Joxerramon Bengoetxea.

Europar Hauteskundeen aurrean: hiru gako

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Europar parlamenturako hauteskundeetara deitu ordez, europar hauteskundeetara deitzea proposatzen zaigu Europar Batasunetik, komunikazio politikari eutsiz. Europan egiten diren hauteskunde guztiak, udaletakoak eta estatuetako zein eskualdeetako parlamentuetakoak, eta baita estatuetako buruzagitzarako presidentetzarako hauteskundeak ere, denak dira europarrak. Baina oraingo honetan, maiatzaren 26an mikro eta makro hauteskundeak ospatuko ditugu Euskal Herriko Hegoaldean. Makroan, europar parlamenturako, estatukide guztiek, maiatzaren 23tik eta 26ra bitartean. Lehenengoak Erresuma Batuan, ostegunean. Brexit-a gauzatu ez denez, batasuneko hiritar gisa bozkatuko dute britaniarrek, llanitoek eta ipar irlandarrek. Gero, brexit-a gauzatzen denean, gauzatzen bada, aukeratutako 73 europarlamentariek alde egin beharko dute, baina bitartean Europar Batasuna (des)eraikitzen jardungo dira, gainontzeko eurodiputatuekin batera. Ospatu berri dituzten Ingalaterrako udal hauteskundeetan, bi alderdi nagusiak —toriak eta laboristak— jipoituak atera dira, eta UKIP ez da hain garaile izan, zorionez. Ikusteko dago brexit alderdiak zein emaitza lortuko dituen 23an. Hego Euskal Herrian, europar parlamenturako hauteskundeekin batera, mikroan, gure «parlamentuak» —Nafarroan eta Lurralde Historikoetako Batzar Orokorrak— eta gure udal gobernuak osatzeko hauteskundeak ditugu. Hauteskunde guztiak dira garrantzitsuak, baina badira arrazoi bereziak oraingo «europarrak» hil ala bizikotzat jotzeko. Brexit-aaipatu dugu, baina asko dago jokoan.

Hiru gako ikusten ditut nik oraingoan: demokrazia bera, jasangarritasuna eta bakea. Hirurak sendotu daitezke europar parlamentu berrian botoek populismoak baztertzen badituzte. Demokrazia arriskuan dagoela esateak alarmismo kutsua izan dezake, eta ñabardura batzuk eskatzen ditu. Hasteko, Europar Batasuna «demokrazia» bitxia da. Aspaldian mintzatu gara demokrazia defizit batez. Baina 1979. urtetik europar parlamentua zuzenean hiritarrek hautatua da, eta, orduz geroztik, botereak lortzen joan da, estatuetako gobernuak ordezkatzen dituen Kontseiluarekin batera legegile-kidea bilakatu arte. Horrek esan nahi du hiritarrok zuzenean europar autogobernuan dihardugula. Askotan, Amerikako Estatu Batuak demokraziaren eredu gisa jotzen dira, baina ez dezagun ahatz hango presidentea ez dutela hiritarrek «zuzenean» hautatzen, mandatarien kolegioak hautatzen du, eta oraingo presidenteak ehunka mila boto gutxiago eskuratu zituen. Europan hiritarrok zuzenean aukeratzen dugu parlamentua, eta horrek aukeratuko du presidentea spitzenkandidaten (hautagai liderren) artean. Hori demokrazia hauspoa da. Baina, gure Europar Batasunean, demokrazia kolokan jar dezaketen jarrera populistak azaldu dira. Visegrad taldeko kideak, Italiako Lega, Frantziako Lepenistak demokrazia «iliberala» aldarrikatzen dute. (Neo)Liberalismoaren irudi txarraz baliatuz, demokrazia eta zuzenbidezko estatuari kalte egiten dioten jarrera arrazistak, xenofoboak, ultranazionalistak eta islamofoboak zabalduz. Populismoek nazioa goresten dute, eta federalismoa, «nazioartekotasuna» edo «naziogainekotasuna» arbuiatzen dituzte, horien artean Europar Batasuna arerio nagusitzat dute, diskriminazioak baztertzen dituelako.

Jasangarritasuna da munduak daukan erronkarik handiena, eta Europar Batasunak hainbat arlotan lidergoa asumitu du beste munduko potentziak agenda berriaren inguruan erakarri nahian. Klima aldaketaren aurkako borrokan oso helburu handinahiak ezarri dizkio bere buruari, energia berriztagarriak, hondakinen gutxitzea, kutsaduraren arintzea, energia fosilekiko dependentzia jaistea, eta horrek guztiak eskatzen dituen aurrerakuntza teknikoak. Arlo guztietan da aitzindari: garraioan, berriztagarrietan, materialetan, hondakinen kudeaketan, uren, hatsen eta lurren kalitatean, eta abarretan. Nekazaritza politika ere jasangarri bultzatzen ari da. Baina arlo ekologikoarekin batera jasangarritasun ekonomikoa ere bultzatzen da, aldaketa energetikoa eta ekonomia zirkularra bat datozelako. Ikerketa eta berrikuntza zientzian eta teknologian enpresetara joango da, eta arlo publikoak asko lagundu dezake horretan. Langileriaren prestakuntza ere bide beretik doa, eta, azkenean, hiri eta landa adimentsuak sortuko dira. Horrekin batera, produktibitatea handitzen joango da, eta lehiakorrago eta garbiagoak izango dira Europako produkzio sistemak, eta horrek abantaila bat eman diezaioke munduan. Sortzen den aberastasuna ondo birbanatzen bada, sistema ekonomikoa jasangarriagoa izango da. Baina beste arlo bat ere badago jasangarritasunean, eredu sozialari eustea eta berau hobetzea. Erronka sozialen artean desberdintasun ekonomiko areagotuak eta arrisku demografikoa daude. Desberdintasunak langabetuen eta behargin pobreen egoerak kezkagarriak dira. Demografian, jaiotze tasa apala, zahartze areagotua eta honek ekarriko dituen ondorioak nekez orekatu daitezke immigrazio politika ireki bat garatzen ez bada. Populisten diskurtsoa —desberdintasunak baliatuz etorkinen kontra egiteko— buruz behera jarri behar da, eta integrazio politikak, gutxieneko errentak eta kulturartekotasuna bultzatu behar dira. Horretan ere Europar Batasuna aitzindari bilakatu behar da, eredu sozialetan den gisan. Pariseko klima gailurra eta Gotemburgoko gailur soziala batera doaz.

Azkenik, ez azkena, bakea. Europar Batasunaren sorreraren narrazioa dugu. 2012. urtean Bakearen Nobel saria irabazi izanak, gainera, erantzukizun berezia ezartzen digu. Bakea ezin dugu betirako asumitu, landu egin behar da. Europar Batasunak badu bere kanpo eta defensa politika, baina hurrengo urteetan han dago erronka nagusia, estatuen defensa politika batetik, batasunaren benetako segurtasun eta defensa politika batera joateko eta hori ulertzeko modu berrian, ez bakarrik guda saihesteko, baita hondamendi ekologikoen aurrean ere segurtasuna bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.