Europak bere herritarrak isilarazi ditu

2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Georgios Papandreu greziar lehen ministroaren erreferendum proposamena greziar herriak bere «murrizketa» plana (eta ez «austeritate» plana) onar zezan, azkenean, efektu kolpea baino ez da izan. Papandreuk herritarrak garrantzi handiko gaiei buruz galdetuak izateko eskubide zilegia modu guztiz partidistan erabili du.

Gainera, erreferendumaren moduko erremintaren errekurtsoa, greziar herritarrak euren herriaren etorkizunaren gainean benetan kontsultatu nahi baziren, lehen neurriak aplikatzen hasi zirenean egin behar zuten, orain dela urte eta erdi baino gehiago.

Hala ere, greziar lehen ministroaren proposamenak eragin duen eztabaidarekin Europar Batasunean nagusi den kultura demokratiko eskasa agerian gelditu da berriro, bai bere instituzioetan eta gobernuetan, baita Nazioarteko Diru Funtsean eta Munduko Bankuan. Den-denak urduritu egin dira erreferendum hitza entzutean.

Hedabide handietan egunero behin eta berriro errepikatzen da Europa demokraziaren sorlekua dela eta europar herritarrek, munduko beste herri batzuetan ez bezala, beraien etorkizuna arlo politiko, sozial eta ekonomikoan demokratikoki erabaki dezaketela. Kapitalismoaren oraingo krisiak erakutsi du, beste gauza batzuen artean, baieztapen hori faltsua dela.

Alde batetik, ikusten ari gara zelakoak diren bankuak, kapital transnazional handia eta NDF eta BMren moduko osaera ez oso demokratikoa daukaten erakundeak, gobernuen politika sozial eta ekonomikoak ezartzen dituztenak. Horretarako, Sarkozy eta Merkel dira euren morroiak, eta EBko herrialdeen agintariek agindutakoa protestatu barik betetzen dute, seguru aski, horietako askok euren karrera politikoa amaitzean bankuen eta enpresen administrazio kontseiluen komisio itzelak kobratuko dituzten esperantza dutelako. Espainiar estatua praktika horren adibide argia da, «ate birakari» deitzen diotena, res publica-ren kudeaketatik enpresa pribatuaren kontseilu administratiboen zuzendaritzara salto egitean datzana: Felipe González (Gas Natural), Aznar (Endesa), Pedro Solbes (Barclays, Enel), Piqué (Vueling), Narcís Serra (Caixa Catalunya), Josu Jon Imaz (Petronor) eta Acebes horren guztiaren adibide esanguratsuak baino ez dira.

Horrez gain, Greziako balizko erreferendumak sortutako debatea eta Europar Batasuneko beste agintariek Papandreuri egindako errieta herri kontsultaren errekurtsoa insinuatzeagatik, agerian utzi du beste behin ere Kapitalaren eta Estatuen Europaren eraikitzaileek herriaren iritziari dioten beldurra, berau modu zuzenean formulatzen denean. Hori ez da ezer berria EBn. Hona hemen hainbat adibide:

2005ean, frantziarrak eta holandarrak erreferendum bidez galdetuak izan ziren, eta Europar Konstituzioa (2004koa) onartzearen aurka agertu ziren. Errefusatze horren ondorioz, aurreikusitako beste erreferendumak bertan behera gelditu ziren, eta europar agintariek testu berri bat idatzi zuten: Lisboako Ituna (2007).

Lisboako Itunaren kasuan, aurreko «akatsetatik» ikasi ondoren, herrialde guztiek saihestu zuten herritarrak zuzenean kontsultatzea, Irlandak izan ezik, bere konstituzioak derrigortzen zuelako. Bada irlandar gehienek onartzearen kontra bozkatu zuten 2008an, eta kontsulta berria antolatu behar izan zuten 2009rako, oraingoan kanpaina mediatiko gogorraren ondorioz, azkenean onartua izan zen Ituna ez onartzeak zekarren desastrearen mehatxuarekin.

Islandian, giza garapen handienetarikoa daukan herrialdeetariko bat NBEren arabera, krisi kapitalista 2008an lehertu zen. Gobernu aldaketa baten ondoren, beste neurri batzuen artean, parlamentuak Erresuma Batuko eta Herbehereetako bankuei 3.500 milioi euro itzultzea proposatu zuen. Ondorioz, Islandiar familiek hilean %5,5eko interesa 15 urtean ordaindu beharko zuten. Eztabaida sozial handia egon zen, eta horrek gobernua erreferenduma antolatzera derrigortu zuen. Herritarren %93k zorra ordaintzeari ezetz esan zioten 2009an, eta 2011ko apirilean beste erreferendum bat egin zuten, %60 atzerriko bankuei zorra pagatzearen aurka agertuz. Bistan denez, europar hedabide handiek albiste hori isilarazi zuten, eta krisiaren ondorioei Islandian aurre zelan egin dioten ere bai (bankariak espetxeratuz, lehen ministro ohia kudeaketa eskasagatik epaituz, konstituzio berria idatziz, eta abar), islandiar adibidea EBko klase popularrek alternatiba onargarritzat eduki ez zezaten.

Aurtengo ekainean, italiarrak, erreferendum bidez haiek ere, Berlusconik berrezarri nahi zuen energia nuklearraren, ura pribatizatzearen eta haren immunitate penalaren aurka agertu ziren. Berlusconi ahalegindu zen parte hartzea %50 baino txikiagoa izan zedin, horrela emaitza ez zen bete beharko, baina bere zoritxarrerako, %55ekoa izan zen. Era berean, bozkatu zutenen %95ek lehen ministroaren nahien aurka bozkatu zuten.

Adibide horiek guztiek erakusten dute agintari europarrei demokrazia parte-hartzailea gaizki ematen zaiela, lau urtean behin bozkatzeaz eta herritarren hitza hurrengo hauteskundeetara arte bahitzeaz haratago doana. Ez da gauza bera hauteskunde batzuetan hainbat aukera politikoren artean aukeratzea edo gai zehatz baten gainean galdetzean «bai» ala «ez» bozkatzea.

Haiek nahi dutenean eta haiek ezarritako aukerekin baino ez dute onartzen jendearen boza. Inolako arazo barik kentzen digute hitza zuzenean interesatzen zaizkigun kontuak direnean: krisi kapitalistaren aurrean zer-nolako neurriak hartu, zer-nolako garapen eredua nahi dugun, EBko nazio zapalduetako nazioetako herritarrok, Euskal Herria kasu, estatu propioa eraiki nahi dugun, eta abar.

Inposatu nahi diguten sasidemokrazia ordezkatzailearen aurrean, beharrezkoa da demokrazia parte-hartzailearen ereduaren alde egitea, zeinean europar langileok nahi dugun gizarte eredua eta gure nazio bakoitzaren etorkizuna erabaki dezagun. Hori bermatzen ez den arte, boterea ez da herriaren esku egongo, gaur egun gertatzen den bezala, kapital handiaren, bankuen eta kasta politiko borreroen esku baizik.

Baina urduritzen hasi dira, eta hori zerbait aldatzen hasi den seinale da. Gure esku dago gure amets gozoenak haien amesgaizto bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.