Iaz Paco de Lucia gitarristaren ibilbide artistikoa laburtzen zuen dokumental bat ikusi nuen telebistan. Amaieran ohartu nintzen ez zela apenas emakumerik agertu, bat ere ez hizketan. Gizonezkoak ziren haren konplize eta kolaboratzaileak. Zuzendariaren ustez, behintzat.
Polifonía Vasca. El periodismo de Antoni Batista izeneko dokumentala ikusi ahal izan genuen EITBn joan den urriaren 16an. Antoni Batistaren kazetaritzan, Paco de Luciaren karreran bezalaxe, emakumezkoak anekdota hutsa omen. Baina artista baten kasuan arreta deitu zidana, haserre bihurtu zen euskal gizartearen gaurko egoera aztertu nahi duen dokumental horren harira. Batez ere, guztion telebista publikoak saio hori saldu digun moduari erreparatuta. Egileetako batek bi galderatan laburbildu zuen komunikabideen aurrean dokumentalaren edukia: «Nola dago Euskal Herria ETAk erabakia hartu eta bost urtera? Euskal gizarteak nola hartu du ziklo amaiera hori?». Hamalau elkarrizketatu. Emakumezko bakarra. Leire Palaciosek egunkari honetan idatzi bezala, «kostata sinetsi [daiteke] gaiaren inguruan ekarpen oparoa egin dezakeen emakumerik ez dagoenik».
Las ideologías de la voz (Ahotsaren ideologiak) izeneko artikulu bikaina argitaratu zen uztailaren 27an Pikara Magazine aldizkarian. Teresa Villaverdek ahotsaren, generoaren eta boterearen arteko harremanez jardun duten autore askoren erreferentziak bildu ditu bertan.
Gizonezkoen ahotsa autoritatearena eta arrazoiarena ohi da. Emakumezkoena, aldiz, kontrolarena: goxoa eta amatiarra izatera derrigortua, edo gaitzekin erlazionatua, edo parodiatua, edo zuzenean isilarazia. Neuri ere behin baino gehiagotan gertatu zait. Eztabaida sutsu batean, boteprontoan, taldeko gizon batek nire argudioren bati zer erantzun jakin ez eta nire ahotsa parodiatzen du. Margaret Thatcher-ek bere tinbrea landu omen zuen ahots baxuagoa lortze aldera.
Uztailaren 14an, UEUk antolaturiko Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean izeneko ikastaroan, Oihana Etxebarrietak eta Arantza Santestebanek euskal gatazkaren inguruko dokumentaletako batzuk aztertu zituzten. Horien artean, Itsasoaren alaba (Josu Martinez, 2008), Barrura begiratzeko leihoak (zenbait egile, 2012) eta The Segovia Big Band: conversaciones con sus protagonistas (Gemma Serrahima, 2013). Arreta emakumeetan jartzen denean, azpimarratu zuen Santestebanek, bestelako gaiei egiten zaie tokia. Emakumeak errazago mintzo omen dira aspektu intimoez, bizi izandako gertaeren eta erabakien emozioez, zalantzez, akatsez... Eta, hala, iraganeko kontakizuna osatu, aberastu egiten da. Soinuen mapa zabaldu. Ez da justizia kontua bakarrik.
Ahotsa, soinu-zentzuan (eta bestelakoan ere), egin egiten da, modulatu, landu. Eta harekin boterea. Areago, ahotsak ez du soilik esaten, errealitatea sortzen du. Horregatik da ezinbestekoa ahots guztiak kabitzen direneko kontakizunei bidea ematea.
UEUko ikastaroan erakutsitako irudiei adi, ez zen soilik deigarria, nire ustez, zertaz hitz egiten zen, nola baizik. Zenbait emakumek beraien esperientzia partekatzen dute entzuleekin tinbre, tonu eta kadentzia zehatzak eta isilune luzeak tartekatuz. Txaber Larreategik Barrura begiratzeko leihoak dokumentalean zuzenduriko atalean, Maika Larrarte, Jon Ugarte Zinkunegi preso izandakoaren emazteak haien arteko harremanari heltzen dio erromantizismoaren kontrako lezioa emanez; Haize Goikoetxea, Txapela ETAko ekintzailearen alaba, aitaren jardun militarraren alderdi gazi-gozoetan sartzen da kementsu; eta Miren Amilibiak Segoviako ihesaldian egindako akatsak aipatzen ditu modu argi batean. Besteak beste. Eta ez da ziurtasuna erakusteko inolako ahaleginik antzematen haien diskurtsoetan, ezta haien autoritatea indartzeko ezelango gogorik ere. Kontrakoa esango nuke. Zalantzetan jartzen dute enfasia, egonezinak, sentipen kontrajarriak, ahoz esan ezin dena, bestela adierazten saiatuz. Hasi besterik ez dugun prozesu politikoan, duda eta zaurgarritasuna lagunik onenak direla jakitun bailiran.
Isiltasunaren oihartzunez idatzi zuen Anjel Lertxundik egunkari honetan apirilaren 4an, Jordi Évolek Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketari lotuaz. Miguel Angel Blanco hil zuten egunean Zarauzko hondartzan sentituriko isiltasuna aipatu zuen Otegik, eta Espainiako prentsa gainera jausi zitzaion. «Indarkeriaren aurrean isildu izana leporatu digute, leporatu diegu geure buruei, baina isiltasun hura ez zen koldarkeriazkoa, indiferentziazkoa, konplizea. Isiltasunak eztanda egiten zuen, itsasoak ere nahiago zuen isilik orro», zioen Lertxundik ezin ederrago.
Euskal Herrian (izan) diren isiltasun askotarikoez badugu zer hausnartu. Baina emakumeei (eta beste askori) inposatu ohi zaizkien disfoniak eta isiltasunak eztanda noiz egingo zain ezin gara gelditu.
Euskal disfonia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu