Egunotan aurkeztuko du PNVk herri honi egingo dion proposamena: Batasuna eta indarra izeneko dokumentua. Prentsan agertu denaren arabera, hauek izango dira txosten horren oinarriak:
Tarte zabala eskainiko die bakeari eta bizikidetzari, alde batetik, eta 2011n ETAk iragarritako su-etenak ekarri duen egoera berriari, bestetik.
Bakea biolentziarik eza soilik ez delako premisa kontuan izanik, bizikidetzarako oinarrizko akordio bat dute lehenetsia; gutxieneko akordio bat: «funtsezkoa hitzartu eta gainontzeko guztian demokratikoki bat ez etorri».
Ezinbestekoa da, horretarako, «iraganari, orainari eta etorkizunari buruz herri honetako familia politiko guztiek» onartuko duten zoru etiko eta demokratikoa ezartzea.
Batasuna eta indarraren testuak «bigarren trantsizio» bat definitzen du Euskadirentzat. Espainiako Estatuarekin beste harreman bat lortzeko asmotan dabil PNV: «euskal nazioaren errekonozimenduan, aldebikotasunean eta erabakitzeko eskubidean» oinarritutako estatus baten bidez lortu nahi du harreman hori, hain zuzen ere. Jeltzaleen helburua «beste marko juridiko-politiko bat ahalbidetuko duen akordio integratzaile bat» bilatzea da.
Hauek dira PNVk dokumentu honetan, beste batzuen artean, erabilitako premisak: euskal gizartean elkar errespetatuz eta elkarrekin bizi behar duten «askotariko identitateak» bizi direla, eta Euskadiko herritarrek herri bat osatzen dutela, bere etorkizuna erabakitzeko, galdetua izateko eta bere borondatea errespetatua izateko eskubidea eta ahalmena duena.
Espainiako Estatuarekin aldebikotasun harremana izatea beharrezkoa dela diote, hitzarmen berria beteko den berme gisa.
Gure herriaren egoera larria da, ordea. Etsaien sisteman leporaino sartuak gaude. Integrazioa gero eta nabarmenagoa eta sakonagoa da. Jende asko erabat etsita dago; desilusioa erabatekoa da eta herria amore ematen ari da. Gaurko errealitatea besterik gabe onartzen ari gara, errealitate hori zerk eragin duen inolako azterketarik egin gabe.
Euskal Herriak albo batean utzia du independentziaren helburua. Ez da ikusten, ez da entzuten, ez da irakurtzen, ez da sentitzen. Sentitzen ez dena ez da desiratzen, eta desiratzen ez dena ez da inoiz lortzen.
Ez da egia biolentzia desagertu egin dela. Gure herria aske ez den artean hor dago biolentzia, biolentzia sistemiko eta estrukturala. Bakea eta bizikidetza askatasunetik abiatuta eraikitzen dira.
Euskal Herriak ez du inorekin ezer hitzartu behar, funtsezkoa izan ala ez; haren eginkizun bakarra askatasuna berreskuratzeko indarra erabiltzea da. Askatasuna da gure iragana, eta askatasuna izan behar da guk lortu behar dugun zoru etiko eta demokratiko bakarra. Hori ez da «herri honetako familia politiko guztiek» onartu behar duten zerbait; herri honi berez dagokion zerbait baizik.
Zapaldua dagoen herri bateko lurraldean, gurea kasu, ez daude elkarrekin bizi nahi duten askotariko identitateak; bi identitate besterik ez dago: bat menderatzailearena eta bestea menderatuarena. Lehenarentzat ez dago Euskal Herririk; bigarrenak, aldiz, askatasuna lortu nahi du. Ezinezkoa da biak elkar errespetatuz bizitzea, batak bestea zapaltzen baitu.
Indarrez ezarritako lurralde zatiketa bat areagotu besterik egin ez duen Autonomi Estatutuan oinarritzen bada gure estatus berria, zatiketa hori betikotu egingo da. Gure estatus berriak independentzia behar du izan, eta hori osotasunetik abiatuta soilik lortu daiteke.
Gu herri bat gara eta lurralde bakar bat dagokigu. Bi estatuk indarrez ezarri diguten zatiketa da errealitatea, bai, baina gure ikuspegia osotasun batean oinarritu behar dugu. Ez diogu lurraldearen osotasunari uko egin behar. Bat da indarrez lapurtu ziguten lurraldea. Berreskuratzeko dugun eskubidea ere bakarra da, ez dira hiru.
Ez gaitu independentziara eramango gaur bakean bizi garela esateak, gure etorkizuna «herri honetako familia politiko» guztien esku uzteak eta Espainiako Estatuarekin aldebikotasunez beste trantsizio bat adosteak; jokaera horrek Euskal Herriaren heriotza iragartzen du.
Bidea beste bat da; jende asko etsita dagoela aipatu dut gorago; jende hori suspertu egin behar da, eta, horretarako, independentzia helburu bakarra eta ezinbestekoa izango duen erreferentzia bat sortu eta antolatu behar da. Etsita dagoenak, itsasargi hori ikusten duenean, tinko, distrakziorik gabe, ahal duen neurrian etsaiaren legeari uko eginaz, herriaren aldeko politika eginaz, bat egingo du erreferentzia horrekin; hori izango da Euskal Herriaren askatasuna lortzeko lehen urratsa.
Euskal Herriaren askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu