Europako estatuen artean

2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Egun indarrean dagoen espainiar gobernuaren azken boladako urratsak sakon eta lasai aztertzen baditugu, duela hamarkada gutxi batzuk Europan gertatutakoa agertzen zaigu mahai gainera.

Garai haietan Eki Europako prozesuan emandakoak, Mendebaldeko Europako nazioetan eragin baikorrak izan zituzten. Lehenik, bi jarrera hautsi zituzten, bata NBEk mantendua eta bestea Helsinkiko Konferentziako Estatuek erabakitakoa.

Lehenaren hastapena autodeterminazioak Hirugarren Munduko herri kolonizatuarentzat bakarrik balio zuela esaten zuena. NBEk «ur gatzatuaren» teoria mantentzen zuen, hau da; independentziarako eskubidea izateko kolonia izan behar zuen, beraz, geografikoki metropolitik urrun egon behar zuen. Mendebaldeko Europako nazioak at utziz.

Bigarrenik 1975ean Helsinkiko Konferentziak zioen, Mundu osoko ordenua mantentzeko, ezinbestekoa zela Europako mugak bere horretan geratzea.

Baina Eki Europako gertakariak, erabat hautsi zituzten bi hastapen hauek. Beraz, badira arrazoi objektiboak Mendebaldeko Europako gutxiengoen aldarrikapen nazionalen aldeko jarrera ontzat hartzeko.

Orain artekoak egiak badira, eta horrela dira, ez da gezurra politikan estolda sistema oso zabala eta zikina dela. Honek argitzen digu politikan betidanik, eskubide aitortza eta gauzatzearen arteko tartea oso zabala izan daitekeela, eta horrela da.

Europatik datozen esperientziatik abiatuta, eta —Bruselan indar orekarik ez dagoenez— ez dut uste hemengo egoera aldatzeko, laguntza askorik etorriko denik. Dena hemen dugu; arazoa, errepresioa, borroka, etsaia eta gu, denak aurrez aurre. Bai hemen bai Madrilen, batzuei hortzak erakutsiz, besteak gureganatuz. Ez dugu beste biderik.

Baina ez da dena zelaia izango, badakigu, Madrilen eta Madrilekin bat egiten dutenek, euskal nazionalismo iraultzailearekin daramaten konfrontazio politikoa indartuz, —bere burua agintean ikusi nahian—, bide horretan sakontzeko behar adina indar metatzen dabiltzala.

Ez da harritzekoa, aurrez aurre, etsai diren indarrak negoziatu nahi dutenean, indar harremanen egoerak baldintzatzen du negoziazioaren oinarria eta edukia. Termino hauetan ikusiz, bata irabazten ari denean, bestea galdua sentitzen da, eta errenditzeko kondizioak negoziatzen dira. Errendizioetan, printzipioak garaitutzat jotzen dituzte, eta galtzaileen kondizio pertsonalak besterik ez dira negoziatzen. Ez da hori — asko kostata bada ere— lortu dugun egoera.

Irtenbiderik ikusten ez den egoeretan, eta guk bakea nahi dugula agertzen dugunean, besteak — adibidez, Mariano Rajoy eta bere gobernua—, gero eta gogorragoko jarreretan amiltzen dira, arrazoibide guztietatik at, «agian» bere ahuldade politikoaren gatibu.

Bidea lantzen jarraitu beharra dago, ezin dugu besteen eskuetan utzi gero eta okerrago dauden euskaldunen sufrimenduen kudeaketa. Gosea, osasuna, langabezia eta hezkuntzari neurriko erantzuna eman beharrean gaude, baino baita espetxean ditugun presoari ere. Nire ustez bada garaia, mahai gainean jarri beharra dago, ez baikaude gauden bezala kasualitatez. ETAk badu bere historia luzea, eta nahi hala ez, azken mende erdian, Euskal Herria aske izan dadin ahaleginen protagonista nagusia izan da. Baina hori horrela izanik, ez du esan nahi, lehenago edo beranduago, ETAren ondare historikoa leihotik kanpora bota litekeenik. Ez baita horrela gertatuko.

Aurrera begira, eta inor engainatzeko asmorik gabe, gauza asko dira kontuan hartzekoak eta zoritxarrez, gehienak norbaitzuk uste baino gogorragoak. Askoz gogorragoak eta gogorrenetarikoa, gizarte espainiarrean komunikabideak eta politikariak urte luzeetanereindako ideiak eta irainaren inertzia luzea.

Gaur egun erbestean, espetxeetan edo klandestinitatean daudenak, —ETAko kideak hala ez— guztiz legalki beharko dira izan, beraiek aukeratutako lurraldean. Baita alderdi abertzaleetan, administrazioan, baita hautetsien artean ere, kargu publikoak jabetzeko inongo oztoporik gabe.

Horretarako borondate politikoaz gain, adimen sendoa ere beharrezkoa izango da, batez ere, gauzak aurrera doazen neurrian eta aipatutako guztien etxeratzearen susmoa gizarteratzen denean, tentsio sakonak sortuko baitira.

Ustez «hor bertan» gaude, baina ez hainbeste. Hamarkadak doaz bat bestearen ondotik, eta nahiz eguneroko politikan hainbat «adituei» esaldi politak entzun, sakoneko politikak, negoziaketa du helburu. Bai batzuen bai besteen aldetik.

Egiteke dagoen historiak, ezin du norabide lema politikari hauen zabarkerian gatibu mantendu. Abian dugun sistema honen dinamika politikoak, sufrimendua, lana, denbora, dirua, jakinduria eta ilusioa, neurririk gabe galdu arazten gaitu. Baina gezurra dirudi arren, hori da bere tresnarik emankorrena. Horregatik aldaketaren beharra aldarrikatzen den une oro, sutan ditugu borrokatzeko prest ezer aldatu ez dadin.

Hain txepelak ez dira, ez batzuk ez besteak, ez espainiarrak ezta «dibortziorik» nahi ez dutenak ere, euskal nazionalismo iraultzailea menderatzeko, errepresio-autonomia binomioak porrot egin duela badakite. Hor bere mina.

Guztiok, Francok duela 75 urte armak erabiliz lortutakoa, defendatzen dute gaur. «Egokitze» hau da, demokraziari egiten dioten iruzur nagusia.

Ongi aski dakite errepresio-erresistentziaren arteko dialektikak urte askotan iraun zezakeela. Baina hala ere ez dute aldaketarik nahi, batez ere orain arte bezala, «sistemak» mahai gainekoak eta ez «erortzen direnak» jateko aukera bermatzen diotenean.

Gero eta gehiago gara, baina ez gara berriak. Lehen ere, poliki-poliki, lana eta sufrimendu askoren emaitzaz, atarian egonak gara. Badakigu, indarraren jokoa da. Horregatik, indarra, gehiengoen indarra behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.