Juan Jose Ibarretxe Markuartu.

«Euskal eredua» birsortu

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Urte hasiera bakoitzean izan ohi ditugun asmo onez harago, askotan alferrikakoak, nire uste sendo batetik datorren gogoeta da honako hau, 2017 «euskal eredua» birsortzeko urte ederra delako sinesmenetik, hain zuzen.

Ezagutu berri ditugu PISA txostenaren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako euskal hezkuntzari buruz. EAEren emaitzak iraganekoak baino txarragoak izan dira nabarmen. Datu hauek «azaleko» eztabaida politikoa eragin dute, baina ez batere edo ia batere eraikitzailea. Sakontzea eskatzen du, baldin eta gure eskolarentzat emankorra izan dadin nahi badugu; gainerakoan, finantzaketa handiagoa eta porrot portzentaje txikixeagoa du inguruko eskolekin alderatuta.

Oso zaila izanik hain emaitza negatiboen arrazoiak benetan ezagutzea, funtsezkoa da onartzea atentzio emate garrantzitsu baten aurrean gaudela, kausa bakar batean zentratutako analisi sinplistetatik urrunduz. Arrazoizkoagoa dirudi pentsatzea faktore asko daudela jokoan: gobernuaren politikak eta inbertsioak, ikastetxeen curriculumak eta berrikuntza pedagogikoa, irakasleen lan-baldintzak eta prestakuntza, familien inplikazioa, ikasleen erantzukizuna... Analisi konplexu batek inoiz ez lituzke eragile hauetako bakoitzaren ardurak lausotu behar, baina argi dago azken egunotan murgilduta gauden errudun bila ibiltzera baino harago joaten ahalegindu behar dugula.

Nolanahi ere, artikulu honen helburua ez da irakaskuntzaren egoera modu isolatuan aztertzea. Agirre Lehendakaria Centerren egiten dugun analisiaren arabera, datu ezkor hauek gure herrialdean egiaztatzen ari garen zenbait aldaketarekin batera aurkeztu dira: berrikuntza alorreko inbertsioan posizioa galtzea EBn erreferentzia diren herrialdeekiko, lan-baldintzak hondatzea, ezberdinkeria handitzea eta gure autogobernu-gaitasunaren murrizketa sistematikoa. Goazen atalez atal.

Oraindik bizi izaten ari garen krisialdi ekonomiko, sozial eta kulturalak izugarri eragin du inbertsio publiko nahiz pribatuetan berrikuntza arloan. Gure kasuan, autogobernuaren hasieratik, 80ko hamarkadaren hasieran, esparru honetan egindako inbertsio-ahalegin izugarriaren ondoren, Europako batezbestekoa gainditzea lortua genuen 2008an, eta erronkatzat jarria genuen kontinenteko herrialderik aurreratuenak harrapatzea XXI. mendearen lehen laurdenean. Erabaki hau ez zen anekdotikoa, geure esperientzian eta nazioartean arlo honetan ikusten zen hartan oinarritua zen. Berrikuntza teknologiko eta sozialean inbertitzen duten gizarte haiek lehiakorrak dira, eta giza garapen iraunkorreko ereduak eraikitzen dituzte. Berrikuntzarako inbertsioari lehentasuna emateko gai ez diren herrialde haiek bere patuaren kontrola galtzen dute eta besteen menpe egoten dira. Noraezean dabiltzan itsasontzi bihurtzen dira.

Jakin badakigu zailtasun uneetan era honetako inbertsioak egitea oso zaila dela. Bizi izan ditugu antzeko egoerak, baita konplexuagoak ere. Eta beste momentu batzuetan gizarte osoak babestutako erantzun antizikliko bat ematen jakin bagenuen, orain ere egin dezakegu. Hasiera ona da Urkullu Lehendakariak egindako iragarpena, I+G+Bri eskainitako sailean urtean %5eko igoera gutxienez hitzemanez legealdi honetarako.

Krisian dagoen hirugarren elementuak aurreko biekin du zerikusia. Autogobernuaren berreskurapenetik lehenengo aldiz, aberastasunaren banaketa bidezkoagoak «euskal eredu» deiturikoaren sortze-elementuetako bat izateari utzi dio. Eta hori guztia, gure gizartearen orekari egindako ekarpen funtsezkoagatik ere (egungo eztabaidarekin lotuta, RGI delakoa moldatu eta hobetu egin behar da, baina inola ere ez zalantzan jarri).

Halaxe islatu zuen 2014ko Behar Sozialei buruzko Inkestak, Eusko Jaurlaritzak egina: 2008. eta 2014. urte bitartean, %10 euskal biztanle pobreenen (EAE) errentak %13,4 murriztu dira, %10 aberatsenen sarrerak %1,1 hazi diren bitartean. Eta GINI koefizienteak ere (sarreren ezberdinkeria neurtzen du), Nazio Batuek egina, modu jarraituan egin du behera 1996an 28,0 izatetik 25,3 izatera 2012an. Alabaina, 2014an 27,1era igo zen, «2000n antzemandako ezberdinkeria-mailaren antzekoa erakutsiz», aipatutako txostenean islatzen den bezala.

Gaur egun, lan-harremanen autonomia-eremua bidetik irtenda estatutua ez betetzeagatik, euskal lan-baldintzak estatu espainiarrekoekin parekatzerantz goaz. Euskal enpresa ugarik aldizkako kontratuen sistema berdinak erabiltzen dituzte eta lan-baldintza ezegonkorrak eskaini nahi dituzte, Madrileko eta Andaluziako enpresen antzekoak. Oraindik gogoan dut Angel Toña Enplegu Kontseilariaren asmo oneko deia, aldi berean etsia, euskal enpresek lan-araudi espainiarra erabil ez zezaten modu orokorrean beraien kontratazio-politiketan.

Faktore hau ez da ekonomikoa soilik. Azken urteotan egin ditugun lanen ondorioz, egiaztatu dugu ezberdinkeriaren aurkako borroka faktore giltzarria izan dela euskal herriaren eraldaketa sozioekonomikoa ulertzeko. Gaur egungoa baino oraindik zailagoa zen egoera bati aurre egitea lortu bagenuen 80ko eta 90eko hamarkadetan, gure giza kapitala handitzearen ondorioz izan zen, herritar gehienen bizi-baldintzak hobetzearen ondorioz, eta laguntza publiko eta pribatua gizarte osoarenarekin batera izatearen ondorioz. Euskal eraldaketa ezin da ulertu dimentsio sozial hau gabe eta inoiz ez genuen lortuko, irabazia gutxi batzuen eskuetan geratu izan balitz. Ebidentzia hau ahaztu egin dugula lirudike eta beharrezko kritika kolektiborik gabe onartzen ditugula lan-baldintzen ezegonkortasunean oinarritutako lehiakortasun faltsuaren ereduak. Duela aste batzuk (2016ko azaroa) Manu Robles-Aranguiz Institutuak txosten bat plazaratu zuen. Bertan ikusten zen EAEn soldatapeko pertsonen ordainsarietarako erabiltzen zen BPGren zatia %50,2 zela 2010ean, eta %47,6raino murriztu zela 2015ean (%50,1etik %47,3ra Nafarroan). Gizajoak herrialde hau eta bertakoak, merkatuan presentzia izateko soldata estutzearen aldeko apustua egiten badugu, giza kapitalaren sorkuntza, berrikuntza teknologiko eta soziala, lankidetza eta merkatu berrietarako irekiera landu ordez.

Azter daitezke «euskal eredu»-arekin zerikusia duten beste faktore gehigarri batzuk, baina, azkenik, nagusitzat jotzen dudan batean geratuko naiz: autogobernuari erasoak.

Azken urte hauetan, Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumen guztiak ez jasotzeaz gainera —emandako hitzari iraina-, Estatuaren birzentralizazio gogorreko prozesua bizi izan dugu. Kataluniako eskaera nazionalak ere ezin dira ulertu Generalitatek Libro Negro de la Recentralización izenekoan jasotako errealitate hau gabe.

Autogobernurako gaitasun hau gabe, beti, Madrilen hartzen diren erabakien mendeko izango gara. Eta erabaki hauek ez dute giza garapen iraunkorrerako eredurik buruan. Sinistuta daude azken hamarkadan geldialdi finantzario, ekonomiko eta sozialera eraman gaituzten neurriak aplikatzen jarraitzea dela bidea. Autogobernuaren maila gorena behar dugu geure eredu berezian sakontzeko.

Egia da guztiok interdependenteak garela sistema konplexu batean, baina egia da, halaber, euskal gizartearen zati garrantzitsu batek munduan presentzia propioa duen beste edozein herrialde bezain interdependente izan nahi duela. Hori guztia uste dugulako Euskadi Herrialde gisa, EBko kide diren beste herrialde batzuek duten independentzia/dependentzia maila berarekin, politikoki gomendagarria ez ezik, ekonomikoki bideragarria eta sozialki orekatua ere izango litzatekeela.

Izan ere, arazoa herrialdeentzat —baita Euskadirentzat ere- ez da independentzia edota interdependentzia, baizik eta dependentzia. Ez da «interdependentea» izatea, baizik eta dependentea izatea. Ez independentea, ez interdependentea, dependentea. Behartutako dependentzia, hainbat esparrutan ezagutzen eta pairatzen duguna, esate baterako, politika monetarioak, fiskalak, judizialak, hezkuntza, osasuna, gizarte segurantza, etab. Baita euskal merkataritzaren «beherapenak» noiz eta nola egin behar diren aginduz ere.

Horregatik guztiagatik, inoiz baino gehiago behar dugu geure proiektu berezia, solidarioa Espainiarekin, Frantziarekin, Europarekin... baina geurea eta berezia, Europar Batasuneko beste edozein Herrialderena izan daitekeen bezain konprometitua eta berezia.

Beraz, artikulu honek ez du helburu katastrofistarik. Guztiz kontrakoa, planetako gizarterik orekatuenetakoa izatera eraman gaituen ereduaren krisiaren inguruan ohartarazi nahi du. Etengabeko bilakaeran ari den munduan, euskal eredua birsortu behar dugu giza garapen iraunkorra eraikitzeko. Etorkizunari begiratu gabe lortutakoa babestea da erabat gelditzeko biderik laburrena. Gure adierazleak estatu espainiarrekoekin alderatzetik harago joan behar dugu; horrek, arrazoizko asebetetasunik lortu gabe, errealitate sozial, ekonomiko eta politiko oso ezberdinekin parekatzen gaituzten estrategien aldeko apustua egitera eramango gintuzke. Planetako gizarterik aurreratuenekin giza garapenean lehiatzea izan behar dugu jomuga.

Berri ona zera da, oraindik garaiz gabiltzala euskal eredua birsortzeko. Euskal herriak historian zehar ezaugarri izan dituen balio-sistemekin eta jokabideekin konektatu behar gaitu berriro. Euskal kulturaren K da «euskal eredu berria» bideratu behar duena, herri gisa ditugun indarretan oinarritua: lehiakortasuna elkartasunean. Geure identitatetik begiratzea errealitateari etorkizun desberdina ikusteko. Besteen begirada bera aplikatzen badugu, ezingo dugu geurea eta ezberdina den ezer ikusi.

Gure ikerketen arabera, euskal gizarteak ezohiko moduan erantzun izan du larritasun handiko egoeren aurrean. Lehen eraldaketarako palanka indartsua erabili genuen, biziraupen-izpiritua; orain beste bat erabil dezakegu, ez botere txikiagokoa, ezberdinkeriaren aurkako borroka. Beste aukera bat irekitzen zaigu geure onena erakusteko. Aprobetxa dezakegu, edota beste batzuek jartzen diguten korronteari jarraitu, herri gisa dugun identitatea galdu arte. Beraz, ekin diezaiogun lanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.