ditu. Nortasuna identitatearekin parekatzen edo nahasten den arren, bereizi beharra dago, hortik baitatoz nahasmenak. Nortasuna izan daiteke, batetik, identitatea, eta, bestetik, norbanakoa sortzez definitzen duten haren ezaugarri psikologikoak (isila, zabala, natura zalea …). Identitatea, hainbat mailatan azter eta bereizi daiteke: esaterako pertsonari dagokionez, edo taldeari (feministak, ekologistak, erreal zaleak...). Zure egiten dituzun talde mailako adostasunak zeureganatzen dituzun neurrian, horrela osatzen da talde identitatea. Identitate pertsonalak gure portaera definitzeko irizpideak eskaintzen dizkigu: usteak, motibazioak, intentzioak, interesak, nahiak, poztasunak eraginda portaera batzuk izaten dira. Identitateak bideratzen ditu, beraz, portaerak. Behin portaera horien emaitzak ikusita, ebaluatu egiten ditugu, eta, emaitzak ikusi ostean, berriro moldatzen dugu portaera. Prozesu dinamiko horretan identitatea da motorra. Etengabeko joan-etorri horretan ari gara gure identitatea garatzen. Prozesu horixe errepikatzen da talde mailan ere. Talde identitatean sortzen da artekotasun bat, gu identifikatzen gaituena. Nazio identitatea da, nazio batek beharrezko dituen hiru zutabe nagusi horien (hizkuntza-lurralde eta populazioa) motorra.

Nora ezean eta nahasmenaren erdian dagoen euskal identitateari buruz, hitz egin beharra dago. Patxi Lopezek esana da, identitateari buruz ez dela hitz egin behar, zatiketa sortzen duela eta. Jakina zatiketa sortzen duela. Euskaldunon alter egoak dira espainolak eta frantsesak, eta horiengandik bereiztetik definitzen dugu gure euskal identitate nazionala. Asko gara zatiketa hori nahi dugunak, horrek laguntzen baitugu neurtzen nortzuk garen, zenbat garen eta zer indar daukagun. Besteak dira zatitu nahi ez dutenak, euren nazio-estatua sortzeko beharrezko baitute balizko «batasuna». Lehen argiagoa zen euskal identitatea, orain ari da nahasten, eta komeniko litzateke azterketa zorrotza egitea, plangintza zorrozteko. Beharrezkoa dugu euskal identitatea mantentzea. Nazio bat izateko, beharrezkoa da identitate berezia, koherentea eta ez konpartitua izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.