629 bizitza (beste zazpi bidean daude) jokoan. 629 pertsona hil ala bizi. 629 itxaropen itsasoan itotzear.
Italiak ateak itxi dizkio Aquarius itsasontziari, eta Frantziak ez ikusiarena egin du.
Espainiak aurpegia zuritu nahi izan dio burua geroz eta lurperatuagoa duen Europako Batasunari, eta, horrela, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek ongi etorri beroa egingo dio Sanchezi espainiar gobernuburu gisa.
Europako estatuek ez diote emigratu, exiliatu eta errefuxiatuen gaiari heldu nahi, eta, era berean, ez dute nahi Europako Batasunak horren inguruko eskumenak hartzerik.
Han dabiltza, ez egurra ebaki, ez aizkora eman. Segurtasunean eta defentsan jarri dute lehentasuna, eta Frontex mugak «zaintzen» dituen programara milioiak eta milioiak bideratzen dituzte. «Erabakirik hartu nahi ez denean, dirua jarri» lemapean ari dira gobernatzen Europako estatuak.
Aldiz, Europan estaturik ez dugun naziook antipodetan dagoen jarrera eta joera dugu. Frantziako estatuari gailenduz, Korsikako presidente Gilles Simeonik eskaini dio Mugarik Gabeko Medikuen itsasontzi Aquarius-i Mediterraneoko irla hura, lur hartzeko. Valentziako presidente Monica Oltra, Kataluniako presidente Quim Torra, Nafarroako Uxue Barkos... Arin azaldu dira prest hil ala biziko egoeran dagoen jende hori hartu, artatu, eta bizitza duina ematen saiatzeko.
Eta Eusko Jaurlaritza? Urkulluren epeltasunean, beharretan daudenen %10 hartuko dituela erabaki du. Ez da lehendabizi ikusi zer behar duten, zein baliabide ditugun, nola egingo den banaketa, beste lurraldeetan nola ari diren antolatzen... Ez; Jaurlaritzak %10 eta listo.
Zer den, gero, bizitza; dena duenak ezer ez du eman nahi.
Ezer ez duenak dena eskaintzen duen bitartean.
Eskumenak, boterea eta erabakiak hartzeko ahalmena duten estatuek ez dituzte eskumenak erabiltzen, boterea beraien lurretan atzerritarrik ez sartzen uzteko erabiltzen dute (gogora gaitezen, kontzertinez, itsasoan zeudela Guardia Zibilak tiroz hildakoez, deportazio express-ez), eta erabakiak hartzen dituzte tapoi gisa erabiltzen dituzten estatuekin, Turkia edo Libia kasurako, ordaindu eta denbora batez bakea izan dezagun gai honekin.
Izaera ere ukatzen diguten nazioek,ostera, elkartasuna dugu gure arma, eta giza eskubideak oinarri. Inor ez dela ilegala badakigu, ilegala behar lukeena egoera anker hau denean.
Euskal Herria harrera herria da, gu ere historian zehar hainbatetan hartu gaituztenei esker ikasia. Eta badakigu elkartasunari mugak ezin zaizkiola ezarri ere. Migrazioak geroz eta gehiago gertatuko diren fenomenoak dira. Bada garaia egoera honi konponbide politikoa emateko, eta epe motz, ertain eta luzerako neurriak har ditzagun. Geure buruak, herriak eta baliabideak ate joka dugun errealitatera ireki behar ditugu; ez horren guztiaren %10 soilik, Urkullu jauna!
Euskal Herri justu batek mundu duinagoa osatuko baitu, eta mundu justuago batek, Euskal Herria duina.
Euskal Herria, harrera herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu