Ainhoa Etxaide

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, erantzunez betea

2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herria 2015: Urkullu, Barcina, Rajoy, Juncker... eta gisakoek ahal duten guztietan errealitatearen ikuspegi bitxia aireratzen dute: joera aldaketa baten atarian gaude, atzeraldiaren amaieran. Testuinguru honetan, ba al du zentzurik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bat izateak? Ba al da mobilizatzen jarraitzeko arrazoirik? Zertarako?

Euskal mugimendu sozial eta sindikalak irmotasunez erantzun zion krisiari 6 greba orokorrekin. Une berean, makina bat borroka piztu zen, sektorialak zein tokian tokikoak (etxebizitza, pribatizazioak, prestazio sozialak...). Erantzun eskerga horren balantzeak argi-ilunak ditu; besteak beste, pertsonen bizitzetan politika neoliberalen ondorio suntsitzaileak neutralizatzeko gai ez izatea. Kapitalak erabaki du galerak bere gain ez hartzea, eta neoliberalismo eta zentralismo handiagoarekin haiek sortutako hondamen sozialari erantzun egin dio. Ondorioz, prozesu bat martxan jartzeko beharra ikusi da Kartaren bidez. Ofentsiba kapitalista eta ultrazentralizatzailearen aurrean, Kartan langileen eta herritarren helburuak txertatu dira gure eskubideak defendatu eta zabaltzeko. Gauzak errotik aldatuko baditugu derrigorrezko urratsa da, alimaleko erronka da.

Neoliberalismoak eta haren gobernu aliatuek zein oinarriren gaineaneraiki nahi dute euren proiektua hurrengo urteotan?

1- Herrien eta pertsonen demokrazia eta burujabetzaren ukazioa. Koiuntura honetan, desjabetzea elementu gakoa da gure eskubide sozioekonomikoak, zibilak, kulturalak eta politikoak gauzatzeko aukera ezinezko bihurtzeko. Euskal Herriak zenbat eta botere burujabe gutxiago izan, kapitalak orduan eta botere eta inpunitate handiagoa.

2- Etengabeko prekarizazioa lan munduan zein bizitza sozialean. Eredu neoliberalak prekaritatea behar du irauteko. Prekaritatea zabaltzen ari da bizitzaren esparru guztietara: enplegua, etxebizitza, autonomia ekonomikoa, zaintza... Euskal Herriko biztanleen bi herenek prekaritatearen eragin zuzena pairatuko dute, edo haren mehatxupean egonen dira hurrengo urteotan.

3- Natura: edo merkantzia edo zabortegia: Egungo globalizazioak energia fosilak erabiltzen jarraitu nahi du, eredu kontsumitzaile, kontaminatzaile eta xahutzailearen mesedetan, betiere elikagaien burujabetzari bidea itxiz.

4- Eskubiderik gabeko pertsonak eta eskubide guztiak enpresentzat.Osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak, pentsioak, ondasun komunak... dena negozio bihur daiteke.

5- Errepresio eta kontrol sozialerako politiken areagotzea. Hasi zigor kodearen gogortzetik, dispositibo diskriminatzaile guztiak eremu guztietan hedatuz: kode patriarkala, xenofobia, langabetuen eta pobreziaren kriminalizazioa, hizkuntz zein kultur eskubideen ukapena.

Bai, proiektu neoliberala epe luzekoa da. Eta horretan, globalizazio honen aldekoek Euskal Herria merkatu huts gisa baino ez dute ikusi nahi. Horregatik sortu da Karta. Elkarrekin erantzun eta gure etorkizuna eraikitzeko, baita neoliberalismoa kolokan jarri, ahuldu eta gainditzeko ere. Eskubide sozialak bermatu nahi baditugu, pertsonen zerbitzura egonen denekonomia bat izan, bizitza zaindu edo desberdintasunak ezabatu nahi badugu... bide bakarra dago: erabakitzeko ahalmena eskuratzea, demokrazia eta burujabetza lortzea, botere ekonomiko eta politikoa gure esku izatea. Eta, munduko herriekin batera, globalizazio kapitalistari aski dela esanen diogu.

Karta ekintzarako eta konpromisorako ahalegin berritzailea da; ez da izan aldarrikapen taula huts bat. Aldi berean, Kartak eredu neoliberal, desberdintasunetan oinarritutako, kontsumitzaile, patriarkal eta antidemokratikoari aurre egiteko, Kartak gai izan behar du eredu alternatibo baten barruan indarra artikulatu, metatu, indartu eta erakusteko. Aukera bakartzat jotzen den errealitate honen kontraispilua izan behar dugu. Euskal Herritarrok aldaketa sozialaren norabidea eta edukiak markatzeko, instituzioak interpelatu eta aldaketaren zerbitzuan jartzeko protagonistak bilakatu behar dugu. Finean, gauzak errotik aldatzeko, elkartasuna berreskuratu behar dugu, elkarrekiko laguntza eta lankidetza.

Hurrengo hilabeteotan, diskurtso ofizialari aurre egiteko prestatu behar dugu geure burua: prekaritatean oinarrituriko hazkunde ekonomikoa edo eskubide sozialak bermatzeko antolaketa ekonomikoa. Bi bideen artean aukeratu beharko dugula ohartu behar dugu, eta hautaketa horren ondorioak arras ezberdinak izanen dira. Hauxe da aurrean dugun borroka.

Aurrera begira lau erronka. Baga: martxoak 14, aldaketa sozialaren aldeko gure proposamenekin kalean egonen gara interpelatzen. Biga: martxan dauden erasoei erantzun (TTIP, TISA...), eskuak lotuta multinazionalen menpean uzten gaituztelako. Higa: Karta eta bere lan modua zabaldu herri eta auzoetara. Laga: urriko Alternatiben Eguna prestatu, non indarra, ideiak eta erabakitasuna erakutsiko ditugun bestelako Euskal Herria eraikitzeko.

LABek animatzen zaitu bidea elkarrekin egitera. Ordena neoliberal honekin konforme ez gauden guztion arteko aliantza ezinbestekoa da. Ez dago beste alternatibarik. Karta etorkizunez beterik dago. Martxoak 14, hurrengo hitzordua dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.