Euskal autogobernurako izendatzaile komun berri bat

Nekane Altzelai Uliondo, Kontxi Bilbao Cuevas, Jone Goirizelaia Ordorika, Esther Larrañga Galdos, Onintza Lasa Arteaga eta Gemma Zabaleta Areta
2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hogei urte, 2005eko otsailaren 1ean, Diputatuen Kongresuan osoko bilkura historikoa egin zen, Ibarretxe lehendakariak, eta ez zarata eta polemika gutxiren artean, aurretik Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutua berritzeko proposamena aurkeztu zuen. Euskadi nazio bezala aitortzeaz gain, proposamenak ez zuen soilik subiranotasun, eta ez autonomia, gehiagoren beharraz sakontzen, baizik berak horrenbeste aldiz baliatu eta erabili ohi zuen ideiaz: «Elkarrekin bizi nahi dugun erabakitzeko aukera izan behar dugu».

Ibarretxe lehendakariak aurre hartu eta konstituzioaren berrirakurketa bat proposatzen zuen eztabaida politikoa ireki zuen, horretarako garairik errazena ez bazen ere; eta hau horrela egin zuen Katalunian, Kataluniako herriaren nazio sentimendua, subiranotasunerako eskubide legitimoa eta, bereziki, bertako gehiengo zabal batek erabakitzeko borondatea eta gaitasuna herri galdeketan, erreferendunean, adierazteko aukeraren alde kaleak herri aldarriz bete baino hainbat urte aurretik.

Denbora ez da alferrik pasatu, eta gaur egun abertzaletasunetik harago doan eta zabalagoa den espektro politikoko gehiengo sozial batek gure nazio nortasuna normaltasunez aitortzen du eta naturaltasun osoz onartzen du gure autogobernua berritzeko garaia iritsi dela, besteak beste politika publiko gehiago eta hobeagoak indarrean jartzeko tresna egokienaz baliatzea ezinbestekoa delako. Euskal gizarteak bere ibilbidea egin du; hala ere, askotan badirudi diskurtso politiko klasikoak hau ez duela ulertu, eta iraganean ainguratuta jarraitzen dute.

Merezi al du euskal autogobernua orduan jarriko duen izendatzaile komun hori bilatzea?

Artikulu hau sinatzen dugunok baietz uste dugu, eta apaltasun osoz, duela urte asko, zehazki 2006ko apirilaren 6an, hainbat sentsibilitate politiko eta sindikaletako eta mugimendu feministako emakumeon elkarrizketaren eta adostasunaren emaitza izandako dokumentua, euskal gizarteari aurkeztu genion hura, berriro ere gogora ekarri nahiko genuke ekarpen modura. Euskal Herri osoko emakumeak ginen, batere errazak ez ziren garaietan izendatzaile komun hori bilatu genuen, behin lortuta gizartea sendotuko zuelakoan. Dokumentu horretan honako ideia aldarrikatzen genuen: «Proiektu politiko guztiek defendatzeko aukera eta bermea izan behar dute. Ezin daiteke bat bera ere inposatu. Proiektu politiko guztien garapena eta egingarritasuna aukera berdintasunean, bide politiko eta demokratikoak jarraituz, ahalbideratu eta bermatuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da. Euskal gizarteak —Euskadiko edo Euskal Herriko hiritarrek— egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan».

Ideia horiek halako «adostasun printzipio» batean sakontzen zuten, gehiengoak erabakitzen duena elkarri onartzean, bai egungo statu quo-ari eusteko bada, bai aldatzeko bada ere.

Esperientzia hark erakusten digu posible direla espektro politiko eta sozial zabal eta desberdinen arteko adostasunak, eta are gehiago izan behar dute bake garaian eta estatu konplexu batean subiranotasunak nola artikulatu beharko diren eztabaidagai denean, eta honen guztiaren hausnarketa irekita dagoen Estatu batean.

Orain lanari ekin behar zaio eta I+G-a aplikatu diskurtso eta praktika politikoan. Euskal autogobernua birpentsatzeko erronka liluragarriari, ezinbestean, irudimenaz, malgutasunaz eta konfiantzaz egingo diogu aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.