Joxerramon Bengoetxea.

Europak ba al du bolada populistari eusteko gaitasunik?

2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Europako estatu askotan alderdi eskuindarren gorakada gertatzen ari da: Suedian, Finlandian, Danimarkan, Alemanian, Austrian, Italian, Portugalen, Herbehereetan, Frantzian, Grezian... baita Espainian ere. «Populisten» gorakada oso nabaria ez denean alderdi eskuindar edo «popularra» asko igotzen da; M-28ko udal eta autonomia hauteskundeen emaitzek halaxe erakutsi digute. Greziakoek ere bai. Baina, orokorrean, alderdi eskuindarrek gora egin dute eta ezkerrekoek behera, erdian kokatu nahi diren «liberalak» polarizazioari ezin eutsiz. Bolada hau Europa «mendebaldetarrean» sortu da, teorian kontsentsu demokratikoa ongi finkatuta zeukana. Ekialdeko Europa, berriz, kontraesan batean murgilduta dago, aspaldi: «demokrazia iliberala» deritzon oximorona. Hitzen gertutasunak mezu eta ideologien anbiguotasuna iradokitzen dute, alegia popularrak eta populistak. Gauza bera izango al dira? Demokrazia iliberalarekin pareka ditzakegu? Gauza bat argi dakusagu: ez populistak, ez demokrata iliberalak, baina ezta popularrak ere, «herrikoi» ez direla.

Iritzi artikuluaren formatuak ez du azalpen sakonak emateko lekurik onartzen, eta beraz ez gara hasiko derrigorrez erabili beharreko zientzia politikoen zein filosofia politikoaren kontzeptu eta fenomenoak aztertzen, hala nola globalizazioak, migrazioak, klima aldaketa, digitalizazioaren eragina (medioetan edo lanpostuetan), geopolitika, krisiak (ekonomian, finantzetan, segurtasun pribatuan, segurtasun kolektiboan, taldeko identitatean, osasunean, ingurumenean, demokrazian, eta baita rol sozial klasikoetan ere, esan nahi baita, arraza, erlijio, sexu eta generoaren ulermen tradizionalaren gainean eraikitako eredu klasikoak, liberalen cancel culture edo ezabatze kulturak kuestionatzen dituena). Ausartzen naiz igartzera egungo erronka nagusiak ezin direla ulertu nazio-mailara mugatzen den ikerketaren bitartez, ezta jakintza-arlo estuetara edo diziplina bakanetara mugatzen denaz ere. Ikertu eta aztertu ondoren ematen ditugun erantzunek ere konplexu eta sistemiko izan beharko lukete, inolaz ere ez populismoek bultzatzen dituzten erantzun nazional sinpleak, eredu tradizionaletara itzultzeko deiak, gure bizimoduak, jokabideak eta rolak ezertan aldatu behar ez direlako ziurtasun goxoa saltzen digutenak.

Hortaz, ildo nagusira itzul gaitezen. Garai batean, europar integrazioari ekin zitzaionean, popularren eta populisten arteko arrakala existentziala zegoen: alderdi demokristauek ezin zuten, inolaz ere, «sistema» demokratiko liberala deitoratzen zuten populistekin flirteatu; ezta ere alderdi sozialdemokratek «sistema» suntsitu nahi zuten boltxebikeekin. Erdian kokatzen ziren «liberalek» sistema demokratiko liberalaren ardatz bezala aurkezten zuten euren burua. Azken hauteskunde europarrek kontsentsu hori berretsi zuten. Alta, zer gertatuko da 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan? Kontentzio edo eusteko kultura politiko hura politikoki mutatzen ari al da? Oharkabean popularrak no pasarán lelotik no pasa nada lelora igaroko al dira? Alemanian bakarrik jabetu omen dira arriskuaz; zergatik ote?

Iritzia amaitzera nator. Ez daukat erantzun samurrik, ez bada lehengo kontsentsu demokratikoaren ikur nagusia gogora ekartzea, hots, Europar Batasuneko Tratatuaren 2. artikulua:

«Batasunak oinarrizko balio [sic] ditu gizakiaren duintasunaren begirunea, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako pertsonen eskubideak ere barnean direla. Estatu kide guztiek erkide dituzte balio [balore] horiek, aniztasuna, bereizkeriarik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizartearen baitan».

Balore hauek populistak eta popularrak bereizteko balio beharko ligukete, demokrazia eta «demokrazia iliberala» bereizteko. Popularrek beraiek bereizten ez badute, izan ez dakitela edo ez dutela nahi, orduan akabo europar eredu demokratiko liberala, eta popularrek populisten bolada iliberala ekarriko digute Euskadira, Espainiara eta Europara. Kasu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.