Euskal botere publikoek muga ditzakete eskubideak

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiaren egunakzenbatzen ari garela dirudi. Era berean, entzuten ari gara eskumenik ez daukagula pandemiari aurre egiteko. Eta ez da hori bakarrik, Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari zera eskatzen dio: alarma egoera luzatu behar dela. Hasieran aldarrikatzen zuen alarma egoera ez ezartzeko, eta orain, amaitzen denean, kontrakoa. Hau da, badirudi Eusko Jaurlaritzak onartzen duela ez daukala eskumenik. Beste era batera esanda, onartzen da ez daukagula eskumenik, baina argi eta garbi ez digute esaten zeintzuk diren falta zaizkigunak.

Orain arte Euskadiko Auzitegi Nagusiak, Administratibo arloak hain zuzen ere,ezeztatu du Eusko Jaurlaritzak neurriak bertan behera uztea. Nire ikuspegitik, erabakia argudio gutxirekin eta txarto oinarrituta zegoen. Erabakiaren aurrean Jaurlaritzak ez zuen errekurtsorik planteatu. Erabakiaren txostengilea epaile bat izan zen, epaile berezia benetan; izan ere, gogoratu zera esan zuela: «Epidemiologoak ikastaro bat egin duten osagileak baino ez dira». Hori esanda, zer esango ote du epaile horrek pandemiaren kontrako neurriak epidemiologo horiek hartzen dituztenean? Euren espezialitatea mespretxatu ondoren, egiten dutenaren aurrean mespretxua baino ez du azaleratuko, segur aski.

Epaileak Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak deuseztatu zituen eta horren aurrean Eusko Jaurlaritza geldirik geratu zen.

Dena dela, hemen epaileekin gertatu dena ez da gertatu Nafarroan; beraz, ezin da esan epaileak esandakoa doktrina orokorra dela, nahiz eta Jaurlaritzak horrela onartu.

Orain, pandemiaren azken momentuetan, lege proposamen berri bat aurkeztu dute talde parlamentarioek (EAJ eta PSOE). Lege proposamen hori tramitatzen den bitartean, eskatzen dute Espainiako Gobernuak alarma egoera dekretatzea.

Beste aldetik, pandemiaren kontrako lege proposamenaren aurrean irakurtzen dugu PSOEren legelariek lege hori inkonstituzionala dela esaten dutela. Horrela bada, zergatik aurkeztu dute testu hori parlamentuan?

Oposizioak ez du ezer esaten. Badirudi onartzen dela estatuaren eskumena. Hasieran Eusko Jaurlaritza Alarma Egoeraren kontrakoa zen, eta orain aldekoa. Hasieran, Espainiako legelari batzuek salbuespen-egoera aldarrikatzen zuten. Eskubide murrizketak posible zirela bakarrik instrumentu juridiko horren bitartez. Gauza horien ondorio nagusia eta egoera korapilatsuak daukan emaitza hau da: Eusko Jaurlaritzak ez dauka eskumenik bere biztanleen osasuna babesteko.

Horren aurrean zera esan nahi dut nik neuk: Eusko Jaurlaritzak eskumenak dauzka, eta eskumen horren ardatza osasun arloan dago. Gertatu dena da pandemia hasi zenetik eta urte bat pasatu ondoren ezin dela, arrapaladan, horrelako erantzun juridikoa eman. Baina, edozein kasutan, onartu ezin dena da gure biztanleei esatea ezin ditugula euren babeserako behar diren neurriak hartu. Zergatik aldatu du irizpidea Eusko Jaurlaritzak, eta zergatik oposizioak ez du ezer esaten?

Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak ez duela Alarma Egoera eskatzen. Nafarrek behar ez badute, guk Euskadiko Autonomia Elkargoan zergatik bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.