Euskal Herria askatuta

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Guztion kontzientziak astindu ditu 2012ko Onze de Setembreko Diadak. Hainbat faktoreren uztardura, hots, katalan herriaren mendetako subiranotasun desioa, kultura katalanarekiko gobernu espainiarrek erakutsi duten arbuioa eta maiz pertsekuzioa, Banka aseezinak eta bere zerbitzuan dauden politikariek ekarri diguten krisi larri sozio-ekonomikoa izan dira milioi eta erdi katalan subiranista, Bartzelona bake ederrean gainezka hartuz, gobernu katalan eta espainiarrari jakanarazi diotenak: Aski da!. Rajoy presidenteak algara (algarabía) bezala kontsideratu zuen ibilaldi lasaia, arazo nazional periferiko larriei ekiteko Espainiak duen tradizioari eutsiz. Buruan zeramaten pankartak honela zioen: Catalunya, nou Estat d'Europa. Bandera estelatu txit ugari kulunkatuz, Estatu libreen nazioarteko kontzertuan Kataluniak subiranoa izan behar duen uste sendoarekin, manifestazio erraldoiak adierazi zigun Estat d'Europa berria gertakizun bideragarri bezala nabarmentzen dela, nahizeta trabagarri Konstituzio antidemokratiko, antisozial eta militarista eduki aurrean. Independentziaren aldeko gehiengo nabarmen batek bidea libre aurkitu behar du, nahiz ez den erraza gertatuko baina bai bideragarri, kontuan hartu behar baita Konstituzioa eta bere legeak mantra magiko sendatzaile bezala argudiatzean datzan baliabide hutsak porrot egingo duela aurrean gehiengo nabarmen baten irrika sezesiozale bat jarkitzen bazaio, eta areago historikoki eskubidez dagokiena, hau da, Europan estatu propio izatea konkistatzeko erakunde autonomikoek erabaki sendoz babesten badute. Uste izatekoa da Espainiaren hurrengo eskaintza Estatu konfederala osatzea litzatekeela, gutxiagoko akordioa erabat arbuiagarria bailitzateke.

Katalunian abiatu den trantsizio nazional prozesu honek, gure lehen mundu honetan ezer berria izan gabe ere, halaber erne behar luke Euskal Herriko indar politiko, sozial eta kultural guztien baitan lorpen berdinak eskuratzeko grina bizia. Poto egin duen estatua izanik, Espainiak ez du lortu euskal gehiengoa eroso senti dadin Konstituzio zanpatzaile eta eskubideen urratzailearen barnean. Tradizioz golpista izan den Armadaren babesarekin, Espainiako gobernuek ez dute inoiz kontzientziaren kargurik izan baliabide eskolar, militar, polizial, judizial eta administratiboak aplikatzeko orduan, honela bere «unidad de destino en lo universal» delakoan militarki errenditutako nazioak menderaturik mantentzeko. Herrien kartzela den Espainia honen barnean izan dugun bilakaerak, bada, amaiera hurbil du.

Aldeko faktore sail batek gure ibilbide subiranistan aurrera egitera bultzatzen gaitu. Asko dira gure lehen mundu honetan erreferenduaren bidez beren estatusa aldatu duten herrialdeak: Alemania, Estonia, Letonia, Lituania, Kosovo, Eslovenia, Croacia, Montenegro… eta autodeterminazio eskubidea erabili dezaketen herrialdeak: Quebec, Escocia, Gales… Espainiak gaur nazioartean erakus dezakeen onarpena edota interesa murritza da, duen botere ekonomiko eta diplomatikoa geroz eta ahulagoa delako; barneko bere garapen politikoa geroz eta ezegonkorragoa agertzen da; bere Konstituzioak apenas sortzen duen elkarbizitzarako eredurik, ez bada frankismoaren oinordekoentzat; ongizate estatu ororen zutabe diren Hezkuntza eta Osakidetzari etorkizun beltza iragartzen zaie eta langileriaren ehundura biziki hondatzen ari da krisi izugarri hau sortu digutenbankuen esku-makil diren politikoak errukirik gabe aplikatzen ari diren murrizketen bidez. Krisia gainditzea luze joango da eta intentsitate zorrotzarekin. Bitartean, Defentsarako baliabideak era laidogarrian hazi dira, krisi itogarri bete-betean.

Gure manifestazio subiranistak algaratzat jotzen ditu Rajoyk eta kimeratzat Estatu-buruak. Adierazpen faxistak dira. Politikari gehienek, zorionez, gure desioen interpretazio hau gaitzetsi egiten dute. Errespetua digute, baina oraindik ere irensgaitz gertatzen zaizkie espainiar batasun behartua hautsiko luketen plebiszitu baten ondorioak. Espainiaren kontzeptu ez demokratikoa lehenesten dute espainiar xedearen batasunean integraturik «behar luketen» herrien borondate subiranoen aurrean. Denborak aldaraziko die duten pentsatzeko moldea.

Bitartean, euskaldunok, ezker abertzalea buruan, gure independentzia hain desiratua lehenbailehen aldarrikatzeko giro egokia sortzeari lotu behar gatzaizkio buru-belarri. Gaur subiranistak gizartean sektore masiboa gara, bihar autodeterminazio eskubidea baliatu ahal izateko benetako gehiengo zabala osatu behar dugu. Gure aldarri subiranistak okerrean itsuturik dauden betiko aurkariak aldatu egin behar ditu. Manuel Azañak zioen: «Y si quieren remar solos, dejémosles que lo hagan». José Mª Ruiz Soroa nazionalista kutsurik gabeak idatzi zuen: «Si en Cataluña o País Vasco existiera un sentimiento nacional homogéneamente unitario, hace tiempo que se hubieran solucionado por sí mismos los problemas, por secesión natural». Bidea argi eta garbi seinalatzen digula ulertu behar dugu.

Askatu behar dugun gordiar korapiloak PNVrekin erlazioak egoki ezartzea eskatzen du, sezesio naturala helburu. Euskal politikaren behatzaile huts naizelarik, bi talde abertzale nagusien orain arteko erlazioak oso garratzak izan direla esango nuke. Orain badakigu aipatu erlazioak nola abordatu behar diren. Hala bortxaturik mantendu den bi formazioen arteko polarizazioa gainditu beharra dago behin betiko. Ezker abertzaleak, agian, baretu egin beharko luke bere oldar subiranista eta bestea herri osoarentzat onuragarria izango den proiektu bideragarri baten ingurura erakarri. PNVk, independentista 1895an sortu zenez geroztik, ez du inoiz ukatu bere izaera subiranista, nahiz benetako bere ibilaldian baiezkoaren inpresioa eman. Beraz, PNVren errealismo beti gerorakoa eta itxuraz gomendagarria ez den ezker abertzalearen presa egoki uztartu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.