Europa eta hondakinen kudeaketa hurrengo hamarkadetan

2015eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Europak, azken urteotan, garrantzi handiko neurriak iragarri ditu hondakinen kudeaketaren hobekuntzan. Zoritxarrez, Euskal Herriko hedabide gehienentzat, atez ateko bilketa zerbitzua duen Gipuzkoako herri batean klinex bat lurrean agertzeak arreta gehiago merezi du, hurrengo hamarkadetako hondakinen kudeaketa baldintzatuko duten Europa mailako neurriek baino. Artikulu honen bidez, itzal horren gainean argi pixka bat egiten ahaleginduko gara, labur bada ere, Europan hartzen ari diren erabaki horien kokapena eta gurean izango duten eragina azalduz.

2015eko uztailaren 9an egindako osoko bilkuran, Europako Parlamentuak eskaera garrantzitsuak egiten dituen txosten bat onartu zuen zero zabor bidean. Eskaera hori Europako Batzordeari zuzenduta dago. Izan ere, Europako Batzordeak urte amaierarako baliabideetan eraginkorra izango den Europa baterantz joateko neurri sorta bat aurkeztu behar baitu. Parlamentuaren ebazpenak ez dauka izaera loteslerik, baina batzordeak prestatuko duen neurri sorta ondoren parlamentuak berak onartu behar duela aintzat hartzen badugu, batzordeak oso kontuan hartzekoa da.

Parlamentuaren txosten hau ez da ezerezetik eta besterik gabe sortu den zerbait, duela urte batzuetatik hona, Europako erakunde nagusiek, Europaren etorkizuneko ekonomiak eta ingurumenak duten arrisku errealaz ohartuta, halabeharrez egindako norabide zuzenketa baten ondorioa baizik. Norabide aldaketa Europako Batzordeak 2011n Baliabideetan efizientea izango den Europa baterantz 2011-2050 izeneko bide orriarekin hasi zen. Horren ildotik etorri dira beste hainbat mozio eta txosten, artikulu honen abiapuntua dena barne.

Luze joko luke parlamentuak batzordeari egin dizkion eskaera guztiak zerrendatzeak. Mota eta arlo guztietakoak daude: tresna fiskalak, normatiboak, neurketarako eta konparaziorako bitartekoak, prebentzio eta birziklapen helburuak... Hemen gutxi batzuk nabarmenduko ditugu, baina guztiak ezagutzeko interesa duenak Interneten topa ditzake, besteak beste gure blogean: www.zerozabor.org.

Nabarmenduko genituzkeen neurrietako batzuk: 2020rako hondakin organikoaren derrigorrezko gaikako bilketa eta material birziklagarriak errausteko debekua, 2030erako hondakinen %70 eta ontzien %80 birziklatzeko xedea, errefusaren gainean sortzez besteko ordainketaren ezarpena...

Dudarik ez dago neurri horiek eragin nabarmena izango dutela etorkizuneko hondakinen sorreran eta izaeran, eta, beraz, hondakin horiek kudeatzeko beharko diren azpiegituren ezaugarrietan. Neurri horien ondorioz, hurrengo hamarkadetan geroz eta zabor edo errefus gutxiago sortuko da. Gutxitze hori, gainera, graduala izango da, ez bat-batekoa. Beraz, kopuru aldakor horretara moldatuko diren azpiegiturak eraiki beharko dira; hau da, gaur zabor nahasia tratatuko dutenak, eta bihar gaika bildutako materialak birziklatzeko balioko dutenak. Ezaugarri horretako azpiegiturei malguak deritze, ez baitaude hondakin kopuru eta mota finko bati lotuta.

Aldiz, azpiegitura zurrunek bere amortizazio bizitzan zehar zabor kopuru finkoak behar dituzte. Errauste plantak dira horren adibiderik onena. Azpiegitura garestiak dira, eta 20-30 urte bitarteko amortizazio epea daukate. Errauste plantek ez dute balio hondakinen kudeaketa egokiago baterantz joango den agertoki baterako.

Euskal Herrira etorrita, Gipuzkoa da azpiegituren eztabaida bizien dagoen lurraldea eta bidea ireki dezakeena, horretan ari den lurralde bakarra ez bada ere. Aurreko foru gobernuak eraiki nahi zuen azpiegitura malguaren eta osatu berri den gobernuak eraiki nahi duen errauste planta zurrunaren arteko eztabaida bizi-bizi dago. Horren inguruan, gobernu berriari lasaitasunez eta arduraz jokatzeko eskatzen diogu; izan ere, erabakia, errauste planta eraikitzea, azterketa egin aurretik hartu eta iragarri baitu; hau da, hurrengo urteetarako hondakin sorreraren prognosia edo aurreikuspena egin aurretik. Azken hori behar bezala egiteko, ezinbestekoa izango da Europako Batzordeak prestatu eta parlamentuak onartuko dituen behin betiko helburuak zeintzuk izango diren jakin arte itxarotea.

Bilketari dagokionez, txapela kentzeko modukoa izan da Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait udalerritan azken urteotan egin den hobekuntza. 60 udalerritik gora dira jada Europak hurrengo hamarkadetarako ezarri nahi dituen xedeak betetzen dituztenak.

Europatik datorren haize bolada freskoa aukera bikaina izan daiteke, bilketari dagokionez, guztiok polemikak eta liskarrak utzi eta interes orokorraren alde eginez malgu jokatzeko. Zehaztu dezagun arazoa, gaikako bilketa maila eskasak ingurumenean eta osasunean daukan eragin kaltegarria, finka dezagun helburua, gutxieneko gaikako bilketa maila, eta jar ditzagun martxan bilketa sistema eraginkorrak identifikatu eta haien artean hautatzeko parte hartze prozesuak. Badira lehendik eredutzat har ditzakegun prozesuak, alde guztiek adostuta; Mutrikun eta Deban egindakoak, kasurako. Horiek baliagarriak izan daitezke oraindik bilketa maila eskasa daukaten udalerrietarako, eta bilketa eraginkorra izan arren sistema aldatzeko eskaera dagoen herrietarako.

Bada garaia ohartzeko zaborraren arazoa ez dela Gipuzkoara mugatzen den zerbait. Bada garaia hondakinen kudeaketa alderdikerietarako tresna izan ez dadin. Bada garaia Euskal Herriko herri eredugarri horien lorratzari heldu eta Europak ezarriko duen bide horretan sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.