Europarren izenean horma gero eta nabarmenagoak eraikitzen dituzte. Gose datoz kanpotik ate-joka, izuak eta hotzak jota, heriotzetik ihesean. Herritar askok botak bidaltzen dizkiegu, haurrak garraiatzeko tramankuluak, mantak, elikagaiak. Beste herritar zenbait itsasoaren garretatik ateratzen laguntzera doaz bertatik bertara, edota kozinatu eta jakiak banatzera. Zergatik? Ihesaren beharra dutenen bizitzek axola digutelako. Siriar, irakiar ala datozen lurraldetik datozela. Hormak gure izenean eraikitzen dituztenen gainetik. Gose direnak ere axola digutelako.
Beltzek azalaren ilunagatik ezagutzen dituzte espetxeak, AEBetan zein beste hamaika lekutan. Poliziaren balak eta bortizkeria oro har, haien kasuan, gutxiago balira bezala. Pairatzeko jaioak balira bezala edo haien azalean mina txikiagoa balitz bezala. Baina haien biziek ere axola dute. Black lives matter. Axola diete beltzei eta beltz ez diren askori ere.
Oinarrizko eskubide urraketa ez baita pairatzen duenaren arazo soilik. Denoi dagozkigu eta kostata irabazi ala gauzatutako eskubideak dira. Baina denon eskubide izateari uzten dioten unetik beretik guztion ardura bihurtzen da. Gaur defenditzen ez duguna bihar guretzat inork defendatuko duenik ezin dugulako pentsa.
Emakume izate hutsagatik ere bortizkeria pairatzen dugun bakoitzean, berdin. Guztion arazoa baita, guztion ardura. Albotik begiratzea ez dago justifikatua eta ez da onargarria. Alboan geratzen dena zapaltzailearen aldean geratzen da, kontziente izan ala ez. Horregatik litzateke okerra «momentua iritsi» dela esatea; beti izan da momentua.
Palestinarren biziek ere badute balio bat, mugagabea. Harri baten gisa zapaltzen dituztenen gainetik. Eta bonbardatutako anai-arreba kurduen biziek ere axola dute. Noski, axola dute. Afrikatik Andaluziako lurraren bila Mediterraneoaren sakonean itotzen direnenak bezalaxe. Bakoitzak gure lekutik egiten dugunak badu balio bat, eta, denborarekin, fruituak ematen ditu.
Maiatzaren 17tik aurrera, beste bederatzi euskal herritar Auzitegi Nazionalean epaituak izango gara. Eta ezin dugu esan «nahikoa da!» oihukatzeko momentua iritsi denik. Aspaldi da momentua. Beste behin ere «bat gehiago» izateko prest ez gaudela ozen esan nahi dugu. Ez dela onargarria, ez orain arte egin digutena, ez egin nahi digutena ere. Beste milaka herritarrek egoera zinez larriak pairatu izanagatik, ezin gara beso gurutzaturik geratu. Denon ardura da. Euskaldunon biziek ere axola dutela eta, oinarri sinple honekin bat egiten dugunok behintzat, dagokigun ardura gure gain hartu behar dugula. Basque lives matter.
Zorionez, esan behar dugu asko garela ardura gure gain hartzen ari garenok. Eskertzekoa dagokigunean. Uneren batean gainditutako garai honetaz hitz egingo dugu, seme-alabei kontatuz akaso. Hartutako arduraz mintzatuko gara, bakoitzak jokatutako paperaz. Horregatik da orain momentua, orain arte izan den era berean. Denok dakigulako euskal gauetan itzalak aritu direla ateak botatzen. Tortura existitu dela. Gaurdaino, behinik behin, salbuespen legedia dagoela indarrean, sakabanaketaren loteria hiltzailea astebururo jokoan sartzen den eta isolamenduaren kateak lepoak estutzen segitzen duten bezala.
Ez goaz pena ematera. Ez goaz harrotzera ere. Gaurdaino egin digutena ez da gutxi. Baina ez dugu aurpegiratzeko ala bertan barrenak husteko helbururik. Urrats bat egiten lagundu nahi genuke, ekarpen bat gehitu. Baldintzak sortzen jarraitu, laster euskaldunok benetan deskantsatuz lo egin ahal izateko. Atea boteaz esnatuko gaituzten beldurrik gabe. Kotxez ibili jarraika ote ditugun begiratu beharrik gabe, kontrol bat topatzeko beldurrik gabe. Adierazi atxilotua izan eta komisaldegi-zuloen beldurrik gabe.
Ez goaz gure burua biktima gisa aurkeztera. Ez goaz haien antzezkizunean eman nahi diguten edozein paper antzeztera. Aukera dugun plaza denetan salatuko dugu pairatutakoa baina ez gara biktimak. Hemen gaude, eta bizirik. Superbibienteak gara. Gure herriak eta guk pertsonalki pairatu izandakoaren superbibienteak. Eta horregatik dugu helburu halakorik errepikatzea ezinezko bihurtzea. Baldintzetan eragiten jarraitzea.
Badakigu zertarako gai diren. Orain lehen baino hobeki. Baina gu ez gara haiek bezalakoak. Arduraz jokatuko dugu, beste inori gerta ez dakion guri gertatutakoa. Horregatik, ozen esango dugu zigortu nahi gaituzten horien aurrean: Ez duzue izango gure biziak besterik gabe zapaltzen jarraitzerik! Libre izango gara! Denon eskubide diren horien urraketa bakoitzarekin inoiz beltz, emakume, gose, iheslari, palestinar, kurdu... sentitu bagara, denok senti gaitezkeelako euskaldun ere. Gero eta euskaldun gehiago dagoelako munduan, eta hemen ere ardurak hartzen hasiak garelako. Inoiz baino gehiago.
Bai, Evaristoren hitzak geure eginez, «gerra zibila galdu zutenen bilobak gara», baina hemen gaude, eta eraso guztien gainetik, ezin gaituzue ezabatu. Orain arte esandakoa ozenki oihukatzera goaz: Basque lives matter!
Euskal bizitzek ere axola dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu