Euskal Herria, aro berri baten atarian

2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aste hau garantzitsua izan da Euskal Herri berri bat eraiki nahi dugun guztiontzat, bere legeztapenari begira Ezker Abertzaleak emandako pausoak astindu ederra eta ukaezina eman diolako euskal politikari. Eta espainolari. Sortu alderdi berriaren estatutuak barne prozesu baten ondorio dira, hausnarketa, eztabaida eta erabaki burujabe eta autonomo baten emaitza, eta, dudarik gabe, azken hilabeteotan egindako lan horrek bere fruituak izan behar ditu nahi ala ez. Garai berriak oinarri berriak behar ditu eta astelehenean aurkeztutako alderdi berriaren estatutuak hori dira, oinarri berriak. Euskal Herri berri bat eraikitzeko oinarri berria.

Eusko Alkartasunean jakin bagenekien noraino iristen diren Ezker Abertzalearen konpromisoa eta erabakia, eta horren isla dira, besteak beste, berarekin sinatu ditugun Lortu arte eta Euskal Herria ezkerretik itunak eta Gernikako Akordioa. Orain, astelehenaz geroztik, aitzakia guztiak agortu zaizkie orain arte konpromiso hori—alderdi interesengatik askotan—zalantzan jarri nahi izan dutenei.

Ezker Abertzaleak egindako urratsen tamaina eta sakontasuna ikusita, Sortu bere proiektu politiko berriak legezkoa izan behar du Euskal Herrian atarian dagoen aro politiko berria gauzatze aldera, batetik, baldintza legal guztiak betetzen dituelako, eta, bestetik, iraganarekiko loturak hautsi dituelako. Euskal Herrian politikan aritzeko modu berri bat dago, soilik politika eginez, indar metaketaren bitartez, indar independentistak eta subiranistak elkarlanean, eta formula berri hori Euskal Herri berriaren protagonista nagusia izango den uste osoa dugu Eusko Alkartasunean. Horretan gabiltza azken hilabeteotan euskal nazioari ezkerretik etorkizuneko proiektu ekonomiko eta sozial justu eta solidarioa eskaini nahi diogun indar subiranista eta independentistok.

Jakin badakigu, hala ere, bidean oztopoak aurkitu eta gainditu beharko ditugula. Izan ere, eragile batzuk indar metaketa horren lanak eman ditzakeen fruituen beldur dira, soilik parametro horietan koka daitezkeelako zenbait alderdik azkenaldian agerian utzi duten urduritasuna eta haien adierazpenetan maiz azaldu diren gorabeherak.

Estatuaren eta alderdi espainolisten eskutik ezer gutxi espero dezakegu Euskal Herrian, autodeterminazio eskubidea gauzatzerako bidean sor dezakeguna zapuztea baino ez. Are kezkagarriagoa da, ordea, euskal alderdi batzuen jokaera, zabaltzen ari den egoera politiko berriari beldur diotela erakusten ari baitira, azken urteotan instituzioetan lortutako posizioak arriskuan ikusten dituztelako eta, horrez gain, ederki dakitelako aurrerantzean nazio eraikuntzaren gainetik proiektu autonomistak eta alderdikoiak lehenesteak koste handiak ekarriko dizkiela.

Pilota, edonola ere, espainiar Gobernuaren teilatuan dago; Ezker Abertzalearen proiektu berriak eskakizun guztiak bete ditu, eta juridikoki, espainiar Estatuan benetako demokraziaren oinarriak zorrotz beteko balira, ez legoke ihesbiderik, baina, azken finean, badakigu erabakia politikoa izango dela. PSOEk izugarrizko presioa jasango du PPren aldetik, eta, egoerak erantzukizunez jokatzea exijitzen duen arren, ez dirudi PSOE tamaina horretako erantzuna emateko gai izango denik. Berriro ere Euskal Herria Estatu kontu bilakatu da, eta, PPren aurrean bere burua zuritu nahian, Zapaterok ez ditu Sorturen estatutuak ontzat emango eta berari dagokion erabakia epaileen esku utziko du, beste behin ere alderdi interesak lehenetsiz.

Ezker Abertzaleak indarkeriaren zikloari ateak behin betiko itxiko dizkion Prozesu Demokratikoaren aldeko apustua berretsi eta bide soilik demokratiko eta politikoen aldeko jarrera irmoa adierazi du. Alderdi abertzaleok ezin diogu aukera berri honi muzin egin, eta abertzale bezala dugun ardura bereziari heldu behar diogu; ezin gaitezke ezer berririk gertatuko ez balitz bezala geratu PSOE eta PP funtsezko printzipio demokratikoak urratzeko prest agertzen ari diren honetan. Balizko bidegabekeriaren aurrean ahotsa altxatu eta espainiar Gobernuari behin betiko normalizazio politikorako bidean oztopoak ez ipintzeko exijitu behar diogu.

Aro berri baten atarian gaude, bai, baina ezin gaitezke atarian geratu. Aro berri horretan behingoz sartzea merezi du euskal gizarteak, eta bide horretan Sortu alderdi berriaren legeztapena aurrerapauso garrantzitsua izango da. Ezinezkoa litzateke garai berri hori eraikitzea demokraziaren aurkako aintzinako moldeak erabiliz.

Ezker Abertzaleak egindako urratsak nahikoa ez zirela behin eta berriz errepikatu ondoren, PSOE eta PP argudiorik gabe geratu dira, batik bat pauso horiek atzerabueltarik ez dutela kontuan hartuta. Alderdi berriak edozein eratako indarkeria, ETArena barne, errefusatu du argi eta garbi, eta adierazpen horren dimentsio politikoa ukaezina da. Ozenago esan daiteke, baina argiago ez.

Politikak ezin dio gizarteari bakea ezagutzeko aukera kendu. Ezin gara garaile eta galtzaileen politikan erori; horrek gatazkaren sua piztuta utziko luke eta bada garaia hainbeste sufrimendu eragin duen gatazka guztion artean gainditzeko.

Jada ez dago aitzikiarik politika egiteko. Elkarrizketa politikoaren berme eta zaintza bakarra soilik euskal gizartearen eta eragile politiko, sindikal eta sozialen esku dagoela onartuz, proiektu politiko guztiek, salbuespenik gabe eta baldintza berdinetan, defendatzeko eta gauzatzeko aukera izan behar dute. Une historiko honetan hauteskunde eta alderdi interesak ezin dira oztopo izan, jokoan dagoena euskal gizartearen etorkizuna baita. Ezinbestekoa da, beraz, arduraz jokatzea. Indarkeria mota guztiak iraganeko amesgaizto bihurtzeko bidean gaudela jakinik, Euskal Herri berria guztion artean eraikitzeko aukera dugu. Aprobetxa dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.