Hezkuntzan zapalkuntzaren eta askapen nahiaren arteko sokatira etengabea gertatzen da, ardatz desberdinetan gertatu ere ere: klasea, arraza, sexu-generoa eta, nola ez, nazioa. Espainia eta Frantziako eliteen asmoa honakoa izan da: hezkuntza sistemaren bidez Euskal Herria asimilatu eta indarrean dagoen sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista iraunaraztea.
Honela, estaturik gabeko Euskal Herria bezalako herri batentzat estrategikoa izan da hezkuntza eredu propioa garatzea. Eta horretarako, garai historiko bakoitzean egon litezkeen aukera guztiak erabili ditugu: Bizkaiko Diputazioak 1919tik aurrera sustatutako auzo eskola publikoak, mugimendu abertzaleak antolatutako gerraurreko euskal eskola eta ikastolak, diktadurako lehen urteetan sortutako etxe-eskolak, 1960ko hamarkadatik aurrera herri ekimenez sortu eta Euskal Herri osora zabaldutako ikastolen mugimendua, sare publikoan herri bulkadari esker sortutako ikas-lerro eta ikastetxe euskaldunak... Saiakera hauen oinarrian bazegoen hezkuntzan (ere) herri gisa autodeterminatzeko borondatea, baita hezkuntza eredua berritzeko nahia ere, hala nola hizkuntzaren irakaskuntza, curriculuma, pedagogia edota gurasoen parte hartzea bezalako ataletan.
Belaunaldiz belaunaldi emandako sokatira horren emaitza da egungoa: Hego Euskal Herrian (ez horrela Iparrean) hezkuntza eskumenak bai baina mugatuak; euskarak irakaskuntza-hizkuntza gisa izan duen zabalpen handia EAEn (ez horrela Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herrian), baina euskalduntze osoa bermatzeko ezintasuna; Euskal Curriculuma garatu eta egiturazko bilakatzeko ahalmena, baina borondate politikorik eza; hezkidetza sustatzeko saiakerak, baina egiturazko androzentrismoa; inklusioaren aldeko mezuak, baina herri gisa zatitzen gaituen jatorriaren eta maila ekonomikoaren araberako segregazioa.
Galdera honako hau da: zein dira, garai historiko honetan, hezkuntza sistema burujabe eta askatzaile bat eraikitzeko ditugun erronkak? Ipar Euskal Herrian, Lurralde Elkargoaren sorreraren ondotik, hezkuntza eskumenak aldarrikatzea dagokigu, ikastolen mugimendua sustatuz eta sare publikoan murgiltze eredua aldarrikatuz. Nafarroa Garaian, aldiz, Erregimena pitzatu ondoren ere euskarazko irakaskuntza oztopatzen jarraitzen duten mugak gainditzea. Euskal Autonomia Erkidegoan, azkenik, euskal eskola publiko eta komunitariorako trantsizioa ahalbidetuko duen hezkuntza legea lortzea da erronka.
Zer da, baina, euskal eskola publiko komunitarioa? Euskal Herrian eraiki beharreko hezkuntza sare burujabea, bakarra, titulartasun publiko deszentralizatua eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko dituena, euskalduna, euskal curriculumean oinarritua, feminista, laikoa, inklusiboa, ikasleen aukera berdintasunean oinarritua. Ez dugu nahi Frantziako eredu publiko zentralista edota Espainiako trantsizioan Elizarekin itundutako hezkuntza sistema duala. Estatu propio bat eta beraz eskola publiko propio bat da nahi duguna, egungo eskola publiko, ikastola nahiz bestelako ikastetxeetatik emandako onena uztartuz: ardura publikoa eta bulkada komunitarioa, euskalduntzea eta inklusioa, berdintasunean hazteko eskubidea eta hezkuntza komunitatearen —familien, langileen zein ikasleen— parte hartzea.
Norabide horretan trantsizioa egiteko baldintzak ezartzea da Hezkuntza Legeari eskatzen dioguna. Trantsizioa, eskumen mugatuetatik hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen eredu orokortu eta inklusibora; segregazioa eragiten duen hezkuntza eredu eta antolaketatik, aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzen dituenera; bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira.
Lan baldintzei dagokionez, berriz, Legeak oinarri bat finkatu beharko luke, gerora negoziazio kolektiboaren bidez garatuko dena: eskola publikoetan dagoen lanpostu zerrenda blindatzea; itundutako langileen lan baldintzen homologazioa; kontrol publiko eta sindikala izango duen sarbide gardenerako araubidea; eskola publiko nahiz itunduetan pribatizatutako zerbitzuetako langileen lehengoratzea, eta soldata arrakala amaitzea.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege aurreproiektuan, aldiz, ez da halakorik jasotzen. Trantsizio baterako baldintzak sortu baino, egungo ereduan aldaketa ez nahiko batzuk egitea besterik ez du proposatzen. Burujabetza beharrarekiko ezaxola, euskalduntzeari dagokionez uzkur, eskola publikoarekiko zikoitz, ituntze unibertsalari mugak jartzetik urrun eta Elizako eskolekiko eskuzabal azaltzen zaigu Hezkuntza Saila. Hezkuntza Legearen ibilbidea, baina, ez da amaitu. Badugu aukera eragiteko, euskal eskola publiko eta komunitarioaren bidean ahalik eta gehien aurreratzeko.
Horregatik da ezinbestekoa mobilizatzea. Ez elkarren aurka, baizik eta eredu berri baten alde. Uztargarri eginez eskola publikoa indartu, eraldatu eta ardatz bilakatzeko aldarrikapena eta ikastolen mugimenduak egin duen eta aurrera begira egin dezakeen ekarpenaren aitortza. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan euskalduntzea, euskal curriculuma, hezkidetza, aukera berdintasuna, inklusioa, laikotasuna eta antzeko irizpideak bermatuz. Segregazioari aurre egiteko egiturazko neurriak hartuz. Hezkuntzan inbertsio publikoa handituz. Hezkuntza sistema deszentralizatu eta tokiko parte hartzea indartuz. Euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzian aurrera eginez.
Euskal eskola, publikoa eta komunitarioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu