Euskal Herri berria, herri-katarsia eta striptease politikoak

2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
ETAk borroka armatua bukatu izanak, nolabait, herri-katarsia zabaltzeko parada ematen du. Hortaz, nitaz-gutaz mintzatzea barkatuko didazuelakoan nago, garai erabakigarri honetan denok biluzteko beharrean gaudela uste baitut, ekarpenak zintzo bezain emankorrak izan daitezen, behintzat.

Etxebarrieta eta Manzanas hil zituzten urtean jaio nintzen eta, beste askok bezala, gure bizitzan armen hotsik gabeko Euskal Herria ez dugu ezagutu. 10 urte nituelarik, Gladys hil zuen Guardia Zibilak, gure auzokoa. Egun berean, auzoko gazte eta umeok tabakaleraren aurrean barrikada erraldoi bat altxatu genuen. Ez badut gaizki gogoratzen, bi egunez, Atotxatik Ametzagañaraino zegoen eremua askea izan zen. Hileta egunean «grisek» sarraski ederra egin zuten. Hori izan zen nire «bataio politikoa».

Geroztik, gure auzoa, gure ingurua, nabarmen politizatu egin zen. Frankismoaren aroan nahiko otzana izan zen belaunaldia ere, damuak bultzatua edo, oso aktiboa bilakatu zen. Egia auzoan sortu zen Donostiako lehenengo talde antimilitarista, Ametzagaña kalean biltzen zen Comisión por la Defensa de una Costa Vasca no nuclear, Iberduerori boikota egiten saiatzen ginen… Aurki, ekologismoak, antimilitarismoak eta Gladysen heriotzaren gordintasunean ikusten zen indarkeria-ezaren kemenak erakarri ninduten.

Aldiz, bideak ez dira beti argiak izaten, ezta xamurrak ere. Bi urte beranduago Ryan ingeniaria erail zuten, eta lehendabiziko aldiz, etxean ETAren jarduna zalantzan jartzen zela entzun nuen.

Kaosetik sortu omen zen egungo Kosmosa. Kontraesanetatik sortzen dira paradigma berriak. Kaos-Kosmos jokoan gaztetxeen mugimenduan aritu ginen, Espainiako Poliziari Bretxatik harriak botatzen genizkion. 17 urterekin nire lehengo desobedientzia ekintza xumea egin nuen, erroldan eginiko akats bat zela medio, NATOren aurkako erreferendumean EZ bozkatu ahal izan nuen eta. Gure lehengusina txiki baten bikotekidea zen Mikel Zabalzaren erailtzearekin batera azkeneko harriak jaurti nituen Donostiako Parte Zaharrean.

Zarata zerabilkidan buruan aspalditik, bestelako doinuak entzuteko beharra. Oso sentituak izan ziren heriotzek, Gladys, Ryan, Zabalzarenak, kontraesan jasangaitzak sortzen zituztela uste nuen. Aurrerantzean eta betiko helburuekin bateragarriak diren borroka-bide eraikitzaile eta iraunkorrak jorratu behar genituela deliberatu nuen.

Antimilitarismoa

NATOren aurkako kanpainaren hondarretatik, euskal antimilitarismoa sustatu zen. Gipuzkoako KEM-MOC kontzientzi eragozpen mugimenduaren bersorreran parte hartu nuen, eta borroka antimilitaristari ikuspegi euskaltzale-abertzalea ematen ahalegindu ginen, baita lortu ere.

Testuinguru konplexuetan murgiltzen ikasi genuen: militante antimilitaristak ginen; abertzale internazionalistak, bakezale iraultzaileak;Ajuria Eneko itunari aurre egin genion eta borroka armatuaren aurka mintzatu ginen.

Ñabardurak ukatzen ziren garaietan, ñabarduretan oinarritutako jardun koherentea osatu ahal izan genuen, eta hainbat sektorerekin bat, intsumisoaz, PSOE eta Estatua garaitu genituen.

Bakezaleak ginen, baina begi bakarra zuten ekitaldietan ez genuen parte hartzen. Ajuria Enetik zetozen deialdietan parte hartu ez izana leporatzen ziguten, euskal preso politikoen aldeko zenbait ekimenetan ez egotea leporatzen ziguten. Ez ginen erdian, ez ginen ekumenikoak, ez gara neutralak, baina beste partida bat jokatu nahi genuen.

Ez dakit bide egokia aukeratu genuenetz, baina gatazkaren ondorioez aritu beharrean, gatazkaren sorburu sakonetan jo behar genukeelakoan, indarkeria-eza aktiboari heldu genion.

Lizarra-Garazi

Lizarra-Garazik sortutako giroan, Euskal Herriko oposizio politikoari gure tresna eskaini nahi izan genion. Ez genuen guztiz asmatu, ez ginen benetako egoeraz guztiz ohartu. Gure indarrak mugatuak ziren, oraindik soroa ez zegoen uzta jasotzeko prest. Erronka egin genuen eta galdu. ETA itzuli zen. Estatuak gure taktika politikoei buelta emateko ikasia zegoen, eta 18/98 sumarioaz gogor astindu gintuen. Babesten gintuzten zenbait sektore ez zeuden horren talka handirako pronto. Burujabetzaren aldeko desobedientzia sinbolismo hutsetik nekez atera zen.

Hamarkada luzea bezain neketsua izan da azkenekoa. Herri honi arnasa eman dioten itxaropenaren taupadak mantso entzuten ziren. Estatu espainiarrak disidentzia osoa zapaltzeko tresnak ahalbidetu zituen. Hegoalde osoko erakundeak Euskal Herriko nazio izaera ukatzen duten alderdi eta pertsonen esku…

Ezustean, urtebetean 30 urtean egin ezin dena gorpuztu egin da. Faktore anitz dago: onak, txarrak, zintzoak, gaiztoak, eskuzabalak, zuhurrak, zoriona, zoritxarra, eustea… kaos-kosmos berriz ere, eta horietatik faktore garrantzitsua: herritarrak. Izan ere,Bilduk jaso zituen 314.000 botoek ETAren erabakia azkartu dute.

ETAk utzi du, bejondeigula!. Aldiz, lana hasi baino ez da egin. Bi egunen buruan, beti bezain itsu jarraitzen dutenek —Bilboko udaletxetik bakea nahi dugu pankarta kendu dutenek, alegia— adierazi nahi badute ere, gatazka politikoa ez da amaitu; aitzitik, laster bere erroa bistan ageriko da.

Alabaina, Estatu espainiarrak salbuespen egoerari eutsiko dion arren, Estatuetatik datozen bortxa estrukturalak zein politiko-polizialak jarraituko dutela badakigu ere, Euskal Herri berrian bizi gara.

Ateak zabaldu dira, mozorroak eroriko dira, larrugorritan ikusiko dugu elkar. Hemendik aitzin, zubi berriak zabalduko dira: antzeko helburuak ditugunokin, bideak eta helburuak bat eginez, gure ametsak egia bihurtzeko; kontrako helburuak ditugunokin, gure gatazka zibilizatu eta demokratizatzeko.

Ez dut zalantzarik, ETAren zorioneko erabakia guztion onerako izango da, etxekoentzat eta arerioarentzat, baina batik bat Euskal Herria maite dugunontzat, Euskal Herri askea, bakean eta justizia sozialean oinarritutako errepublika burujabea lortu nahi dugunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.