Duela bi urte pasa, euskal hedabideetako hainbat ordezkari mahai baten inguruan biltzen hasi ziren, elkarrekin zer egin zezaketen pentsatzeko. Ez da ezohikoa komunikabideetako kideek elkarren berri izatea, baina ez da oso ohikoa proiektu komunei buruz hizketan hastea. Ez da ohikoa, komunikabide bakoitzak proiektu bat daukalako, eta proiektu horiek, askotan, elkarren lehiakide izan ohi direlako. Baina euskal hedabideetako hainbat ordezkarik ikusi zuten garaia zela etorkizunaz zerbait adosteko. Euskal komunikabideen garrantzia aldarrikatu beharra zegoela, eta hurrengo urteetan asmatzekotan, elkarrekin asmatu beharra zegoela. Gogoeta horien emaitza Hekimen da, Euskal Hedabideen Elkartea.
Elkarteak euskara hutsean ari diren berrogeita hamar hedabide baino gehiago biltzen ditu. Gaur egun, euskal komunikazioaren esparru ia osoa dago ordezkatuta, beraz. Eta, lehen urte honetan, hiru erronka nagusi jarri dizkio bere buruari.
Aurrenekoa, euskal hedabideen esparru horren beraren garrantzia aldarrikatzea, eta eragile gisa agertzea. Euskaraz diharduten komunikabideek kontuan hartzeko hainbat berezitasun dituzte. Hasteko, herri ekimeneko hedabideak dira asko eta asko, eta hiztun komunitatearekin oso lotuta daude beraz. Atzean ez dute talde ekonomiko edo politiko indartsurik, eta horrek askatasuna ematen die, baina baita ahuldade puntu bat ere. Gizarte guztietan hedabideek komunitatea trinkotzen dute, hiztunen arteko harremanak errazten dituztelako, baina hiztun komunitate txikien kasuan, gainera, ezinbestekoak dira hizkuntzaren beraren etorkizunerako, bermeetako bat direlako, hezkuntzarekin eta administrazioarekin batera. Hona Hekimenen helburu garrantzitsua beraz: euskal hedabideen sare sendo eta eraginkorra sustatzea.
Elkartearen bigarren helburua administrazioaren diru laguntzen politika iraunkorra eta eraginkorra eskatzea eta publizitatearen alorrean presentzia handiagoa lortzea da. Soilik laguntza politika eraginkor baten bidez hobetu daitezke euskal hedabideetan lan egiten dutenen lan baldintzak, eta soilik luzera begirako planteamenduekin aurre egin ahalko zaie erronkei, hurrengo urteetako etorkizuna baldintzatuko duten inbertsio eta berrikuntzei alegia.
Hekimenen hirugarren helburua Hedabideen Behatokiaren sorreran laguntzea da, sektorearen beraren egoeraren diagnosiak egiteko, kontsumo joerak neurtu eta antzemateko, eta kanpora begira antena zabaltzeko. Ezinbestekoa izango da hurrengo urteetan, zalantzarik gabe.
Hiru helburuak garrantzitsuak izanda, diru laguntzen politikari eragitea da elkartearen asmo nagusia. Hekimenek hainbat bilera egin ditu azken hilabete honetan eragile ugarirekin, besteak beste Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoetako ordezkariekin, euskal hedabideek dituzten proiektuak eta hurrengo urteetarako asmoak azaltzeko. Bilera horietan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen gaia izan da nagusi.
Aurrekontuen proiektuaren arabera, euskal hedabideentzat 4.875.000 euro aurreikusi ditu EAJko gobernuak, iazko kopuru bera. Murrizketa etengabekoen erdian diru sailari eustea, sektorearen etorkizuna bermatzeko nahikoa ez dela jakin arren, elkarteak egindako ahalegina onartzea dela uste du Hekimenek. Euskal hedabideen garrantzia eta estrategikotasuna aitortzea, alegia. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzari hain zuzen ere horixe eskatu genion, sektorearen egoera ulertzea, eta hurrengo urteetan elkarlanean hasteko oinarriak jartzen laguntzea. Hekimenek uste du aurrekontuen proiektuaren bidez administrazioak hedabideetan jarri duela marra gorria, eta ondo baloratu du jarrera hori.
Hekimenek garbi du, hala ere, aurrekontu hauek ez direla nahikoa sektoreak aurrera eraman behar dituen erronkei heltzeko. Azken urteetan %15 jaitsi da euskal hedabideentzako diru saila, eta publizitatean ere beherakada iragarrita dago aurten. Euskal hedabideek behin eta berriro esan dute inbertsioak behar direla aurrera egiteko, aldaketa sakonen garaia baita hau, eta Administrazioak sektorearen garapenari lagundu behar diola, diru kopuruak handituz, eta politika iraunkorragoak aplikatuz. Hori dela eta, Hekimenek prestutasuna azaldu nahi du hain garrantzitsuak izango diren hurrengo urteetan politika eraginkorrak elkarlanean sustatzeko.
Elkartea, halaber, kezkatuta agertu da euskalgintzarako diru sailek eta, oro har, hizkuntz normalizazioa helburu duten egitasmoek aurten izango duten diru laguntzen jaitsieraren aurrean. Hekimenek, euskalgintzako parte den heinean, kezkaz ikusten ditu jaitsiera horrek ekar ditzakeen ondorioak, eta bat egiten du euskal eragileen artean jaitsiera horrek eragin duen ezinegonarekin.
Euskal hedabideak eta aurrekontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu