Joan zen ostegunean, Europako Banku Zentralak (EBZ) aurretik Bankuaren beraren, Europar Batasunaren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren aldetik bere kontuen interbentzioa eskatu duten gobernuen zor publikoa erostea erabaki zuen. Erosketa horrek «baldintza zorrotzak» izango ditu betiere. EBZk behar den diru guztia, mugarik gabe, bideratuko du zor merkatura (burtsa modukora) erosketa hori egiteko, horrela herrialde horien arrisku prima murrizteko. EBZk onetsi duena albiste ona balitz bezala saldu zaigu.
EBZren erabakiaren aurka dago ELA. Beste zergati batzuk ere aipa daitezke, baina bi arrazoitara mugatuko gara:
1.- Finantza erakundeak izango dira onurak lortuko dituzten ia bakarrak, beraiek baitira zor publikoa eskuratu dutenak. EBZk ez die zor publikoa gobernuei erosiko, finantza erakundeek zorraren merkatuan galera txikiak izatea eragingo du, erosi zituzten tituluek ez dutela baliorik galduko bermatuz. Hau da, EBZk onetsitako neurriak ez die euro bakar bat ere ekarriko gobernuei (gobernuari egindako mailegua ere ez dira). Rajoyren gobernuak finantza erakundeei merkatuko prezioaren gainetik higiezinak erosiz banketxe txarra izenekoarekin egin behar duenaren antzeko zerbait da. Horregatik esan daiteke onetsitakoak zor publikoaren banku txarra bilakatzen duela EBZ, finantza erakundeen galerak sozializatuz.
2.- Baldintza berriak ezarriko zaizkie gobernuei. Oso larria da gobernuek, ezeren truke, baldintza berriak, EBZko presidenteak berak oso baldintza zorrotz gisa definiturikoak, onartu behar izana. Baldintza horiek, aurretik, jada adostutako funts europarretara joatea eskatu duten gobernuei aplikatuko zaizkie (funts horietara, interesekin itzuli behar dituzten maileguak eskatzera joango dira). Onetsitako araudian, funts horiek baldintzak bete beharko dituztela jasotzen da argi eta garbi.
Europako jarduketaren eskemaren helburua (funts europarrena zein ostegunean onetsitako EBZrena) kapitalari, finantza erakundeei edo funts hartzekodunei errentagarritasuna bermatzea da. Horretarako behar adina diru dago (100.000 milioi euro Bankarentzat espainiar estatuan, mugarik gabeko kantitateak EBZren aldetik…). Esaten dutenez, horrela murriztu egingo dira gobernuek bere zorraren ordez ordaindu behar duten interesa. Egia izan daiteke parte batean, baina ez dago hain argi, 2012. urtean espainiar estatuan gertaturikoa ikusita, eta, horrela balitz ere, horrek ez du justifikatzen Europako Banku Zentralak zor publikoa zuzenean ez erostea, benetako interes baxuan, eta aldi berean banketxe pribatuei bilioi bat euro %1eko interesean ematea.
Horren ordez, mota guztietako murrizketak aplikatzen eta eskatzen dira lan eta gizarte alorreko eskubideen gainean. Biztanleen pobretzea ikaragarria da. Nahikoa da gogoratzea espainiar estatuan onetsitako neurriak (lan eta negoziazio kolektibo erreformak, osasunean eta hezkuntzan egindako murrizketak, sektore publikoko soldatetan eta langileengan egindakoak, langabezia sariak, BEZaren eta argiaren eta gasaren igoerak, eta iragarri berri den pentsioen erreforma berria), duela denbora gutxi Portugalen onetsitakoak (soldaten jaitsiera orokorra, 7 puntuko igoera ezarriz langileek egin beharreko gizarte segurantzaren ordainketan) eta troikak Grezian iragarritakoak (sei laneguneko astea, kaleratzeen merkatzea, lan malgutasuna, langabezia sarien murrizketa…).
Une honetan indarrean dagoena, eta datorkiguna, oso gogorra da. Eta ez du amaierako punturik. Interbentzio eta murrizketa prozesu zorrotz horien hasieran indarrean jartzen diren baldintzen ondoren beste batzuk etorriko dira, aipatu ditugun Portugaleko eta Greziako kasuetan ikusi denez. Gizarte amildegia sakondu egingo da.
Amaiera eman behar zaio bidegabekeria horri. Ezinbestekoa da aplikatzen diren politikak goitik behera aldatzea. Hori izango da egungo krisi egoeratik modu zuzenean irteteko era bakarra. Hala ere, argi eta garbi dago gobernuan daudenak (hemen eta Europar Batasuneko beste leku batzuetan) ez daudela horren alde. Alderantziz, gizartearen aurkako politikak gero eta indartsuagoak dira, eta horrek oso ondorio larriak ditu.
Horren aurrean dugun aukera bakarra gizarte mobilizazioa da. Aplikatzen ari diren politikak aldatzea lortzeko modu bakarra mobilizazio indartsua da. Egungo ereduaren aurka gauden erakunde sindikalek eta sozialek irailaren 26rako Hego Euskal Herrian deitu dugun greba orokorra aukera bikaina da mundu guztiak egungo politiken aurkako jarrera erakuts dezan eta politika horien goitik beherako aldaketa eska dezan. Bide gogorra da, baina ezinbestean egin beharreko bidea da.
Europako Banku Zentrala, hiritarren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu