Bi urte pasa dira jada Herria Abian! jaio zenetik, bi urte daramatzagu aldaketa soziala aldarrikatzen. Gure jarduna egungo egoera sozialaren gaineko diagnostiko batetik hasi zen, ehun eragile sozial baino gehiago eta beste hainbat norbanakoren batzar bidezko parte hartze zabalaz baliatuz egindakotik. Modu berean, aldarrikatzen dugun aldaketa sozialaren gutxieneko oinarriak adostu genituen, eta, ondoren, berauen zabaltze kanpaina bati ekin.
Banketxe eta enpresa diru gose espekulatzaileek sorturiko krisi testuinguru honetan, berriz, gure herriko eta orokorrean mundu osoko agintari politikoek hartu eta hartzen ari diren erabaki makroekonomikoak banku eta enpresa horien mesede soilerako dira, langile klasearen kaltetan.Espainiako Estatuko enpresak Europa osoko subentzionatuenak dira, eta hori nahikoa ez izanik,kosta ahala kosta, enpresa eta banketxe hauek izandako jarduera espekulatzaile arduragabeak ekarritako galerak, eta haratago oraindik, euren irabazi itxaropenen kostua ere bai, diru publikotik ordaindu nahi dituzte. Horretarako, alde batetik, itzelezko diru publiko injekzioak egin dituzte banketxeentzat, enpresei zergak jaitsi eta askotan ezabatu dizkiete, langileei zergak igo dizkigute bitartean, sektore publikoa esku pribatuei eman diete opari, eta langileen kaleratzeak ere diru publikotik ordaindu dituzte. Bestetik, langile klaseari zuzenduriko gastu publikoa lotsagabe murriztu dute, kutxa publikotik laguntzak jasotzen dituzten pertsonak kriminalizatu dituzte, bertatik laguntzak jasotzeko bidea oztopo gaindiezinez bete dute, osasungintza publikoa xahutzen ari dira eta gure ekarpenetik ordaintzen ziren zerbitzu publikoak berriz ordainarazi nahi dizkigute.
Testuinguru honetan kokatu behar da pentsio sistemaren azkeneko erreforma. Gastu sozialen etengabeko murrizketa jario honetan. Kapital handien diru gosea ase ezinik langileok geneukan babes apurra ezerezten ari zaizkigu. Pentsioen sistema publikoa deuseztatu eta pentsio plan pribatuak bultzatzen ari dira, gure aurrezki eskasekin ere banketxeek negozioa egin dezaten. Hala nola pentsio plan pribatu hauek, iaz, 5.000 milioi baino gehiago galdu dituzte gaizki eginiko inbertsioetan, eta, halere, 808 milioi baino gehiago kobratu dizkigute komisioetan. Alajaina! Gure dirua burtsan galdu eta, gainera, komisioak kobratu... Lotsagabeak! Pentsio publikoen sistema sostengaezina dela eta sistema pribatua saldu nahi digute nola hala. Baina sistema publikoa, etekin pribatuetara zuzendugabe, bideragarria ez bada, nola da posible irabazi pribatuak helburu nagusi dituen sistema bat bideragarri izatea? Nola da posible sistema publikoa bere horretan bideragarri ez izatea eta sistema pribatuarentzat etekinak eman ondoren bideragarri izatea ? Erantzuna, tamalez oso sinplea da: gure pentsioekin negozioa egin nahi dute eta ez zaie interesatzen bankuei etekinik ematen ez dien sistema publiko bat mantentzea.
Erretreta adina atzeratzeaz gain, pentsio erreformak gutxieneko kotizazio urteen kopurua nabarmen handitu dute, eta gehiago luzatzeko asmoaz, gainera. Lan merkatuan geroz eta beranduago sartzen den gazteriarentzat ezinezko bihurtzen du jubilazio pentsioa osorik kobratzea. Gainera, pentsioen oinarria kalkulatzeko denbora tartea luzatu dute, etorkizuneko pentsiodunen poltsikuaren kalterako. Horretaz gain, soldata eta pentsioen izozteak agindu dituzte, eta langile klasearen soldaten pisua geroz eta gehiago arindu.
Azken finean, oligarkia elitista diru gose baten mesedetarako hartutako neurriak dira denak. Guztion lanaz sortutako aberastasuna esku bakan batzuetan pilatzen ari da, eta klase politikoa festara batu da, ondasun publikoa lotsarik gabe lapurtzera. Herria Abian!-ekook, jarrera hori salatzeaz gain, alda dezatela exijitzen diegu. Aldaketarako abiapuntua deitu ditugun lau ardatzak kontuan har ditzatela:aberastasunaren banaketa, lanaren banaketa (produktiboa eta birproduktiboa), ekonomiaren demokratizazioa eta ekosistemaren garapen demokratikoa. Has daitezela, adibidez, pentsioen erreforma honen aurka bozkatuz Madrilen. Madrilen bozkatzeko eskubidea duten hainbat alderdiri helarazi diegu dagoeneko gure exijentzia, baina, egia esatearren, herritarrak defendatzen dituztela hitzetik hortzera dioten horiek kasurik egingo ote diguten ez gaude oso itxaropentsu. Ez horixe.
Euskal Herriak aldaketa soziala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu