Euskal Herriko festa espezistak ezbaian

Xabier Arratibel
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko festa ereduak aldaketak izan ditu azken urteotan. Adibidez, jai herrikoi, parte hartzaile eta parekideak nahi ditugula argi dugu egun. Aldaketa hori positiboa den arren, era kritiko batean animalien gaia mahai gainean jartzean, oso atzeratuak gaudela ohartzen gara. Euskal Herriko festak espezistak dira eta.

Espezismoa norbanakoak diskriminatzea da, espezieagatik. Arrazismoa arrazagatik, eta sexismoa sexuagatik den bezala. Espezismoak garamatza gizakiak ez diren animalien interesak baztertzera. Izatez, askatasunean eta sufrimendurik gabe bizitzeko interesa dugu animalia guzti-guztiok. Jendarte espezista batean bizi garenez, ordea, ez dugu ikusi nahi plazan dagoen zezenak edo platerean amaitzeko hil dugun behiak aske bizi nahi dutenik. Gure ondasun ikusten ditugu, esklabo, orain 200 urte arte beltzak herrialde askotan bezala. Alde horretatik,zezenketa, sokamutur, idi-dema, ehiza eta arrantza txapelketak egiten ditugu. Donostiara zezenketak itzultzea atzerapauso tamalgarria den arren, ez gaitu harritzen. Eta gurea gastronomiarekin oso lotutako kultura espezista izanik, festetan milaka animalia hiltzen dira jendartearen apetak asetzeko.

Euskal Herriko festa eredu espezista aldatzeko lanean gabiltza gero eta euskal talde gehiago. Askekintzari dagokionez, Donostia inguruan festa eredua aldatzeko lanetan 2014an hasi ginen. Esperientziak erakutsi digu festa eredua aldatzeko herri mailan egin behar dela lan, auzo eta herrietako jai batzordeekin elkarlanean aritzea dela bidea. Azpimarragarria da, alde horretatik, Errenteria-Oreretan egin dugun lana 2015 honetan. Jai Batzordeak idi-dema gizon eta emakume probekin ordezkatzea erabaki zuen. Herri bazkarian menu beganoa sartzea adostu zen. Txosna Batzordeak bola erraldoiaren entzierroa antolatu zuen Gipuzkoan lehen aldiz, sokamuturrari alternatiba badagoela erakusteko. Askekintzaren txosnan janari beganoa eta etxean egina eskaini genuen. AEK-k berak ere aukera beganoa txertatu zuen eskaintzan. Eredu hori auzo eta herri guztietara zabaldu nahi dugu, espezismoa garaitzeko lan eta hezkuntza handia behar baita oraindik.

Finean, hori da gure ustetan jarraitu beharreko bidea. Antiespezistak gara eta herri mailan lan egin behar dugu, animalia guztion parekotasuna eta animaliak erabili gabeko festa eredu bat aldarrikatzeko. Antiespezistak garelako, zezenketa, sokamuturra, idi-dema, ehiza eta arrantza txapelketak gaitzetsi eta ordezkatu nahi ditugu. Antiespezistak garelako, animalien alde lan egin nahi duen oro animatzen dugu aurrerapauso bat eman eta etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri festa eredu hori aldatzeko. Antiespezistak garelako, beganoak gara eta animalia guztion askapena da gure helburua. Denok animaliak garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.