Euskal eskola publikoaren alde eta Hezkuntza Legearen aurka, kalera

Arkaitz Aburto Hernando
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak(EHIGE) eskola publikoan oinarritutako hezkuntza sistema propio baten alde egiten du, herritar guztiei kalitatezko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna eskaintzeko behar diren baliabide guztiak izango dituena. Helburu hori ez dago jasota Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den EAEko Hezkuntzaren Lege-proiektuan.

Lege-proiektu honek ez du lehenesten eskola publikoa, hurbileko hezkuntza, kohesionatua, laikoa eta euskalduna berma dezakeen bakarra. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa jarri beharrean, itunpeko irakaskuntzari subsidiariotasuna emanez, maila berean jartzen ditu eskola publikoa eta itunpeko eskola pribatua, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaren bidez. Ondorioz, hezkuntza-sistema publiko-pribatu duala betikotzen du, azken urteetan ikasleak hautatzen eta gizartea desegituratzen gehien lagundu duen tresnetako bat.

Finantzaketari dagokionez, ikastetxe pribatuetara bideratzen ari dira inolako baldintzarik gabe eskola publikoak behar dituen baliabideak. Hala, %16 igo da hezkuntza-itunak finantzatzeko partida,2 urteko gela guztiak itunduz eta maila guztietako finantzazioa handituz. Bitartean, Euskal Eskola Publikoarentzako inbertsio-planik gabe jarraitzen dugu.

Ez dago eskola publikoaren perimetroa handitzeko asmorik lege-proiektuan, ezta joan den otsailean argitaratu zen planifikazio-dekretu berrian ere. Jada ez zaio plaza publiko bat bermatzen eskatzen duen familia orori, baizik eta Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko plaza bat.

Euskararen ezagutza eta erabileraren bermeari dagokionez ere, ez dago aurrerapausorik. Eskola publikoak Haur Hezkuntzako ikasleen %97,9 D ereduan dituen bitartean, dozenaka A eta B eredu ituntzen dira sare pribatuan. Egungo D ereduan ditugun hutsuneei erantzun beharrean, ikasle guzti-guztiei euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz, atzerapausoak emateko arriskua dago lege-proiektuak jasotzen duen «esparru eleaniztuna» deritzonaren bidez.

Amaitzeko, ez dago aurrerapausorik eskola publikoaren etorkizunerako funtsezkoak diren bi esparrutan: parte-hartze eredua eta autonomia. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartze demokratikoa garatuago dago indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legean, proposatutako testuan baino. Gauza bera gertatzen da ikastetxe publikoen erabaki-ahalmenarekin. Berdin finantzatutako eta autonomian mugarik ez duten ikastetxe pribatuekin lehiatu beharko du eskola publikoak.

Guk argi daukagu. Ez dugu behar itunpeko sarearen aldarrikapen historikoak asetzera datorren lege bat. Ez gaitzatela engainatu esaten lege hau gure hezkuntza-sistemaren erronkei erantzutera datorrela. Hau ez da eskola publikoak ezta euskal gizarteak behar duen legea.

Urriaren 29an zatoz Donostiara gurekin Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! ozen aldarrikatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.