Ez, Euskal Herrian bertan euskaraz egiten den pop musikak ez du dirurik ematen, baina agian kasu batzuetan bai, edota, diru askorik ez, baina nolabaiteko arrakasta bai; begira azkenotan Hertzainak-en bueltarekin gertatu dena—sarrerak garestitxo eta minutu edota orduetan desagertu—, La Polla-rena, zer esanik ez —gazteleraz egiten dute baina oso gureak dira—, Berri Txarrak-en despedidan gertatzen ari dena... eta, tira... udan talde batzuek jende asko mugitzen dute kontzertuetan. Loralditxoa al dago, nola dago euskal pop musika?
Erretromanian, bonbon! Pop-aren adikzioa bere iraganarekiko, horrela definitu eta bataiatu zuen Simon Reynolds kritikari britainiarrak gaur egun mundu osoan, maila anitzetan, funtzionatzen duen fenomenoa. Gurean ere —horra hor Hertzainak-ena eta Berri Txarrak-ena— badakizue: «Momentu politiko baten nolabaiteko berpizte bat sentitu», idatzi da orriotan; oso azalpen fina eta azkarra da, baina, ezaugarri bereizgarri batez, hemen bakarrik 80-90 hamarkadetako loraldiaren erretromanian gaude harrapaturik, hemen Ezekielekin ez da inor gogoratzen... Eta eremu horretan ez da petrolio askorik geratzen: Kortatu eta NG berpizteko ez dago baldintzarik —Fermin Muguruza ibilia da Deskontrol talde arrasatearrarekin lehengoen errepertorioa egiten, zita nahiko berezietan—, beste batzuk bueltan egon dira edo daude (Lin Ton Taun, Jotakie, Hazurbaltzak), baina nahiko maila eta emaitza diskretuetan...
Plazan, egon. Udako jaietan, plazetan, ez homogeneoki, baina bai leku askotan, gehienbat euskaraz aritzen diren talde askok publiko zabala eta askotarikoa erakartzen dute, eta emanaldi jendetsuak egiten dituzte. Hori bai, inor ez da takillatik pasatzen, doako emanaldiak dira eta. Udaletako teknikariek eta, batez ere, jai batzorde herritarrek egiten dituzte aukeraketa eta kontratazio horiek, eta orokorrean erakargarritasuna bilatzen dute, aldameneko eskualdean edota aurreko urteetan arrakasta eduki dutenak kontratatuz; hemen ere erretromania goian dago; 80-90 hamarkadetako soinuak nagusi dira. Zertarako berria landu? Zirkuitu horretan arrakasta edukitzeko bi irizpide lirateke nagusi: Hatortxun jo izana edo jotzeko modukoa izatea, edo-eta Gaztean molatzea. Biak lortzen dituen taldeak uda oparoa ziurtatuta dauka. Baina hori baino ez dago: neguan aretoetan, eta arrakasta gutxi... eta disko salmentak... musika debalde, txosnarekin batera, edukitzen ohituta dagoen publikoarentzat lan egiten dute!
Sormenean, jagon. Bide berriak, bestelako tradizioak, estetika diferenteak jorratu nahi dituen musikari asko —talde asko eta bakarlari gehienak hemen kokatzen dira— ere baditugu Euskal Herrian: lokal alternatiboetan, artea maite duten tabernetan, areto publiko zein pribatuetan, eta batzuetan ez beti euskal kuota betetzeko—, oraingo moda erakargarriena diren jaialdietan aritzen dira zeozer berri, zaharberri eta erakargarri eskaini nahi duten musikariak. Baina horiek, ausartenek, askotan ez dute publikoa alde. Euskal jendeak asko eskatu die musikariei, eta horiek asko eman diote euskal identitateari eta jendeari, baina orain badirudi publikoa beste gauza batzuetan dagoela... Azken hilabeteotan joera aldaketa baikorragoa sumatu daitekeela? Agian, prefosta musikari hauek etengabe aritzen dira eta saiatzen dira publikoarengana heltzen, halan edo holan, formatu handian edota txikian, musikari asko edo bakarka... Lerrook idazterakoan oraindik txundituta nauka Katakrak-eko aretoan —bai sabai altua!— Pettik emandako saioa, airean, erabat unplugged, gitarra eta ahotsa, Iparragirrek edota Bukka Whitek egin bezala.
Baina esparru honetan musika inon baino kitzikagarriagoa izaten da sarri askotan, nahiz eta horretan aritzen direnak beste lan batzuetan —irakaskuntza, baita musikarena ere, noski, baina beste edozein ofizio izan daiteke— aritu, edota lansaripeko musikari bezala, beste batzuen proiektuetan; Bizkaian batez ere, ohikoa bilakatzen ari da talde gazteak ingelesez aritzea, baina kanta batzuk euskaraz egitea, benetakotasunetik, sentiberatasunetik, nolabait esatearren. Kanpoko talentua ere erakartzen da batzuetan: orain gutxi Azkoitia-Boston konexioak Bilboko Kutxa Beltzan eskaini zuen emanaldi gogoangarrian lekeitiar batek esan zuenez, «hau da luxua!».
Industrian, hor konpon! Unibertsitatetik sortu da kontzeptua; orain barra-barra erabiltzen da administraziotik eta sektoretik bertatik: musika-industria deitzen diote musikaren alorrean zerbitzuak sonorizazioa, argiteria, management, promozioa, distribuzioa— eskaintzen dituzten langile eta enpresei. Profesional on asko dago, gehienak nahiko prekarizatuak eta autonomo gisa ibiltzen direnak. Ez ote dira artisauak, industrialak baino? Zentzu onean esaten dut, ahalik eta txikien, askotan zerbitzu hobeagoak ematen dituztelako. Eta, gainera, gehienak merkatu-eredu neoliberalean baino, ekonomia moralaren baldintza eta esparruetan aritzen dira.
Eta objektuak fabrikatu —hori baita industria!—, kanpoan egin, gutxi saldu eta nahiko produktu zantartxo eta estandarizatuak egiten dira sarri askotan; gainera, jadanik obsoletoa den—larri ibili ez bazen horrela jadanik sortu!— CD formatuan egiten dituzte gehienbat... Baina, gero eta gehiago, birziklatua den eta objektu kulturalen aura gordetzen duen biniloaren alde jartzen ari dira musikariak eta erosleak... Eta horretan bai, 2018tik, historian lehenengo aldiz, badago diskoak fabrikatzen dituen lantegi bat Urdulizen.
«Euskadin rokanrolak ez du...» blablablabla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu