Euskal blogintzaren harira

Iurdana Akasuso
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Aurtengo urtarrilean Azkue Fundazioak eta Argiak Blogetan! Euskal Blogariak lehian lehiaketaren bigarren aldiari hasiera eman genion. Lehiaketa horren helburua izan da, berriz ere, euskarazko blogak zabaldu, sustatu, ezagutarazi eta, bide batez, zenbat blog dauden euskaraz, zein gai lantzen dituzten eta beste hainbat detaileri buruzko azterketa egitea. Bost hilabete hauetan gaiak luze eta sakon hitz egiteko berbabidea ematen duela ikusi dugu, eta zentzu horretan pozik gaude egindako ekarpenagatik. Izan ere, egitasmo honen harira inkesta bat egin eta jardunaldi bat antolatu dugu, eta neurri batean gaia mahai gainean jartzea lortu dugula esan dezakegu.

2001. urtean lehenengo bloga sortu zenetik gaur arte aldaketa nabarmenak izan dira euskal blogosferan: proposamen pertsonalak eta kolaboratiboak sortu dira, blogariek plataformak erabiltzen hasi dira, hedabideak besteen artetik nabarmendu dira, .eus domeinua sortu da, blogariek tratatzen dituzten gaiak gero eta anitzagoak dira... Hala ere, eraldaketa honek oraindik badu garapenerako espazioa. Blogintzak oraindik badu euskaldunoi zer eskaini, besteak beste, gai berriak jorratzeari eustea eta formatu berriekin probatzea.

Euskarazko Blogen komunitatea txikia dela aitortzen dugu, bai eta blogariek beraien proposamenentzako toki ikusgarria lortzeko zuhur lan egin behar dutela. Bi osagai nahasten dira ekuazio horretan: pertsonak eta teknologia.

Blogintza idazketa ariketa den heinean funtsezkoa da edukia kalitatezkoa izatea, funtzionala, freskoa, maiz eguneratzen dena, balio erantsiduna, e.a. Ildo beretik sortzailearen marka propioaren garrantzia ere ezin dugu ahaztu; egilearen nortasunak bere bloga besteen blogen artean nabarmentzeko balio duelako.

Kalitatezko produktu horri teknologiak lagun diezaioke Interneteko oihanean leku ikusgarrian kokatzen. Jendeari interesa lekizkiokeen edukiak badaudela erakutsi behar zaio.

Parte batetik blogariak berak trebatuz lortuko da. Beldurra kendu, dudak argitu, ezagutza teknikoan sakondu, komunikazio estrategia landu... hau da, blogariak ahaldundu. Dagoeneko badaukaguna zaindu eta hobetzeko bidea jorratu behar da.

Bestetik, gizartea bera trebatuz. Horretan berebiziko garrantzia du euskarazko nabigazioa bultzatzeak. Gure lehenengo hizkuntza zein den Interneteko jardueran nabigazio-hizkuntzaren bidez adierazten dugu, eta, horren arabera, edukia hizkuntza batean edo bestean erakutsiko zaigu. Euskarazko blogetan dagoena jasotzea lehenetsi nahi izanez gero, geroz eta jende gehiagok izan beharko luke bere nabigazioa euskaraz konfiguratuta.

Azkue Fundazioaren konpromisoa horretan lanean jardutea da.

Erabiltzaileak eta sortzaileak ahalduntzeko trebakuntza ekintzak bideratzen ditugu; urrian, adibidez, teknologia laborategiak antolatuko ditugu.

Euskal erabiltzaileen artean nabigazioa euskaraz bultzatzeko sentsibilizazio lanean jarraitzen dugu.

Blogari komunitatea babesteko eta haz dadin euskarazko blogarien ataria sortuko dugu: http://www.blogetan.eus www.blogetan.eus. Hau, komunitatea sendotzeko tresna bilakatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.