Santiago Alba Rico.

Europaren erradikalizazioa

2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hiru oharpen labur eta, nolabait, hutsal eginarazi dizkigu Nizako atentatuak, serie amaigabe bateko hamaikagarrenak.

Lehena da EI jabetu dela munduko indarkeria guztiaz. Frogatu ez baldin bada ere loturarik zutenik atentatu egileak eta jihadismo frantses edo nazioartekoak, badirudi mundu guztiko eraileek —behintzat, deitura arabiarra dutenek— Daexen errekrutatu dutela beren burua eta munduko gobernu guztiek —behintzat, Mendebaldekoek— ziurtzat jotzen dutela islamismo erradikala dela krimen guztien eta sarraski guztien iturburua. Autorradikalizazio espres deritzon tesiaren bidez, edozein erokeria sar daiteke interpretazio orokorreko eskema batean, zeinak, egiaz, gertaberritu eta sendotu egiten baitu jihadismoa. Parte guztiek lan egiten dute Estatu Islamikoarentzat: erradikalek, beren izenean jardunez, eta gobernuek, beren ekintza kriminalak haiei egotziz —batzuetan, ebidentzia guztien kontra—. Polarizazio teologiko halakoak —mugarik gabeko gerra batek, gaizki homogeneo baten eta bere burua gaizkiaren aldean bakarrik ezagutzen duen ongi baten artekoak— gero eta sare zabalago bat ehuntzen du, zeinean, mendekotasun mediatikoaren bidez, potlach edo kirol errekorraren logika ezartzen baita: sarraski berri bakoitzak balio gehigarriren bat erantsi behar dio, ikusgarri izan dadin eta, era berean, erantzun handiago bat eragin dezan. Gero eta jende gehiago hil behar da, eta inolako bereizkeriarik egin gabe; eta gero eta modu erradikalagoan erantzun behar zaio kontrako erradikaltasunari. Batekoa zein bestekoa, dena da propaganda. Baina propaganda halakoak benetako hilak behar ditu, benetako bonbardaketak eta benetako legeak, demokrazia eta zuzenbide estatua ahuldu daitezen. Eta Estatu Islamikoa, armiarma sare itzelezko halakoaren erdi-erdian, eskuak igurtzika eta poz-pozik. Pelikuletako Fumanchu zaharrak berak ere ez zuen izan publizista eraginkorragorik eta atsegin-emaileagorik.

Bigarren oharpenak erradikaltasunarekin du zerikusia. Gogora dezagun, berriro ere, Nizan izandako biktima musulman andana; gogora dezagun musulmanak direla Daexek mundu osoan eragin dituen biktimarik gehienak. Gogora dezagun halaxe direla haren kontra borrokatzen diren gehienak ere. Gogora dezagun, Ramzy Baroud-ek aspergabe dioenez, islam periferikoaren fenomeno bat dela Estatu Islamikoa; eta Frantzian baldin badu Europako jarduerarik handieneko guneetako bat, hala dela herrialde hartan ez delako amaitu oraindik Aljeriako gerra, kultura, ekonomia eta gizarte aldetik.

Gogora dezagun, halaber, Adenauer Institutuak egin berri duen inkesta batean erakutsia geratu denez, Afrika iparraldeko biztanleek berebiziko garrantzia ematen diotela erlijioari eta, aldi berean, EIren kontra daudela erabat. Datu horiek berdin balio dute Europako musulmanentzat ere. Olivier Roy-k behin eta berriro esan ohi duenez —gaiotan dagoen aditurik entzutetsuenetako bat da—, ez dago ezein komunitate musulmanik: erradikal belgikarrak edo frantsesak beren nagusien islamarekiko barne hausturatik sortuak dira, eta, nahi baldin bada, islamismoaren kontrako erradikalizaziotik, haien familiek berek salatu bezala. Islamak, beste edozein erlijioren moduan, desradikalizatu egiten ditu bere fededunak; beraz, horiek erradikalizatzeko desislamizatu egin behar dira. Raphael Liogier-i deigarri begitantzen zaio paradoxa halakoa, islamik gabeko islamismo baten aurrez aurre jartzen baikaitu. EIk eta gobernuek egin hitzarmen isilbidezkoak —Estatu Islamikoan edonolako indarkeria desegiteko eta haren indarkeria islamaren erroarekin batzeko—, hain zuzen, Europako gutxiengo musulman guztietara hedarazten du susmoa, eta bere egiten du komunitate negatibo bat, nazioaren osotasunetik bereizia. EIren alde jokatzen ari da islamofobia, eta demokraziaren eta zuzenbide estatuaren kontra.

Hirugarren oharpena, berriz, aurrekotik eratorria da: terrorismoaren kontrako gerrak, halako baldintzetan, porrot egitera kondenatua egoteaz gain, objektiboki lagundu egiten dio terrorismo fenomenoari eta otso bakartien ernalketari. 2001etik, eta I-11z geroztik, AEBek eta EBk —baina baita Errusiak ere, jihadismoen ongarri bikaina izaki— hutsegite berberak egin dituzte, eta emaitza berberak lortu: esku hartzeak, bonbardaketak, eta diktadurak babestea; horien ondorioz etorri zen, harrigarriro, Udaberri Arabiarra, zeina halako politiken eta Al-Qaedaren erantzun erradikal jihadistaren kontra baitzegoen aldi berean. Iraultzek porrot egin zutelarik eta politika neokolonial berberak berrezarri zirelarik, EI agertu zen, modurik naturalenean, Bin Ladenen aldaeraren adierazpide postmoderno goren gisa. Gainerakoa Europaren ahultasunak egin zuen, bere eskuina erradikalizatuta. Berehalako segurtasun estrategiez harago —poliziak koordinatzea eta finantzaketa iturriak drainatzea—, apurtu nahi baldin badugu kirol errekorraren eta gaizkiaren publizitatearen logika, eten nahi baldin badugu erradikalizazio espresa eta atentatuen gorakada, nahitaez aintzat hartu behar ditugu demokrazia eta giza eskubideak. Horrek berekin dakar, batetik, kanpoaldean, diktadura guztiak arbuiatzea —Saudi Arabiatik Siria eta Egiptora bitartekoak— eta sektarizazioa bazkatzeari uztea esku hartze neokolonialen bidez: tokian tokiko herriek bakarrik garaitu ahal izango dute EI, eta demokrazia proiektu komun batekin konprometituak sentitzen badira bakarrik. Bestetik, barnealdean, demokrazia handiagoz eta zuzenbide estatu erabatekoagoz borrokatzea islamofobia, gogoan izanik Europako gutxiengo musulmanak berak daudela babes premian, eta horien inguruko erradikalizazio xenofoboak, EIri bazka eman ez ezik, diktadura arabiar potentzial bihurtzen dituela Europako erregimenak. Horrexek kezkatu beharko gintuzke: gure geure erradikaltasunak eta gure noraez autoritarioak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.