Euskaldunok utopikoak gara. Ez da nik esana, Telesforo Monzonek egindako aldarria omen, lehen frankismoa bukatu eta urte gutxitara emandako mitin batean: «Euskadi utopiaren lurra da, utopiaren seme-alaba gara gu». Handik denbora gutxira zendu zen Monzon; ordurako bortizki sustraitzen hasia zen gure demokraziaz mozorrotutako amarru distopiko estreinatu berriaren notiziarik —kontzientzia nabarmenik— ez zuen izan, beraz, gure arteko utopiazalerik aintzat hartu eta miretsienetakoak. Ez da ironia fitsik esandakoan, argi gelditu bedi; baina Monzonen hitzek badute, hala eta guztiz ere, deskribapen hutsetik harago doan profezia kutsu alderaezin bat: eskuineko ertzetik begiratuta esperantzarako pregoi dirudite hitzok; ezkerreko ertzetik, ostera, etsipenaren atabala.
Urte bertsuetan —1979an— eman zen argitara Mikel Zarate lezamarraren Utopiaren fantasian narrazioa. Lau hamarkada beranduago argitara eman zituen Asel Luzarragak bere Utopiaren itzalak. Berrogei urte joan ziren bitarte horretan, utopiaren fantasietatik —gauzatu ez ziren ametsetatik— utopiaren itzaletara —gure errealitate distopikoaren kontzientzia zokoraezinera— eraman gintuzten urteak, hain zuzen. Zeren, distopiara ohitu, ohitu dira batzuk; baina, gurean, distopia egon, badago; eta ez nolanahikoa.
Menpekotasunaren errealitate poliedriko eta erabat distopikoan utopia amestu izan du euskaldun kolonizatuak. Nola bestela iraun? Utopikoa izan zen Garat anaiek Euskal Herriaren etorkizuna bermatu nahirik Napoleoni aurkeztu zioten Fenizia Berriaren proiektu prezatua. Matalazi burua moztearekin bat, utopia bihurtu zitzaizkigun Zuberoako herri-lurrak, alodioak. Utopia, Miranderen iraultza estetikoan oinarritzen ziren tesi politikoak. Identitate enblematizatuez bor-bor, mitoa zen gerra aurreko antzerkiak islatzen zuen euskal-giroko arketipo arlotea. Fabula parenetikoa — gezurretakoa batzuen aburuz—, gure literatura tradizionalak islatzen zuen baserri munduko kostunbrismoa. Kimera politikoa, gerra aurreko hizkuntza garbizalearen aldeko mugimendua. Ilusioa, euskara jasoa atontzeko erbesteko espazioak edo exilioko deslekuan euskal kulturak sortutako lubakiak eta kategoria kulturalak. Behar-beharrezko ametsa, frankismoko urte ilunetan aberririk gabeko herritar askorentzat bizitzeko leku bakar bilakatu zen kartografia kulturala. Garai hurbilekoagoetan, utopikoa, diglosian bizi garenon hizkuntzen ekologiaren aldeko bidezko aldarria. Utopikoa, Txillardegiren hitzak baliatuz, estaturik gabe—inongo «marko demokratiko» zein «estatus berritan»— euskara salbatuko dela pentsatzea. Euskal utopia —eta gure eskaramuzak— denak bat; eta bat, utopia bera.
Euskaldunok urruti beharko genuke utopiko inozo izatetik; baina, paradoxikoki, abaildu zaigun epelkeria ideologikoaren ondorioz imajinetan ezkutatzen zaigu hurbileko izadia. Gure intelektualen artean utopiaren ideia lausoek apenas kritikorik duten paramo horretan, distopia hutsean bizi gara herritarrok. Distopikoa da mendeetako kolonizazioaren ondorioz inposatutako hegemonia sasi-demokratikoaren ideia faltsua —hark bideratutako bozka bazka— eta ardo txar horrek eragiten digun noraezeko balantza. Maltzurra, sozial nazionalismoak gure kulturarekiko eraikitako progresia faltsuaren diskurtso interesatuak sortu duen kartografia estrainioa. Zuria eta hutsala, utopiatzat saltzen duten sasi-politiko administratzaile-teknokraten kalaka. Gorgarria —geure ahots propioa ez entzuteraino—, aho zurien bakearen aldeko erretolika pairaezina. Ahalkeria hutsa, gure odolezko izerdia, eta hark gaurdaino hedatutako oinazearen itzal grotesko eta mingarriak. Bihurria, gure banaketa geografiko eta ideologiko artifizialak inposatu duen elkarrekiko mesfidantza gatibua. Perbertsoa, espazio diglosikoan euskaldunari eskatzen zaion sedukzio ariketa ridikulua. Alienatzailea, bere nortasuna eta historia ezagutzen ez duen herritarraren oturuntza. Maleziatsua, herritarron memoria ezabatu eta gure energia iraultzailea xahutzeko bidean den lanbro desideologiko lodiak bideratutako gezur unibertsoa. Hipokrita, gure kulturarekiko begirada xamur antropologiko aingerutar hutsala.Distopikoa da gure gazteen akulturazioa. Iraingarria, irabazlearen zaldiaren irrintzi ikaragarria.
Lyotarden hitzetan, garaiotako ezaugarri nabarmena da orain arteko zuhurtzia ideologikoak zalantzan jartzea, metanarratibekiko jendartearen fede-gabezia. Historia eta ideologia hegemonikoak begi berriez eta mesfidantzatik berrirakurtzeko garai aproposak ditugu, beraz. Menpeko diren herrientzat aukera historikoa, nolanahi ere. Baina emantzipazioaren bidean derrigorrezkoa den esentzialismo estrategikoaren indar gune izan zitekeen ideia berau kontra-argudio bihurtu du urteetako arrotz giroak, eta haren ondorioz gailendu zaigun akulturazioak. Izan ere, euskal herritar asko arkadia geurean dela sinetsirik bizi dira, gero eta bero gutxiago ematen dien mantatxopean.
Euskaldunok etorkizunean gure askatasuna bermatuko luketen (ber)egituraketa material eta formalak ditugu zalantzan jartzen, eta utopia perfektua —ihes ederra— emantzipazioarekiko aitzakia errendatu da gure artean: independentzia anatema anatopiko eta anakronikoa dela sinesteraino.Horrelako edo halako amesten dugu gure askatasuna; baldintzaz betetzen dugu gure amestutako estatuak beharko lituzkeen ezaugarriak, eta ez dugu bide hori edozein bidelagunekin egin nahi; bakoitzak aukeratu nahi ditu horiek ere. Inorentzat eskandaluzko kalte izan nahi gabe ere, Monzonen utopiaren aldarritik urruti eta errotutako distopiaren adierazle nabarmenetan murgilduta bizi garelakoan nago.
Euskal distopiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu