Europako itunei muzin egitea da legez kanpokoa

2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak, berriki adierazi du Eusko Alkartasunak ETB Nafarroan «ilegalki» ikustea ahalbidetu duela. Hitz horiekin justifikatu du iragan urtarrilean Espainiako Gobernuak EAko militanteak 45.000 euroko isunarekin zigortu izana, Iruñerrian ETB ikusteko hedagailua jarri zutelako.

Industria ministroari ahaztu egin zaio esatea, ordea, instituzioek ETBren emisioa normalizatzen ez dutelako egin behar izan dutela herritarrek halako ekimena. Espainiako eta NafarroakoGobernuen euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzearen ondorioa dela herritarrek euren kabuzjokatu behar izatea. Eta herritarrek borondatea jarri eta bidea erraztu arren, bi gobernuok ez dute erakutsi euskararekikojarrera erasokorra aldatzeko asmorik. Aitzitik, herritarren borondatea eta lana dela-eta auzitara jo dute.

Espainiako Gobernuak 1992. urtean sinatu zuen Europako Hizkuntza Gutxituen ituna eta 2001ean berretsi zuen. Ordutik hiru txosten osatu ditu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta, guztietan, hizkuntz normalizazioaren bidean hizki larriz idatzitako gomendio eta eskaerak helarazi dizkio Espainiari eta, ondorioz, baita Nafarroako Foru Erkidegoari ere, zeina hura betetzera derrigortuta baitago.

Gogora dezagun Europako Kontseilua giza eskubideak bermatzeko helburuz sortutako erakundea dela, besteak beste, herritarren hizkuntz eskubideak errespeta daitezela zihurtatzeko jaioa. Giza eskubideen gaineko nazioarteko itunak edozein estatutako konstituzioak baino garrantzitsuagoak dira, eta, zer esanik ez, edozein foru erkidegoko legeriaren gainetik daude. Gutuna ez betetzeak, beraz, nazioarteko legeriaren atal nagusi bat ez betetzea dakar, eta, ondorioz, eskubideak urratzea. Euskarari dagokionez, batzordeak ebazten du bi instituzioek Hizkuntza Gutxituen ituna urratzendutela. Beraz, Soria jauna, ilegala ez da euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak bultzatzea, baizik eta Europako Itunak ez errespetatzea. Ilegala Espainiako eta Nafarroako gobernuek bultzatutako apartheid linguistikoa da.

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak zabaldutako azkeneko txostenak argi azaltzen du: Nafarroan «gutxienez» euskara hutsezko telebista bat bermatu behar zaie herritarrei, ez herritarrek hala eskatzen dutelako, baizik eta gobernuen betebeharra delako. Are gehiago, txostenean jasotzen da euskarazko telebista pribatuentzat laguntzak handitu beharko liratekeela eta Nafarroako ikus-entzunezko batzordean euskal hedabideen ordezkaririk ez egotea aniztasunaren aurkakoa dela.

Baina, PPk eta UPNk entzungor egiten diote justiziari haren ebazpenak gogoko ez dituztenean, gure egoera sozioekonomikoa estutzeko ez bada, ez dituzte Europako gomendioak jarraitzen. Aitzitik, inposizio antidemokratikoen bidea hartzen dute. Interes alderdikoiei erantzuten dieten neurri eta jokabideak bultzatu eta babesten dituzte; milaka herritarren eskakizunen gainetik, Nafarroako Parlamentuaren gainetik, Europako Batzordeko txostenen gainetik eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia biren gainetik. Soria jauna eta Barcina anderea, Euskararen aurkako obsesioa arteko legeen, parlamentuaren eta giza eskubideen gainetik pasatzea da ilegala.

Nafarren hizkuntz aniztasuna ez errespetatzea da ilegala. PPko eta UPNko gobernuek ez dituzte errespetatzen Euskal Herriko aniztasun politiko, sozial, kultural eta linguistikoa; ezta euskalgintzako hainbat eragileren eskariak ere. Dirudienez, bestelako irizpideak nagusitzen dira UPNren baitan, besteak beste, euskararen normalizazioaren aldeko edozein proiektu eta ekimen oztopatzea. Hori bai ilegala.

Europa osoan, Nafarroa da bere lurralde eremuko berezko hizkuntza baten aurkako legedia eta jarrera sistemikoa eraiki dituen herrialde bakarra. Ziur izan Soria jauna eta Barcina anderea nafarrek euren hizkuntza eskubideen alde, euskararen normalizazioren alde jardungo dutela aurrerantzean ere eta, hori, zilegizkoa dela erabat. Europak aitortu eta lekuko gobernuek urratutako eskubideen alde borrokatzea, zilegizkoa da. Euskaraz bizi nahi izatea zilegizkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.