Europako Unibertsitate Eremua: argi-itzalak

2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ikasturte honetan amaituko dituzte beren ikasketak UPV/EHUko Europako Unibertsitate Eremura egokitutako graduetako lehen promozioek. Heziketa prozesu berri hau martxan jarri genuenetik lau urte joan dira, arin joan ere, eta, oraindik goiz bada ere, nolabaiteko balorazioa egitea dagokigu.

Europako Unibertsitate Eremuaren oinarrizko helburua Europa mailan titulazio sistema malgua ezartzea zen, ulergarria eta erkagarria. Sistema berria ikasleen lan aukerak areagotzen dituena eta Europako herrialdeen artean ikasleen mugikortasuna errazten duena.

Helburu horiek lortzeko asmotan honako erabaki hauek hartu ziren: kredituen sistema komuna ezartzea; hots, Europako kreditua edo ECTS kreditua (European Credit Transfer System); irakaskuntzaren egitura aldatzea graduak eta graduondokoak ezarriz; ikasleen mugikortasuna errazteko neurriak abian jartzea, adibidez, Tituluaren Europar Gehigarria; eta ikaslea ikasketa prozesuaren agente aktiboa bihurtzen duten metodologia berriak ezartzea.

ECTS sistema Europa osoan ezarri da, eta gaur egun, edozein herrialdetako ikasleak irakasgairen bat gainditzen duenean, ECTSetan neurtzen da, eta beste unibertsitate batera joan nahi badu, hango ikasketa planekin erkatzeko aukera du. Dudarik gabe, hori ona da, eta mugikortasuna errazten du.

Era berean, esan beharra dago, dagoeneko, graduen eta graduondokoen irakaskuntza egitura Europa osoan ezarri dela. Hori ere ona da. Baina Espainiako gobernuak prozesuaren emaitzak baldintzatu dituen oinarrizko erabaki bat hartu zuen: graduak, derrigorrean, lau urtekoak izatea, eta graduondokoak, oro har, urtebetekoak. Erabaki horrek, mugikortasuna bultzatu beharrean, arazoak baino ez ditu sortzen. Frantzian, adibidez, graduek hiru urteko iraupena dute. Beraz, nola bultza daiteke mugikortasuna Frantziako unibertsitateekin? Erabaki zurrun hori ez da ona.

Orokorrean, Unibertsitateok malgutasuna behar genuen, eta prozesu honetan ez dugu izan. Zurrunegia eta askotan burokraziaz beteriko prozesua izan da. Hori ez zen helburua.

Tituluen Europar Gehigarria martxan dago jadanik, eta, horri esker, goi mailako hezkuntzaren titulazioen gardentasuna errazten da Europa osoan. Gehigarri horretan pertsona bakoitzaren ibilbide akademikoa jasotzen da; bertan, norbanakoaren ikasketen informazio bateratua, emaitzak eta lortutako gaitasun profesionalak zehazten dira. Horrekin batera, bizitzan zehar egindako ikasketa prozesuaren emaitzak jaso nahi dira.

Irakaskuntza metodologia dela eta, UPV/EHUk bere metodologia propioa, Irakaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa (IKD), garatu du gradu berrien ezarpenarekin batera. Metodologia aktiboei eta parte hartzaileei esker, esaterako, proiektuetan eta arazoetan oinarrituriko irakaskuntzan, ikasleek ikasketa prozesuari buruz duten pertzepzioa hobetzen dute, etekin gehiago ateratzen dute, autonomoagoak izaten laguntzen die, kuriositatea sustatzen dute… eta kasu askotan irakasleen arteko koordinazioa bultzatu da. Horrez gain, arreta berezia eskaintzen zaio mugikortasuna eta kooperazioa bultzatzeari. Gaur egun, gutxi gorabehera 7.500 ikasle daude praktikak (borondatezkoak edota kurrikularrak) egiten urtero gure unibertsitatean. Horretaz gain, 1.300 ikasle mugitzen dira Europako edozein herritara. Zenbaki horiek oso garrantzitsuak diren arren, oraindik hobetzen jarraitu behar dugu.

Ezagutzaren bilaketa eta eraikuntzan jarrera ekintzaileagoa dute gure ikasleek. Eta balio eta gaitasun horiek guztiak direla medio, ikasleak trebezia edo abilezia gehiago izango ditu lan merkatura sartzen denean. Gainera, urtero egiten dugun prozesu horren emaitzen ebaluazioak erakusten duen bezala, etekin, arrakasta eta ebaluazio tasak hobetzen doaz urtetik urtera.

Ikastegiek ere parte aktiboa dute prozesu honetan, eta UPV/EHUk konpromiso dokumentua sinatu du zentro bakoitzarekin. Bertan, ikastegi bakoitzak arestian aipaturiko helburuak lortzeko jarduerak eta programak zehazten ditu.

Beste alde batetik, metodologia berri honek ikasleen eta irakasleen dedikazio handia eskatzen du. Denbora partzialean ikastea zaildu egin da, eta lanean dauden ikasleek ez dute begi onez ikusten. Horri soluzioa eman nahian, denbora partzialean ikasteko aukera zabaldu dugu, eta, jakina, lanean dauden ikasleei ahalegin berezia eskatzen zaie.

Orain arte azaldutakoa zen gutxi gorabehera Bologna izeneko prozesuaren hasierako adierazpenetan aintzat hartzen zena. Baina askotan entzun genuen Bolognak unibertsitateen pribatizazioa eta merkatilizazioa ekarriko zuela, euskara desagertuko zela edo graduondokoen kostua izugarri igoko zela. Hori UPV/EHUn ez da gertatu. Bai graduetan bai graduondokoetan prezioak publikoak dira, Espainiako merkeenetakoak. Gure graduen eta graduondokoen eskaintza UPV/EHUk erabaki du kanpoko eraginik gabe. Euskara plana bete egin dugu, eta plan berri bat garatzen ari gara. Beraz, Bolognak ez zeukan horrekin zer ikusirik.

Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesu honetan argi-itzalak daudela erakutsi nahi izan dut. Europan sartu gara, trena etorri da eta hartu egin dugu. Gure unibertsitatea hobetzeko trena da, eta horretan saiatu behar dugu, irakaskuntza hobeagoa, mugikortasun handiagoa, prestakuntza handiagoa… bilatuz. Orain aldaketa horren fruitua ikustea besterik ez zaigu falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.