Eusebio Erkiaga euskaltzain & herri-gizon

2012ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Eusebio Erkiagaren mendeurren honetan, neure ezagupide pertsonal eta lankidetza azaltzea dagokit. Bere balio literarioak eta beste ezagutzera emango dira, nik baino trebetasun handiagorekin, Deustuko unibertsitatean, Literatur batzorde akademikoak egingo duen jardunaldian.

Alde batetik, Luis Villasante euskaltzainburu eta bere adiskide zenak, argi utzi zuen Euskera agerkari akademikoan, bere hilberri-txostena —«Eusebio Erkiaga Alastra (1912-1993)»— Euskaltzaindian aurreko urtean hiltzen diren omenezko ekitaldian irakurri zuenean. Han agertzen da, nola, 1952an, izendatu zuten euskaltzain urgazle eta, 1963an, euskaltzain oso. Baita ere, bere literatura lan oparoa, nobelagintzan, poesian, itzulpengintzan, kazetaritzan —gerra denboran Eguna egunkarian aritu zen, batez ere, baita gero ere—eta bestetan. Horiek zehatzago garatuko dira Deustuan.

1966an, hizkuntz erakunde nagusiaren zuzendaritza berriztatu zenean, Eusebio Erkiagak hartu zuen diruzaintzaren ardura, buru D. Manuel Lekuona, buruorde Jean Harischelhar eta Juan San Martin idazkariarekin batera, gobernamendu laukote historiko bat osatuz. Argi dakusat, Euskaltzaindiaz Hizkuntza Akademia baten Historia Iasmina Gorroño historia lizentziadunaren lankidetzaz egiten ari naizen lanean, gerra osteko Akademian, lehendabizikoz jartzen dela zuzendaritza kolegiatu bat, era horretan osatua.

Eta diruzaintza hori, trebeki eraman zuen 1982 arte, hamabost urte, beraz. Urte zailetan, erakundea ia diru babesik gabe zegoen urteetan, ez zen lan erraza. 1969ko urtarrilean idazkariorde izendatu nindutenean, hurrengo hilabetetik hasi nituen harremanak berarekin. Hiru lagun bakarrik lanean Euskaltzaindian, bi Bilbon eta bat Donostian, baldintza laboralik eskasenean, ez izatekotaz, ez eta segurantza sozialik ere ez genuen. Halandaze, Eusebioren aholku eta babesa ez zitzaigun falta. Oso gizon abegikorra zen, baina era berean, formazioz perito mercantil zenez, kontularitzan trebatua. Idazkariordetzaren lanetan ez zuen eskurik sartzen, hori bai, kontulari ziurra, dena begiratzen zuen, guztia punteatzen. Desadostasunik eta okerren bat ikusiz gero, adierazi egiten zuen eta, gero, bat ere arazorik gabe, modurik abegikorrenean, oniritzia eman, lehendabizi Zuzendaritzara eramateko eta, ondoren, beharrezko zen guztian, osoko bilkurara. Begirale zehatza, baina, aginte liberalekoa, era berean. Oso oroimen ona dut urte Eusebioz.

1973an egin zuen Euskaltzaindian bere sarrera hitzaldia, izendatu eta hamar urtera. Ipar Euskal Herrian, izendatu eta hilabete batzuetara egiten bazen ere, diktadura garaian, Hegoaldean, bereziki Bizkai-Gipuzkoetan, arrazoi desberdinengatik, egoera politiko eta beste, asko atzeratzen zen. Sarrera hitzaldi hori bere jaioterriko udaletxe ederrean izan zen, gaia, «Eusebio Maria Azkue, gizon eta idazle», hots, Resurrección Maria Azkueren aitari buruz, zein izan zen itsas kapitain, nautika irakasle, poeta eta idazle. Ospakizun hori antolatzea tokatu zitzaidan, nire lan arduraren arabera eta, benetan, ekitaldi akademikoan lan sakona irakurri zuela Erkiagak.

1988an, Lekeitioko udalaren omenaldia jaso zuen eta, baita ere, Eusebio Erkiaga kalea ere izendatu, oker ez banago, bera jaio zenari, hain zuzen. 1992an, Bizkaiko Foru Aldundiak merezitako omenaldia eskaini zion.

1993ko maiatzaren 26an, oso gaixorik izanik, Zuzendaritza osoa, J. Haritschelhar, J. M. Lekuona, H. Knörr, J. A. Arana eta bostok joan ginen bere etxera bisitatzera eta euskaltzainburuak instituzio akademikoaren domina eman zion. Baina, nahiz eta oso ahul izan, umore puntu bat gorde zuen. Argal-argal zegoen, hainbesterainoko ze, bere etxeko salan eseri ginenean zigun: «Nik ezin dut eseri ipurdirik ez daukadalako». Handik bost egunera hil zen.

Mendeurren honetan, lekeitiar euskaltzale, abertzale eta euskaltzainaren ohoretan lekukotasun honen berri ematea nahi izan dut. Euskalgintza eremukook zor diogu horrenbeste Eusebio Erkiagari. Azken baten, ene ustez, herri-gizon ez da bakarrik politikan nabarmendua, baizik eta herri-zerbitzuan kulturgintzan, batez ere diktadura tunel ilunean, gailendu ziren euskaltzaleak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.