Karmelo Landa

Euskal Herriaren norabidea hartu

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Independentzia komeni zaigu euskaldunoi? Eztabaida hortxe dabil. «Eskerrak badiren independentistak», irakurri genion hemen bertan Jose Mari Pastor zorrotzari oraintsu. Alde batetik bestera dabilen zirimola da batzuetan independentziarena, Eskoziatik Kataluniara, eta handik Euskal Herrira. Independentziak izango luke gurera nazio beregaina ekartzeko besteko oldarrik? Hori, demokrazian, erreferendumbaten bitartez neur daiteke, jakina,eta emaitzak aldekoak balira, estatu beregaina antolatuz.

Baina gure independentzia nahiak etsai boteretsuak ditu, Madrilen edo Parisen, baina etxe barruan ere bai. Horrela, independentzia gure herriaren esku egon behar duen aukera demokratikotzat hartu ordez, gaixotasun moduan aurkeztu nahi dute maiz, eta herritarroi, erreferendum aukera eskaini ordez, termometroa jartzen digute, gaixoei bezala,tenperatura hartzeko: barometroa, izan Eusko- ala izan Deusto-. Eta emaitzak aurkeztean, independentzia beti beherako joeran erakusten digute, sendabidean doan birus baten antzera.

Euskal herritarron aukerak Espainiak eta Frantziak gobernatzen dituzten eremuetan kokatzen diren bitartean, euskaldunoi ez zaigu independentziarako aukerarik eskainiko. Joko-eremuak mugatzen ditu posibilitateak, eta gure joko-eremu demokratikoa estatu bi horien menpe dago gaur-gaurkoz. Biak legitimatu dira Euskal Herria subjektu politiko gisa ukatzeko.

Frantziaren kasuan, errepublikanismo jakobinoa da ukazioaren oinarria, eta arbaso ilustre eta ilustratuak ageri nahi ditu: Frantziako Iraultza, Ancien Regime hura akabatzea,estatu iraultzaile laikotzat aurkeztua, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan martiri izandako la patrie, eta gaur egun la francophonie.

Espainiaren kasuan legitimazio elementuak ez dira hain erakusgarriak: Espainia deritzon estatuaren jatorrian oligarkia lur-jabe parasito zaharraren eta burges aberastu berrien arteko itun monarkikoa egin zuten, Hego Euskal Herriko oligarka finantzario eta industrialen kasta asimilatuz, frankismoa besarkatu zuten estatu erreakzionarioa salbatzeko. Ondoren, estatu horren zutabe nagusiak ukiezin bihurtuz, trantsizioa deitu operazioa burutu dute. Hor nabarmendu da demokrazia espainiarrak nola autodefinitu duen joko-eremua bere komenentzian eta gure kaltetan: Espainia, nazio bakarra; espainiera guztion derrigorrezko hizkuntza; monarkia inposatu ahal izateko, errepublikari erreferendum aukera ukatu; justizia eta errepresio sistemak ukitu gabe, eta amnistiaren estalkia frankismoari. Autonomien Estatua izan da amarrua, lehen Neguriko oligarkia estatu barruan fusionatu zuten moduan, oraingoan elite jeltzalea estatu bereko bertsio modernotuan fusionatzeko.

Hala ere, bai Euskal Herrian baiKatalunian, Estatu espainiar ilun horretan integratzearen aurka herri mugimendu zabala agertu zen, bai frankismo garaian bai trantsizioan. Are gehiago, gurean nazio-proiektu propio osatua diseinatu zuen belaunaldi oso bat nabarmendu zen, 60ko hamarkadatik aurrera; Gabriel Aresti, euskal nazio zaharberritu baterako etika soziala zein estetika berritua plazaratu zituena; Joxe Azurmendi, euskal etxearen oinarri filosofiko eta politiko sakonak finkatu dituena; Koldo Mitxelena, euskara, menpeko hizkuntza atomizatua izatetik kultur polisistema propioaren orube izateko prestatu eta diseinua burutu zuena; eta Txillardegi, aurreko atal guztiak elkarlotu eta arlo pragmatiko, akademiko zein politikora ekartzeko lehen ahalegin serioa burutu zuena.

Era horretan, Euskal Herriaren independentzia aukera alternatibo gauzagarri eta desiragarri agertu zen euskaldun asko eta askoren begien aurrean. Nola desaktibatu behar zuen estatuak mehatxu hori? Euskal Herriaren atomizazio administratibo-politikoan sakonduz, batetik, eta trantsizioaren errelato ofiziala dogma bihurtuz, indar independentista euskaldun zein katalanei biolentziaren eta terrorismoaren sanbenitoak eskegiz eta hauen deslegitimatze soziala probokatuz.

Hauxe da gaur, hain zuzen ere, independentziaren aldeko mugimenduak daukan egiteko nagusia: nola gainditu estatuak jarri dituen traba hauek eta aurkeztu berriro euskal herritarren aurrean independentzia proiektu desiragarri eta gauzagarri moduan. Nazio-proiektuaren fundatzaileen bidetik, esango nuke. Joxe Azurmendik, Gabriel Arestirekin izandako harremana gogoratuz,hauxe zioen: «Sozialismorako bide euskaldun bat, hori zen gure ametsa orduan». Amets hura, beraiek modu zehatzean diseinatu zuten euskal nazioaren arkitektura, gaur bide politiko nola bihurtu.

Konstatazio bat: ez dugu halakorik lortuko estatu horren balizko demokratizazioaren bidetik, Madrilen gobernatzen duten balizko progresistenak direnekin negoziatuz. Bidehorrek Espainia den moduko hori egonkortzera daramalako, gu barruan harrapaturik. Ikusi progresismo espainiarraren eredu den Pablo Iglesias presidenteordearen hitzak Madrileko Kongresuan: «Guztiok dakizue ni errepublika zalea naizela, baina orain, gobernu honetako presidenteordea naizen aldetik, monarkiari errespetua izateko exijitu behar dizuet».

Independentzia ezin da gaurko politikan arazo sektorialak (ekologia, justizia soziala, euskararen babesa) kudeatzeko indar soila bilakatu. Ezin da Madrileko Kongresuan eta bertako gobernuekin erreibindikazio zehatzen negoziazio-posizioa indartzeko erabiltzen den komodina izan, ERCk, adibidez, azkenaldian gustuko duen eran. Independentzia proiektu politiko instituzional globala eta gauzagarria izan behar da Euskal Herrian. Katalunian gaur gizarte eremu zabal batentzat den bezalaxe. Hor dugu euskal herritarrok aliantza estrategikorako alorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.