Alternatibako Mahai Internazionalista

Europa gudan

Ander Gumuzio
2025eko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteetan Ukrainaren gain irudikatzen ziren mamu guztiak errealitate bihurtu ziren 2022ko otsailaren 24an. Hiru urte bete dira gobernu errusiarrak gatazka beste fase batera eraman zuen egunetik. Ukrainaren gainean eskala handiko operazio militar bat jaurti zuenetik. Potentzia kapitalistek Ukrainan guda eginez ebatziko zituzten euren arteko tirabira inperialistak. Hiru urte hauen ostean guda honek milaka hildako, 6,7 milioi errefuxiatu eta herrialde suntsitu bat utzi ditu. Boteretsuen arteko gatazkak langile klasekook ordaintzen ditugu, eta Ukrainan esaldi hau adierazpen gorenera eraman da. Europan ere guda honek ondorioak izan ditu. Diskurtso sekuritistak areagotu dira eskubideak murriztuz, bizitza garestitu egin da eta eskuin muturra gorantz doa olatu militaristaren gainean. Donald Trumpen bigarren agintaldiarekin bake prozesua hasi da. Hau Estatu Batuen eta Errusiaren arteko negoziazioetan egingo da, Ukrainaren edota Europar Batasunaren iritziak aintzat hartu gabe. Guda honen bake prozesuak nazioarteko ordena dardarka utziko du, eta bistan da Euskal Herrian ere dardara hori nabarituko dugula. 

Ezin da ahaztu gatazka hau ez zela hasi 2022ko otsailean, 2014ko otsailean baizik, Europar Batasunak eta Estatu Batuek Euromaidanen estatu kolpea bultzatu zutenetik. 2014tik 2022ra Mendebaldeak babestutako Ukrainan oinarrizko eskubideak sistematikoki urratu dira. Ukrainar gobernuak, 2014ko maiatzean Odesako 48 langile Sindikatuen Etxean erre zituztenean, sarraskia egin zuten eskuin muturreko taldeak defendatu zituen. Gerora ezkerreko alderdiak ilegalizatu egin dituzte eta egondako gobernu desberdinek eskuin muturreko alderdien eta talde neofaxisten sustengua jaso dute. Garai honetan Ukrainan desberdintasun sozialak, miseria eta korrupzioa areagotu dira, eta Europako haurtxoen salmentaren erdigune bihurtu da haurdunaldi subrogatuaren bitartez. Bestalde, Errusiak 2014ko martxoan Krimea anexionatu eta Donetsk eta Luhanskeko errepublikak sustengatu zituen, 2022an anexionatu zituen arte. Azken hiru urte hauek gudaren fase berri bat dira, non Errusiak nazioarteko legedia urratuz Ukrainaren subiranotasuna zanpatu duen.

Mendebaldeko blokearen mugimenduak tamalgarriak izan dira azkeneko hamarkadetan. 1999tik aurrera NATO kideak gehitzen joan zen Europako ekialdean, eta 2014an pieza baliotsu bat gehitzeko aukera ikusi zuen. Hala nola Catherine Ashton EBren Nazioarteko goi-ordezkaria eta Victoria Nuland AEBen Politika Gaietarako estatu idazkariordea Maidaneko protestak hauspotzen agertu ziren Kieven. NATOk Maidaneko erregimenak Donbassen egindako krimenak babestu ditu, eta, Ukrainako Gobernuak Minskeko akordioak bete ez dituenean, ez ikusiarena egin du. 2022ko inbasioaren lehenengo asteetan Ukrainak eta Errusiak Istanbulen itxitako bake akordio bat gelditu zuten Mendebaldeko agintariek. Kieveko gobernuari euren interesak armen bitartez defendatzea ezarri zioten, negoziazioa albo batera utzita. Hiru urte geroago ikusi da Ukrainarentzat Boris Johnsonen, Joe Bidenen, Emmanuel Macronen eta Ursula von der Leyenen militarismo sutsuari jarraitzeak zer ekarri duen: milaka hildako, hondamendi humanitarioa, hamarkadatarako pobretutako ekonomia, eta lurraldearen %20 galdu duen herrialde bat.

2025 honetara etorrita, ikusi beharko da zeintzuk diren AEBen eta Errusiaren arteko akordioak guda amaitzeko. Baina gauza bat argi dago: Ukrainak eta Europar Batasunak ez dute ezer onik aterako hartatik. Eserlekua izan edo ez. Tamalez, Europako herritarrok elite inperialisten hutsak ordaindu beharko ditugu. Europako estatuen asmoa defentsan gastua areagotzea da. 2024an Europako Batasuneko Batzordeak Defentsarako Industria Estrategia Europar Berria argitaratu zuen. Honetan, Batasunaren aurrekontutik urtean 1.500 milioi euro armagintzan inbertitzea ezartzen da. Honek hiritarretan eragin zuzena izango du, armetan inbertitzen den dirua ongizate planetatik eskuratu ohi delako. Euskal Herrian bertan ere badira diru hots honek mugituta proposamen militaristak plazaratzen dituztenak, Zedarriak foroak bota dituenak bezalakoak.

Hiru urte hauek Euskal Herrian ere nabaritu izan dira. Komunikabide atlantistetatik propaganda militaristaz bonbardatu gaituzte, gure gizartea guda egoera psikologikoan murgilduz. Gudaren parte egin nahi izan gaituzte. Sareetan adierazpen askatasunaren errepresioa izan da. Bizitza garestitu ere bai, otzara betetzea zailago eginez, eta, erregaiak zein energiaren prezioa gudan justifikatuta igoz. Eskuin muturrari hegoak eman zaizkio, neonazien ideologia eta estetika dauzkaten taldeak han eta hemen babestuz. Oro har, hiru urteren ostean gudak krisian dagoen sistema kapitalista agortu baten sintomak areagotu ditu, eta zoritxarrez garai ilunagoak datozela sumatu ahal da. 

Honen aurrean, Euskal Herriak gerraren aurkako apustua behar du. Segurtasuna biolentziaren monopolioaren terminoetan eraiki beharrean, ezkerrak giza segurtasunaren alde egin behar du apustu. Biolentzia egoerak ongizate sistema zabal bat eraikiz, desberdintasunak ekidinez eta bizikidetza sustatuz prebenitzen dira. Ezaba ditzagun guretik gorroto diskurtsoak, militarismoa eta pentsamolde patriarkalak, gatazkara bideratzen baikaituzte, eta hark, hondamendira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.