Ezker Abertzaleko kidea

Euskal Herria, mozal lurraldea

2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Duela bederatzi urte, mozal legea onartzekotan zegoela oraindik, Europako Kontseiluak legea «neurriz kanpokoa» izango zela esan zuen, eta «kezka larria» adierazi zuen. «Lege hau kaleko protesta eta kritika kriminalizatzeko izugarrizko zentzugabekeria atzerakoia eta kontserbadorea da», esan zuen Joan Queralt Bartzelonako zuzenbide penaleko katedratikoak. Legea «behargabekoa, errepresiboa eta desegokia» dela aipatu zuten Demokraziarako Epaileak eta Abokatu Progresistak elkarteetako ordezkariek. Tamalez, GKS, Jarki eta Ernai gazte erakundeen aurka eman diren azken zigor neurrigabeek aurreikuspen hauek guztiak bete direla erakusten digute.

2015ean, Eleak-Libre mugimenduak Herritarren Segurtasunerako Lege hau Euskal Herrian aplikatu zen lehen urteari buruz egin zuen balantzearen arabera —Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuek emandako eta Argia euskal aldizkariak argitaratu zuen datu ofizialetan oinarrituta—, lege hori 3.052 aldiz aplikatu zen, eta, batez beste, 33 zehapen ezarri ziren astean Nafarroako Autonomia Erkidegoan 2016an. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari dagokionez, Herritarren Segurtasunari buruzko lege hau aplikatuz Ertzaintzak (Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia) 2015eko uztailetik 2016ko abendura bitartean ezarritako zehapenak 8.087 izan ziren guztira, batez beste 88 zehapen astean. Hau da, indarrean izan zen lehen urtean, astero-astero, ehun eta hamar aldiz baino gehiagotan aplikatu zen Herritarren Segurtasunari buruzko Legea Hego Euskal Herrian... Eta geroztik gauzak okertu baino ez dira egin.

2016an, Nafarroako zein EAEko legebiltzarrek mozal legearen aurkako iritzia eman zuten, eta Eusko Legebiltzarrak Euskal Gobernuari mozal legea ez aplikatzeko eskatu zion. Alfer-alferrik, azken bederatzi urteotan aplikazioa indartu baino ez baita egin.

2018an, bi gobernuek erabaki horiek betetzeko asmorik ez zutela ikusirik, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienek mozal legearen indargabetzea eskatu zuten. Besteak beste, Eleak-Libre mugimenduaren eskaerarekin bat egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Komite Internazionalistek, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Bake Ekintza Talde Antimilitaristak, Ernai gazte mugimenduak, Askapenak, Nor Euskal Herria Antiespezistak, Askekintzak, Errauskailuaren Aurkako Mugimenduak, Satorralaiak-ek eta Errekaleor Bizirik-ek. Sindikatuen artean, ELA, LAB, ESK eta Steilasek bat egin zuten, eta indar politikoen artean, Sortuk, Equok eta EH Bilduk. Herri hedabideetan artean, azkenik, Argia-k, Hala Bedik eta Topatuk. Bi hitzetan esanda, euskal jendartearen gehiengoak eskatu zuen mozal legearen indargabetzea. Kasurik ere ez.

2019an, Eleak-Libre mugimenduak NBEko Giza Eskubideen Batzordean adierazi zuen gertatutakoa: «Herritarren Babeserako 4/2015 Lege Organikoak, mozal legeak, areagotu egin ditu, argi eta garbi, poliziaren gehiegikeriak eta biltzeko, manifestatzeko, antolatzeko eta prentsa-askatasunerako oinarrizko eskubideen urraketak, kritika politikoaren eta gizarte-mobilizazioaren aurkako errepresioa areagotuz. Lege honek berekin dakar zigortzeko prozedura orotan dauden berme prozesalak desagertzea, eta kalte egiten die segurtasun juridikoaren printzipioari, legezkotasun-printzipioari, defentsa-eskubideari eta errugabetasun-presuntzioari, bai eta alderdien/prozesuen berdintasuna eta proportzionaltasun-printzipioari ere. Legedi horrek guztiak mugimendu sozial, sindikal eta politikoen kriminalizazioa eta errepresioa sustatzen ditu, eta, beraz, Nazio Batuei eskatu diegu dei egin diezaiola Estatu espainolari berehala indargabetu dezan».

2021ean, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak esan zuen, The New York Times egunkariari emaniko elkarrizketa batean, Pedro Sanchezen gobernuak mozal legea berrikusteko borondatea zuela. Geroztik, Madrilgo Kongresuan dauden indar politikoen artean 50 bilera baino gehiago egin omen dira, baina gaur-gaurkoz, mozal legeak indarrean jarraitzen du eta baita bere aplikazioak sortzen duen sarraski politikoak ere.

Ipar Euskal Herrian mozal legea ez da aplikagai, baina frantses gobernuak ere bere mozal neurriak hartu ditu protesta soziala suntsitzeko. Fitxategi polizialen ugaltzea zein kontrolen indartzea edota lurraren defentsan, espekulazioaren aurka ala euskararen aldeko ekintzetan parte hartzeagatik epaituak eta zigortuak izan diren militanteak horren lekuko dira. Bi hitzetan esanda, Euskal Herria mozal lurraldea bihurtu digute.

Eta non dago tamaina bereko gure erantzuna? Ez dago. Desobedientzia zibila, kolaboraziorik eza, intsumisioa, herri erresistentzia edota ekintza zuzena ez direla delitu pentsatzen dugun guztiok elkartu eta hauek praktikan jarri eta indartu behar ditugu, jasaten ari garen erasoei aurre egiteko erresistentzia kutxa sozialak antolatuz. Joko arauak aldatzen ez baditugu, gureak egin du, eskubide guztiak zapuztuko dizkigute.

Errepresioa, gure askatasun proiektua indartzeko tresnak bihurtu behar dugu. Gure aurkako zenbat eta eraso gehiago, orduan eta erantzun mobilizatzaile handiagoz erantzun behar diegu. Horretan indartsuagoak izan behar dugu, nekaezinak, iraunkorrak, tematiak. Erresistentzia zibilaren eta desobedientziaren estrategiak garatu behar ditugu. Erresistentzia zibilaren txanda da, eraikuntza nazional eta sozialaren matxinadarena. Dinamika instituzionalean murgilduta dauden euskal eragile politikoek ez dute horrelakorik egingo. Herri mugimenduaren ordua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.