Miren Zubizarreta.

Euskadi: oasi ezegonkor hori

2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Funtzionarioak pribilegiatu saldo bat omen dira, lan segurua eta lan baldintza bikainak omen dituzte ( denak alfer hutsak direla ere jakina da, noski). Gainerako langileen errealitatearekin ez omen dute zerikusirik, aparteko kasta bat omen dira, eta, beraz, ez dute inolako begirunerik merezi... Deskribapen latz hori, baina, nik ezagutzen dudan errealitatetik oso urrun dago.

EAEko Administrazio Orokorrean, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren beraren datuen arabera (Enplegu Plana), langileen %35 baino gehiago behin-behinekoak dira. Bestela esanda, 2.000 langile inguru daude Jaurlaritzak erabakitzen duen egunean kale gorrian geratzeko arriskuan.

Behin-behineko langile gehienek urte asko daramatzate, gainera, ezegonkortasun egoera horretan; badira 5, 15, edo 25 urtez «interino» gisa jardun ondotik kaleratuak izan diren langileak, esku bat aurrean eta bestea atzean, inongo kalte-ordainik gabe!

Izan ere, «interino» edo behin-behinekoek ez baitute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik, «nahikoa zorte» izan omen dute urte luzez lanean arituta, batzuen ustez! Areago, EAEko Berdintasun Legea onartu eta 11 urtera, EAEko Administrazio Orokorreko lehenengo Berdintasun Plana onartu du Jaurlaritzak, harro salduz «lorpena». Alabaina, aipatutako 2.000 behin-behineko langile horien artean, gehienak emakumeak dira...

Hori guztia gutxi ez eta, badira ehunka langile azpikontratatu ere, gure erakunde txit eredugarrietan oso lan-baldintza kaxkarretan lan egiten dutenak, ez egonkortasunik, eta sarri ezta soldata duinik ere jasotzen ez dutenak!

Hain da eskandaluzkoa administrazioek urte luzez egin duten behin-behineko langileen erabilpen okerra, ELAk aurkeztutako salaketa baten baitan Europako Epaitegiek salatu behar izan baitute Espainiako nahiz EAEko administrazioetan sistematikoki erabiltzen dela behin-behineko kontratazioa behar estrukturalei erantzuteko, iruzur eginez. Gainera, Europak dio ez dela onargarria administrazio publikoetako behin-behineko langileek inolako kalte ordainik ez jasotzea kontratua amaitzean.

Izan ere, oso merke irten izan zaie bertoko administrazioei, langileontzat hain ondorio kaltegarria daukan behin-behinekotasuna.

Europar auzitegiek ateratako txartel gorriak eraginda, Gobernu espainiarrak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek, Enplegu Publikoaren hobekuntzarako akordioa deituriko dokumentua sinatu berri dute. Akordio hori Estatuko Gobernuak onartu duen aurrekontu-proiektuaren barnean dago, eta eskasa da benetan enplegu publikoari dagokionez: LEPera atera daitekeen lanpostu kopurua mugatzen du oraindik ere, behin-behineko langileei ez die egonkortasun-bermerik eskaintzen, zenbait eremutan behin-behinekotasuna betikotzeko balio du eta Euskal Erakundeek funtzio publikoa antolatzeko eskuduntzaren aurkako eraso zuzena da, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuorde Andres Zearretak berak salatu bezala. Areago, Espainiar Gobernuari eskatu zion «Euskadirako ezarritako mugak atzera bota ditzala berehala» eta «euskal administrazio publiko desberdinek, hemendik eta gure premia espezifikoen arabera, behar ditugun plantillak finkatu ahal izatea, euskal herritarrei zerbitzu publiko egokia eta eraginkorra eskaintzeko».

Sailburuordearen salaketarekin bat gatoz. Bereziki hemen erabakitzeko eskaerarekin eta euskal herritarrei zerbitzu publiko egokia eskaintzeko tresna gisa aldarrikatzearekin.

Alabaina, Zearreta jauna, %35eko behin-behinekotasuna, urte luzez behin-behineko izan beharra, edota lan bizitza osoan zehar langile finkoek berariazko promoziorako aukerarik ez izana, ez dira krisiak sortutako fenomenoak, baizik eta erro zaharrak dituen eta Eusko Jaurlaritzak Estatuko gobernuarekin partekatzen duen erabaki politiko baten ondorioa.

Langileen %68 jubilatuko dira hurrengo 15 urteetan EAEko Administrazio Orokorrean, 3.000 langile inguru! Lanpostu horiek nola beteko ditu Jaurlaritzak?

Zabaldu berri dituen lan poltsen bidez, ehunka euskal gazte behin-behinekotasunera kondenatuz berriz ere? Beteko ditu sikiera lanpostu horiek guztiak, ala amortizazioak gauzatzeko asmorik badu? Zer gertatuko da «gazte-gazte» Jaurlaritzaren zerbitzura lanean sartu ziren eta oraindik ere behin-behineko egoeran dauden langile guztiokin? Zer aurreikuspen dauka Jaurlaritzak, urte luzez «behin-behinekotasunean» bizitzera zigortu dituen 2.000 langile horiekiko? Langileak ustiatzen dituzten enpresak azpikontratatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.