Eusko ikaskuntzako Hezkuntza taldeko zuzendari zientifikoak

Euskal Hezkuntzaren liburu zurirantz

Idoia Fernandez - Hur Gorostiaga - Nora Salbotx
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Euskal Herriaren erronkei eta kohesio beharrari aurre egiteko asmoz eta jakitez aritu da Eusko Ikaskuntza sortu zenetik. Ehun urte geroago, 2018ko Mendeurreneko Kongresuan berretsi zen konpromisoa, orduan plazaratutako Oñatiko Adierazpenean eta Euskal Lurraldeen Liburu Zurian. Ordutik hona igarotako lau urteetan, aldaketa giro biziagoan murgilduta gaude. Iraultza teknologikoa, trantsizio eko-soziala eta energetikoa, munduaren berrantolatze geoestrategikoa, migrazio fluxuak, balio aldaketak... Abagune nahasi honetan, etorkizunean irauteko hausnarketa zabala eta sakona egin behar du gure herriak.

Euskal lurraldeen eta jendartearen kohesio integrala areagotzeko lanean ari da Eusko Ikaskuntza. Batetik, arloka, euskal lurraldeen berezitasunak aintzat hartzen dituen herri-gogoetak burutuz, aldi berean gure herriaren osotasuna erdigunean jarriz. Bestetik, erakundeak, eragileak, adituak eta herritarrak hausnarketara eta auzolanera deituz. Horretarako, oraingoan ere, bere balio erantsia eskainiko du Eusko Ikaskuntzak: euskal lurralde guztietan errotutako erakundea da eta Euskal Herri osoan eta osorako herri-hausnarketarako guneak sortzeko legitimitatea aitortzen zaio. Izan ere, hainbat eragilek eta egitura instituzionalek dituzten eremu mugatuak gainditzeko aukera du Eusko Ikaskuntzak, eta bere norabidea marrazteko autonomiari eutsiz, elkarlana sustatzeko borondatea adierazi du behin eta berriro.

Lau urte hauetan burututako lanketaren emaitzak, etorkizunari begirako proposamenak eta jositako konpromisoak, euskal jendarteari luzatutako hurrengo deian plazaratuko dira, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan, 2024ko urrian ospatuko dena.

Ziurgabetasun garaian, egokitzapena bilakatu da mantra berria. Marina Garces filosofoa gogoratuz: malgutasuna eta plastikotasuna ez dira gauza bera. Etorkizunarekiko jarrera desberdinak daude bi kontzeptu horietan: erabaki ezin dugun etorkizunak ekarriko digun horri egokitu, plastikotasunaren izenean nortasuna galduz behar bada, ala neurri batean gure esku dagoen etorkizuna malgutasunez marraztu, garena eta duguna bidean galdu gabe.

Plastikoa ez den malgutasuna garatzeko, hezkuntza da gakoa. Hezkuntzan kokatzen da jendartean dauden ikuskeren arteko solasa, eztabaida eta gatazka: nork nori zer nola irakatsi eta ikasi. Hauen ingurumarian biltzen dira ideologia, kultura, hizkuntzak eta eredu sozioekonomiko desberdinak. Biharko jendartea hezkuntzaren plazan datza. Hau dugu, aipatutako lanketa integrala burutuz, Eusko Ikaskuntza garatzen ari den arlotariko bat.

Euskal Hezkuntzaren Liburu Zuria idazten ari gara elkarrekin eta elkarlanean. Hezkuntzak epe luzera beharko lukeen marko partekatua jasoko duena. Herri-gogoeta zabal hau burutzeko, konpromiso kolektiboa indartzea funtsezkoa da guretzat. Horretarako, parte-hartzean oinarritutako prozesua dugu martxan. Diskurtso desberdinak bilduko ditugu, eta identifikatuko ditugun adostasun zabalak hartuko ditugu proposamenak luzatzeko printzipio gidari gisa. Ez du Eusko Ikaskuntzak gaiaren monopolioa. Euskal hezkuntza komunitateak, alderdi, sindikatu eta gizarte eragileak diagnostiko, hausnarketa eta proposamen anitz plazaratu du azkenaldian. Eusko Ikaskuntzak herri-hausnarketa horietan landutakoak solasean jarri nahi ditu, proposamen partekatuetara hel gaitezen.

Hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunak ditugu euskal lurralde guztietan, horien inguruko gogoeta bultzatzea da gure bide-orri nagusia. Euskal Herria osatzen duten herrialdeak bilduko dituen balizko hezkuntza sistema-eremu baten oinarriak irudikatzeko bideak eskainiko dituena. Hezkuntzaren kohesioak ekarriko du euskal lurralde eta jendartearen trinkotzea. Hezkuntza arloan proposamen eraldatzaileak eta berauek gauzatzeko baldintzak sor daitezen azterketa sakon eta partekatua burutzea ezinbestekoa den moduan, egitura instituzionalak aintzat hartzea eta sendotzea beharrezkoa da. Izan ere, proposamen egingarriak luzatu nahi ditugu, politika publikoetara eta gizartetik gizartera helduko diren proposamen eraginkorrak.

2021eko irailean bildutako 100 zubigileen foroarekin eman genion hasiera ibilbideari. Bidean jasotako azpimarrak gidari gisa hartuta, jauzi kualitatiboa eman nahi dugu hasi berri dugun fasean. Euskal-hezkuntzagintzari ezagutzaren sistematizazioa eta zorroztasun metodologikoa gehitu nahi diogu, aurrekaririk ez duen Euskal Herri mailako ariketa kolektibo honekin. Eta kohesioa praktikan eraikitzen delako, hezkuntza-etapa bakoitzeko praktikara jaitsiko gara ekimen kohesionatzaileak lantzeko eta sistematizatzeko. Batetik, euskara eta euskal kultura ardatz izan nahi dituen sistema baten ikuspegitik eta lurraldetasunaren zatiketa gaindituz, berariazko etapen eztabaida ardaztuak burutuko ditugu (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea-Goi Maila); eta bestetik, etapa guztiek osatzen duten ekosistema trinkotzeko ezinbestekoak diren egiturazko zehar-lerroen definizio partekatua garatuko dugu.

Hezkuntza-etapetako lau talde iraunkor osatu ditugu, lurralde guztietako aditu-arituak eta eragile anitz elkartuta. Proposamen kohesionatzaileak lantzeko ardatzak jaso ditugu eta prest gaude hurrengo bultzadari ekiteko. Hezkuntza komunitatetik harago, gaiarekiko kezka partekatzen duten aditu-aritu, eragile, erakunde eta herritarren ekarpenak biltzeko asmoa dugu. Esan bezala, ekarpen eta proposamen horien haritik jositako (eta josi beharreko) konpromisoak 2024ko urriko Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan plazaratuko ditugu. Elkartzen gaituena lelopean, kongresuak Euskal Herriko kohesiorako proposamenak eta itun berrietarako bideak eskainiko ditu. Gaurtik ordura arteko bidean sortuko direnak partekatzen joango gara; edukiak kontrastatuz, indarrak metatuz.

OHARRA: Artikulu hau Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza talde osoak sinatzen du: goian ageri diren hirurez gain, Beatriz Akizu, Nekane Altzelai, Jose Manuel Bujanda, Maialen Idoate-Pery, Maite Larrañaga, Alba Madinabeitia, Gemma Zabaleta eta Mario Zubiaga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.