Euskadi eta heriotza duina

2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

Azaroaren 2an, duela bi aste beraz, Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna ospatu da. Horren harira, gai honetan Euskadiko egoera nola ikusten dudan adierazi nahi dut, idatzi honen bidez.

 

Jakin badakigu heriotzaren gaia ez dela gustukoa pertsona askorentzat, heriotza bera gertatzea saihetsezina bada ere, eta, bizitzarekin gertatzen den bezala, modu onak eta txarrak gertatzeko egon. Horregatik, agian, heriotzari buruz hitz egin beharrean, heriotza duinari buruz hitz egin beharko genuke. Zer da heriotza duina? Istripuz, eraginda edota bat-batean gertatzen dena kenduta, norberak aukeratzen duena da, hots, nola, non eta noren ondoan hil nahi dugun erabakitzeko aukera izatea da.

Hala erlijio gehienek nola alderdi politiko eskuindar eta faxista batzuek uko egiten diote gure heriotzaren jabe izateko aukerari. Nik, berriz, geure buruaren jabe izan gabe askeak ez garela eta duintasuna galtzen dugula defenditzen dut, eta, ondorioz, duintasuna nahiz askatasuna izateko, gure bizitza eta heriotza gure esku egoteari nahitaezko deritzot. Eskuindarrek bizitzea betebehar bihurtu nahi dute, baina demokratok, besteak errespetatzen ditugunok, eskubidea dela azpimarratzen dugu.

Hiritarrok eskubideak ditugu, baina eskubide horiek hutsean geratzen dira baldin eta haietaz ezer ez badakigu. Eskubide horien artean, gure osasunarekin eta hiltzearekin lotutako batzuk badira. Heriotzaren kasuan, Euskadin, hiltze prozesuan ditugun eskubideak eta duintasuna bermatzen dituen 11/2016 Legea, Eutanasiaren Legea eta aurretiazko borondateak arautzen dituen 7/2002 Legea ditugu.

Esan bezala, lege horiek guztiek biltzen dituzten eskubideak ezagutzea nahitaezkoa da heriotza prozesua gure esku izateko. Nor eman behar die herritarrei horren guztiaren berri haiek libreki aukera dezaten? Eutanasia legeak berak ezartzen dut informazioa, prestakuntza eta edukien hedapena Eusko Jaurlaritzari dagozkiola.

Zoritxarrez, denbora pasatu ahala, itxura baino ez da izan Jaurlaritzak gai hauetan izandako jarrera, zeren eta lehen eutanasia Euskadin burutu zen arren, geroago gizartean eman den informazioa nahiz profesionalei eskainitako prestakuntza oso eskasak izan dira, eta berdin esan daiteke Aurretiazko Borondateen Agiriari dagokionez, hala nola eskubide horiek gauzatzeko behar diren baliabideei buruz ere.

Ondorioak datuetan ederki islatzen dira: Euskadin egindako eutanasiak, hildakoen %0,11 izan dira; Belgikan eta Herbehereetan, gutxi gorabehera, %4 izan dira. Eta Aurretiazko Borondateen Agiriak (ABA) egiteari dagokionez, ez dira %2ra ailegatzen. Datu hauek Jaurlaritzaren ardura eskasa frogatzen dute, eta, hiritar askorentzat sufrimendua suposatzen duen kontuan izanda, ABA dela geure buruaren jabe izan ezean hiltzeari dagokionez gure nahia bete ahal izateko bide bakarra.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrean dauden alderdi guztiei exijitzen diet har ditzatela aipatu gabezia horiek gainditzeko behar diren neurriak, muga asko dituen legeak berak ere hori bera exijitzen duelako; eta hiritarrak beren eskubideen alde borrokatzera animatzen ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.